Argazkia: COP28/Christophe Viseux

JASANGARRITASUNA

COP28: kezka, aukera eta erronken bidegurutzean

Ezkortasuna nagusi goi bilerako buruak erregai fosilen eragina zalantzan jarri eta gero

Mundu mailako topaketa diplomatikorik garrantzitsuenetakoa bilakatu da Klima Aldaketari buruzko Goi Bilera. 70.000 lagun inguru espero dira abenduak 12 bitartean Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan burutzen ari den COP28 bileran. Ez da ohikoa goi mailako hitzorduak hain luzeak izatea, baina aldaketa klimatikoaren ingurukoa salbuespena da. Hamahiru egunez munduko osoko agintariak zein korporazio handien zuzendariak biltzen ditu Nazio Batuen Erakundearen bilerak. Baina gobernuak eta enpresak ez dira parte-hartzaile bakarrak; gobernuz kanpoko erakundeek ere bertara eramaten dituzte euren analisi eta aldarriak.

Negoziazio luzeen lekuko izaten da, eta luze jotzen du adostasunak lortzeak. Izan ere, adostutako erabakien eragin ekonomikoa oso handia izaten da, eta horrek negoziazioak geldotzen ditu. Testuinguru ekonomiko zein politikoak ere ez du laguntzen. Muturreko klimatologiak eta gatazka geopolitikoek baldintzatutako testuinguruan etorri da hitzordua: blokeetako banaketa geopolitikoari munduko petrolio ekoizle nagusiei zuzenean eragiten dien gatazkak gehitu behar zaizkio. Mendebaldeko aurreikuspen ekonomikoek ere, Europako ekonomia nagusien geldotze eta atzeraldiak barne, ez du baikortasunerako zirrikitu askorik uzten.

COP27, justizia klimatikoaren bilera

Egiptok antolatu zuen klimari buruzko azken goi bilera, Xarm el-Xeikh herrian. Azken unera arte buru belarri ibili ziren 200 estatu parte hartzaileek eta, kontrakoa espero bazen ere, adostasun eta partekatutako eremuen maila onargarria lortu zuten. Greenpeace erakunde ekologistak, esaterako, erregai fosilen industriak deskarbonizaziorako urratsak ematea oztopatu zutela salatu bazuen ere, justizia klimatikoaren auzia lehen lerrora eraman izana nabarmendu zuen. Hori izan zen, hain zuzen ere, Egiptoko biltzarraren lorpenik garrantzitsuena.

Goi bilerak aurrera egin ahala estatu aberatsenen eta garabidean dauden herrialdeen arteko jarrerak hurbildu ziren eta klima krisiak eragindako kalteak ordaintzeko funtsa sortzea adostu zuten. Lorpenaren tamaina ezagutzeko, baina, Dubaiko bilera bukatu arte itxaron beharko dugu, orain ezarriko direlako funtsaren oinarriak.

COP27k [...] klima krisiak eragindako kalteak ordaintzeko funtsa sortzea adostu zuten. Lorpenaren tamaina ezagutzeko, baina, Dubaiko bilera bukatu arte itxaron beharko dugu, orain ezarriko direlako funtsaren oinarriak

Hala ere, zapore gazi-gozoa utzi zuen Egiptoko biltzarrak berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisorik ez zutelako adostu. Erregai fosilen industriak eta haren inguruko eragileek presio handia egin zuten balizko akordioak galarazteko.

Desinformazioaren kostea

Asko du jokoan erregai fosilen industriak honelako biltzarretan eta bere esku dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu bere interesen kontrako erabakiak ekiditeko. Desinformazioa da tresna horietako bat, eta hamarkada luzez aritu da industria berotze globalaren kalteak ezkutatzen. Duela urtebete salatu zuen Science aldizkari zientifikoak AEBko ExxonMobile petrolio konpainiak 1970tik ezagutzen zituela berotze globalaren datuak, eta hori ezkutatzeko kanpainak burutu zituela.

Bada, oraingoan Desinformazioaren kontrako Ekintza Klimatikoaren Sarea (CAAD ingelesez) izan da beste desinformazio kanpaina baten berri eman duena: iaz erregaien industriak COP27 biltzarra bitartean aldaketa klimatikoaren eragina lausotzeko lau milioi dolar gastatu zuen. Sare sozialetan oinarritu zuten kanpaina, zalantzaz jositako diskurtsoen bitartez. Iazko irailaren 1aren eta azaroaren 23aren bitartean ia 3.800 iragarki publikatu zituzten.

Iaz erregaien industriak COP27 biltzarra bitartean aldaketa klimatikoaren eragina lausotzeko lau milioi dolar gastatu zuen

Gasen isuria murriztearen erronka ekarri du, berriz ere, Dubaiko biltzarrak, baina ez du ematen adostasuna lortzea erreza izango denik.

Deskarbonizazioaren erronka

Erregai fosilen erabilera mugatzea edo ez adostea bihurtu da COP28ko erronka nagusia. Negoziazioek, gaur gaurkoz, aukera guztiak irekita utzi dituzte, eta ez da espero azken unera arte hurbilketak egotea. Herrialde aberatsek deskarbonizazioaren aldeko urratsak azkartu dituzten bitartean, garabidean dauden herrialdeak atzean gelditzen ari dira, baliabide nahikorik ez dutelako.

Europaren kasua argigarriena da, aldaketa klimatikoaren kalte ekonomikoei beste arrazoi nagusi bat batu zaio: menpekotasun energetikoa. Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak agerian utzi du batasunaren ahulezia energiaren alorrean, eta trantsizio berderako programak indartu ditu. Next Generation funtsak horren adibide dira. Hego Euskal Herriaren kasuan, esaterako, industria zain dago deskarbonizaziorako funtsen deialdia noiz irekiko. Urtea bukatu aurretik izatea espero da eta Industria Ministerioak 1.000 milioi euro inguru banatzea espero da.

Erregai fosilen erabilera mugatzea edo ez adostea bihurtu da COP28ko erronka nagusia. Negoziazioek, gaur gaurkoz, aukera guztiak irekita utzi dituzte, eta ez da espero azken unera arte hurbilketak egotea

Nazioarteko Diru Funtsak ere, deskarbonizaziorako urrats berria defendatu du Dubain. Kristalina Gerogieva NDFko zuzendariak CO2 emisioen gaineko zergak gogortzea aldarrikatu zuen igandean. Neurri honekin klimaren gaineko kaltea murriztu nahi du, baita sektore energetikoari mezu argia bidali ere: erregai fosiletako inbertsioak beste eremu batzuetara eramatea. Proposamenak, baina, ez du harrera onik izan.

Bestalde, Ignacio Sanchez Galán Iberdrolako presidenteak defendatu du 2030 posible dela "energia berriztagarriak hirukoiztea". "2,2 bilioi dolarreko inbertsioak mugituko digu", adirazi du. Horretarako ezinbestekotzat jo ditu araudiaren egonkortasuna, finantzazio egokia eta erakundeen konpromisoa.

COP28ko burua, energia fosilak murriztearen aurka

Polemikaz josita hasi da COP28. Dubaiko biltzarreko presidentea Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministro Sultan al-Jaber da, petrolio konpainia baten zuzendaritza taldeko kidea. Hautsak harrotu zituen biltzarraren atarian egindako adierazpenek. Erregai fosilen erabilera murrizteak garapen jasangarria bermatuko duela esateko “froga zientifikorik” ez dagoela esan zuen. Atzera egin behar izan du Sultan al-Jaberrek, bere hitzek nazioarte mailan eragindako oihartzuna ikusita. Atzera, baina, zeharka. Ministroak “zientzian sinesten duela” dio orain, eta erregai fosilak “gradualki” alboratu behar direla.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere, mezu kritikoa helarazi du Dubain. Munduko osoko 50 petrolio enpresek 2050erako erabat deskarbonizatzeko helburua aurkeztu eta gero egin ditu Guterresek bere adierazpenak.

Atzera egin behar izan du Sultan al-Jaberrek, bere hitzek nazioarte mailan eragindako oihartzuna ikusita. Atzera, baina, zeharka. Ministroak “zientzian sinesten duela” dio orain, eta erregai fosilak “gradualki” alboratu behar direla

Petrolioaren ekoizpen globalaren % 40 ordezkatzen dute konpromisoa hartu duten enpresek. NBEko buruak “norabide onean emandako urratsa” dela onartzen badu ere, helburua “labur gelditzen dela” salatu du, eta “2050ean zero jaulkipenetara heltzeko bidearen inguruan gardentasun eza” izatea leporatu die.

Krisi klimatikoaren kostua: 16 milioi dolar orduko

Dubaiko biltzarraren atarian klima krisiaren ondorio ekonomikoak agerian utzi nahi izan ditu Nature aldizkariak kaleratutako txosten batean. Hainbat ikerlarik parte hartu dute azterketa horretan, eta orain arteko estatistika ofizialek krisiaren kalte ekonomikoa gutxietsi dutela salatu dute.

Azken bi hamarkadetan ingurumen hondamendien kostu globala 2,8 bilioi dolarrekoa izan da

Euren kalkuluen arabera azken bi hamarkadetan ingurumen hondamendien kostu globala 2,8 bilioi dolarrekoa izan da. 2000 eta 2019 bitartean urtero batez beste 143.000 milioi dolarreko kalteak zenbatu dira, hau da, 16 milioi dolar ordu bakoitzeko lehorte, bero olatu, sute edo uholdeek eraginda.