Energia nuklearra eta gas naturala taxonomia berdean sartzearen alde bozkatu du Europako Parlamentuak. 2050erako helburua CO2 isurketa guztiak ezabatzea da, baina, nuklearrik eta gas naturalik gabe zailagoa izango litzateke helburu hori lortzea. Errusiarekiko egungo egoerak bultzatuta, Europako erakundeek bi energia horiek energia berdeen zakuan sartzearen alde egin dute, helburuei eutsi ahal izateko.
Aukera horri betoa jartzearen aldeko botoak 278 izan dira, kontrakoak 328 eta 33 abstenitu egin dira. Betoa aurrera atera zedin, 353 eurodiputaturen babesa zen beharrezkoa.
Hala ere, Europak azaldu duenez, gasaren eta nuklearren jarduera jakin batzuk sartzeak denbora-muga bat izango luke eta baldintza espezifikoen eta gardentasun-eskakizunen mende egongo litzateke. Gainera, Batzordeak 2030a ezartzen du gasean inbertitzeko gehieneko data gisa eta 2040a nuklearrarentzat.
Behin energia berdeen taldean sartuta, eta hurrengo astelehenera bitarte alegaziorik ez bada, energia nuklearra eta gas naturala berdetzat jotzen dituen taxonomia 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko litzateke indarrean.