Erregai fosilen ekoizpena eta kontsumoa murriztea proposatu du COP28ko lehendakaritzak
Erregai fosilekin amaitzea ez da aipatzen bileraren akordio zirriborroan
COP28ko goi bilerako ordezkariak erregai fosilen ekoizpena eta kontsumoa murriztearen alde egin dute. Hala azaldu dute bileraren akordio zirriborroan, eta modu honetara, 2050erako karbono neutraltasuna lortzea dute helburu. Dubaien egindako goi bileran erregai fosilekin amaitu edo ez zuten adosteke 200 herrialdeetako ordezkariek. Aitzitik, kontsumoa eta ekoizpena apaltzea adostu dute. Ikatzari dagokionez, haren ekoizpena eta kontsumoa “bizkor” murriztu behar direla dio zirriborroak, eta beste erregai fosilei buruz, karbonoa xurgatzeko nahiz biltzeko sistemak eduki behar dituztela.
Trantsizio energetiko “jasangarri eta inklusibo” bat azkartu beharra dagoela ere azaltzen da testuan. Zirriborroa onartzeko bihar arte dute epea herrialdeek. Halere, Europako Batasunak jada onartezintzat jo du aurkeztutako zirriborroa, erregai fosilen amaiera ez baitu aipatzen.
Amaieraren aurka azaldu dira besteak beste Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) hainbat herrialde, Saudi Arabia tartean. Txina, aldiz, erregai fosilekin bukatzearen alde azaldu da.