Etorkizuneko hiriak eraikitzen
Etorkizuneko hirien diseinuak eskatzen du ikuspegi sistemiko batetik heltzea, jasangarritasuna eta pertsona guztien ongizate iraunkorra erdigunean jarrita
Etorkizuneko hirietan pentsatzean, akaso filmetan agertu ohi den ikuspegi futurista etorriko zaio askori burura, punta-puntako teknologia protagonista duena. Baliteke, ordea, zenbaiten pentsamendua Txinako hiri batera joatea, zehazki, Liuzhoura, munduko lehen baso-hiria izango baita. Argi dagoen gauza bakarra zera da: hiriak eraldatu egingo dira. Eta eraldaketa hori orain hasi —behar— da.
Edozein kasutan, zer izan behar du kontuan etorkizuneko hiriak? "Hiri horretako pertsona guztientzat ongizate iraunkorra eskaini behar du. Eta guztientzat izatea ez da txikikeria, ezta iraunkorra izatea ere", plazaratu du Miren Estensoro Orkestrako ikertzaileak. Horrek askotariko eragileen arteko lankidetza eskatzen du ezinbestean, baita politikak egiteko modu berri baten beharra ere. Bestela esanda, "modu sistemiko" eta "transbertsalean" lan egitea: "ezin dira hiru trantsizioak paraleloan ulertu eta landu, elkarrekin erabat lotuta daudelako. Era berean, modu inklusiboan egin behar da gerturapena", nabarmendu du Estensorok.
Orkestrako ikertzaileak azaldu duenez, badira egiturazko elementuak: non zauden kokatua, biztanle egitura, sektore egitura, egitura zientifiko teknologikoa... Horiek eragin nabarmena dute lurraldean eta horretan, hirien orain eta etorkizunean. Aldiz, badira eraldatu daitezkeen palanka dinamikoak ere eta denborarekin, egiturazko elementuetan eragina dutenak. Horietako bi dira kapital naturala edo kapital fisikoa, baina eragina dute, aldi berean, finantzazioa ahalbidetzen duten faktoreek—enpresa ehuna edo administrazio publikoa—, formakuntzak eta lan-merkatuak —giza kapitalak—, jakintzak... "Pertsona guztientzat ongizate iraunkorra bilatuko duen hiria eraikitzen baduzu, horretan zeresana du hiri ereduak".
Natura oinarri
Etorriko diren hirietan pentsatzean, hirien eraberritze jasangarriak indarra hartzen du: "zenbait praktika kaltegarriak izan dira hiritarren ongizaterako, eta horiek nolabait konpondu eta beste modu batera planteatzeko tresnak aurkitzea izango litzateke", adierazi du Mikel Sarriegi Basoinsa enpresako arduradunak. "Orain arte, esaterako, ohikoa izan da material iragazgaitzak erabiltzea zoladuretan. Horrekin uren ziklo berezkoa eten dugu, besteak beste uholde arriskua areagotuta", gehitu du.
Jon Laurenz Lur Studioko arkitekto eta sortzaileetako baten hitzak bat datoz Sarriegiren ikuspegiarekin: "Kontzeptu transbertsala izanik, guretzat eskatzen du ulertzea hiria bertan izan aurretik lurrak nola funtzionatzen zuen (uraren eta karbono zikloak, esaterako). Hiria eraikitzean, gai izan beharko genuke funtzionamendu hori gauzatzeko, mantentzeko, are hobetzeko".
Jon Laurenz: "Hiria eraikitzean, gai izan beharko genuke funtzionamendu hori gauzatzeko, mantentzeko, are hobetzeko"
Hiriek, beraz, naturan oinarritutako ereduetatik hurbilago izan behar dutela aldarrikatzen dute biek, elementu naturalek eman ditzaketen balio eta onurak baliatuta. Besteak beste, eremu berde osasungarriagoak eraikitzea ahalbidetuko du horrek. Ildo beretik, "azpiegitura berdeak badauzka zenbait abantaila, gaur egun dirutan islatzeko zailak direnak. Hala ere, geroz eta datu gehiagok jasotzen dute zenbat diru aurreztu daitekeen aurretik prebentzio moduan lan eginez: kutsadura aldetik, ongizatearen aldetik, psikologikoki...", dio Sarriegik.
Digitalizazioa jasangarritasunaren mesedetan
Egun, munduko biztanleen %50 bizi da hirietan; 2050erako zifra hori %70era iritsiko da. Hiriko biztanleria hazi ahala, gero eta presio handiagoa izango dutela gogorarazi du Jose Manuel Olaizola Tecnaliako Eraikuntzako Digitalizazioko eta Automatizazioko plataformaren buruak. Hori kudeatzeko, smart city edo hiri adimentsu kontzeptuak ezinbesteko rola jokatzen du. "Hiri baten zerbitzu eta prozesuak monitorizatzen dituen plataforma digitalak hartzen ditu bere gain, eta sistema horien gainean simulazioa edo kontrol sistemen aplikazioa ere bai", azaldu du Olaizolak.
Horrek ahalbidetzen du, besteak beste, hiri horretan gertatu daitekeena aurreikustea, eta hori baliatuta, bizi-kalitatea hobetzeko edozein akzio martxan jartzea: "airearen kalitatea hobetu, mugikortasuna kudeatu, hondakinak gutxitu, kutsadura jaitsi... Eta hori guztia modu guztiz heterogeneoan. Ahalik eta errendimendu altuena lortu dezakegu".
Jose Manuel Olaizola: "Helburua ez da gure hiriak teknologiaz edo sentsorikaz betetzea. Guztiz kontrakoa: ahalik eta gehien optimizatu behar da"
Azken asmoa, berriro ere, jasangarritasuna eta bizitza-kalitatea dira, eta digitalizazioa bitartekari bat besterik ez da horretarako. "Helburua ez da gure hiriak teknologiaz edo sentsorikaz betetzea. Guztiz kontrakoa: ahalik eta gehien optimizatu behar da", adierazi du Tecnaliakoak. Zenbaitetan, gainera, posible da informazio iturri bat helburu desberdinekin erabiltzea. Airearen kalitatearen sistema batzuk erabili daitezke hori neurtzeko, baina era berean mugikortasun sistema dinamizatzeko. "Teknologiak berak jasangarria izan behar du", nabarmendu du.
Non gaude?
Mundu mailan, jasangarritasunaren esparruan hainbat pauso eman dituzten hiri-ereduak topa daitezke. Vancouverren (Kanada), esaterako, 2030erako eraikin guztiak carbon neutral izan beharko dute, eta 2050erako hirian erabiltzen den energiaren %100 iturri berriztagarrietatik etorri beharko da. Europan, Kopenhage (Danimarka) jarri ohi da adibide gisa, espazio publikoen egokitzapenagatik eta mugikortasun garbiaren arrazionalizazioagatik. "Gertuen dugun adibidea Gasteiz da, hiri berdearen saria Europatik jaso zuenetik, halako proiektuak garatzen ari baita", dio Laurenzek.
Mikel Sarriegi: "Badirudi teoria mailan denok ados gaudela. Praktikan, aldiz, urrun ikusten dugu horren gauzatzea"
Oraindik, baina, asko dago egiteko: "oso hasierako fase baten gaude, baina etorkizuna da", azpimarratu du Lur Studiokoak. "Ikusten dugu aldaketa dagoela asmoetan eta irizpideetan. Badirudi teoria mailan denok ados gaudela. Praktikan, aldiz, urrun ikusten dugu horren gauzatzea. Gauza asko elkartzen dira: ezezagutza teknikoa dago planifikatzaileen aldetik, eraldaketa horrek sortzen dituen orain arteko inertziekiko talka...", azaldu du Basoinsakoak.
Hiri adimentsuei dagokienez, antzeko zerbait gertatzen da. "Badaude proiektu pilotuak martxan egun, eta nolabait gauza jakinak kudeatzen dituzten sistemak ditugu —uraren edo hondakinen kudeaketarako—. Baina hiria bere orokortasunean hartzen duten sistemak egun ez ditugu", kontatu du Tecnaliakoak. Sistema horiek datuak bildu eta kudeaketa datu-base globalak sortzen ari dira. Ideia da informazio hori izanda, adimen artifiziala edo simulazioa aplikatuz, sistema optimizatzea.
Lana eta zaintza
Etorkizuneko hiriak pentsatzeak eskatzen du alderdi gehiago kontuan izatea, eta ez soilik ingurumenari edo digitalizazioari loturikoak. Lanaren eta zaintzaren antolaketa, esaterako, garrantzitsua da. "Ikusi da Europako hirietan izan dela tendentzia nolabaiteko 'lehenengo graduko biztanleriarentzat' hiriak eraikitzeko. Nori buruz ari gara? Lana duten —eta segur aski lan baldintza onak dituzten—, zuriak diren eta etxe bat erosi dutenak. Horrek sekulako inplikazioa du, zaintzaren eremuko jarduerak itzalera eramaten dituzulako", plazaratu du Miren Estensorok. Eredu horri, teleokrazia esaten zaio.
Horri irauli asmoz, Lur Studion urbanismo inklusiboa lantzen dute. "Geure kasuan lanketa nagusia emakumeen ikuspegitik egiten dugu. Izan ere, zaintza arloaz emakumeak arduratzen dira nagusiki oraindik ere, izan haurrena, izan adinekoena. Hala ere, inklusibitateak eskatzen du dibertsitate guztia kontuan izatea hiriak diseinatzerako garaian", azaldu du Laurenzek.
Jon Laurenz: "Inklusibitateak eskatzen du dibertsitate guztia kontuan izatea hiriak diseinatzerako garaian"
Horren oinarrian da, esaterako, 15 minutuko hiriaren kontzeptua. "Dena alboan baduzu, kudeaketa errazagoa da". Estensorok Izaskun Chinchilla arkiteta ezagunaren La ciudad de los cuidados —zaintzen hiria— liburua ekarri du gogora. "Berak defendatzen du zaintza modu kolektibo baten kudeatu behar dugula". Bestela esanda, hiriak "iragazkorragoak" egitea eskatzen du, "jarduera publiko eta pribatua espazio berdinetan izatea, edo lan egiteko jarduerak eta zaintza ahalbidetzen duten egiturak gertu izatea. Bitariko erabilerak deritzon horiek ikusten ari gara Europan". Horrekin batera, klase sozial edo desberdinen arteko elkarbizitza sustatzea ere ezinbestekoa da.
Ikuspegi sistemikoari heltzea
Aipatutako esparruak etorkizuneko hiria pentsatzeko arlo batzuk besterik ez dira. Edozein kasutan, arestian aipatu bezala, etorkizuneko hiriaren eraikuntzak ikuspegi sistemiko eta transbertsala eskatzen du. "Geroz eta gehiago ohartzen ari gara esparru konkretu baten lan egiteagatik ezin duzula isolatuta lan egin, beste eremu askok eragiten dutelako", esan du Orkestrako ikertzaileak.
Adibide gisa enpleguarena jarri du: "Ikusi dugu EAE mailako hirietan enpleguari loturiko paradoxa inon baino agerikoagoa dela: izugarrizko maila altuko talentua eta eskaria dago; eta bestetik gazteen langabezia nahiko garrantzitsua. Doikuntza eza oso nabarmena dago", adierazi du Estensorok. Horretan eragiten duten faktoreak, baina, ugariak dira: bizitza kalitatea, familia, erreferenteak, gizartearen estereotipoak. "Nahiz eta gu zentratu enplegu politiketan, politika horiek geroz eta konplexuagoak dira, alderdi anitzek eragiten dutelako. Horrek justifikatzen du lankidetza edo gobernantza kolaboratibo baten beharra", azaleratu du. Euren kasuan, Bilboko policy makerrekin esparru horri loturiko proiektu bat lantzen ari dira.
Miren Estensoro: "Ezin dira hiru trantsizioak paraleloan ulertu eta landu, elkarrekin erabat lotuta daudelako. Era berean, modu inklusiboan egin behar da gerturapena"
Elkarlanerako beharraren beste adibide bat da Hirinatur proiektua, Aclima ingurumen klusterraren eskutik garatuta. "Hirien berreraikitze jasangarria nahiko kontu zabal eta transbertsala denez, diziplina anitzeko taldeak behar ditugu. Hainbat esparruko enpresak biltzen saiatu gara, hirien etorkizuna eta beharrak lantzen saiatuz", kontatu du Laurenzek. "Sinergiak aurkitu nahian elkartu gara, eta bakoitza bere arlotik ekarpena egiten", bukatu du Sarriegik.