Alicia Risueño, Miriam Orozco eta Arantxa Lasa lankideak Geolanen Ordiziako bulegoan | Argazkia: Geolan

Ereduak

Geolan, enpresetan ingurumenarekiko ardura piztuz

Enpresen ingurumen legedia betetzen laguntzeaz eta ingurumen inpaktuak gutxitzeko baliabideak eskaintzeaz arduratzen da Goierriko enpresa. Aurten, Aclima klusterrean sartu berri da

Orain 30 urte enpresen munduan ingurumenarekiko ardura ez zen egun dagoen tankerakoa. Azken urteotan areagotu da ingurunea babesteko erakunde publiko nahiz pribatuek hartutako erantzukizuna, eta legedia handitu eta zorroztu egin da. Aitzitik, Geolan duela hiru hamarkada hasi zen ingurumenaren inguruko lanketa eta ikerketa lanetan, eta honen inguruko kontzientzia handitu ahala euren jardunak ere gora egin du.

Alicia Risueño eta Arantxa Lasa dira enpresaren bi bazkideak, eta beste lau teknikarirekin osatzen dute Geolanen lantaldea. “Sorreratik bilakaera esponentzial bat izan dugu, bezero askorentzat etengabeko ingurumenaren hobekuntzan bidelagun izatera helduz”, dio Risueñok. Hala, ingurumen legedia betetzen eta enpresak euren jardueraren bidez sortu dezaketen ingurumen inpaktua gutxitzeko baliabideak errazten ditu Goierriko enpresa txikiak.

Alicia Risueño: “Sorreratik bilakaera esponentzial bat izan dugu, bezero askorentzat etengabeko ingurumenaren hobekuntzan bidelagun izatera helduz”

Ingurumen kudeaketa zerbitzuaz gain, aholkularitza eta irtenbide integralak eskaintzen ditu enpresak, eta bezeroen proiektu bakoitzean hasieratik bukaerarainoko laguntza ematen du. Bazkidearen ahotan, “jarduerek dauzkaten ingurumen eskakizun eta erronkak geroz eta handiagoak dira, eta guk hauei aurre egiten eta hobetzen laguntzen diegu, bai unean-unean edo modu iraunkor batean".

Denbora eta dirua aurreztu

Bezero bakoitzari dagokion legedia aztertzen du Geolanek, gerora, araudi hori betetzeko ekintza plana prestatuz. Dena den, behin legedia beteta, Geolanen jarduerak segitzen du: “behin enpresa legeztatuta, eta honen jarduera modu egoki batean garatu ahal izateko, ingurumen betebeharrekin lagundu eta aholkatzen diegu, araudian edo merkatuan ematen diren aldaketa eta eskakizunak kontutan izanik”, kontatu du Risueñok.

Alicia Risueño Acliman sartzeko aurkezpen ekitaldian | Argazkia: Geolan

Geolanen jardueraren prozesu osoa ulertzeko adibide bat jarri du bazkideak: arkitektura estudioekin egiten duten elkarlana. “Industria pabiloi baten exekuzio proiektua idazteko unean talde teknikoaren parte bagara, ingurumen organoak eskatuko dituen neurri zuzentzaile guztiak definituko ditugu”, azaldu du, eta modu honetara, “denbora eta dirua aurrezten ari gara bezeroarentzat, instalakuntzak hasiera-hasieratik eraikiko baitira ingurumen legedia errespetatuz”.

Sektore askotako bezeroak

Edonola ere, mota askotako enpresekin egiten du lan Geolanek. Risueñok bi talde nagusitan banatzen ditu enpresa horiek: eraikuntza sektorekoak, “hauentzako lan handia egiten dugu, adibidez, eraikuntzako hondakinen kudeaketaren arloan”, eta industria sektorekoak, “bereziki ingurumenaren inguruan dauzkaten betebehar eta helburuekin lagunduz”.

Hala, euren bezeroen artean aurki daitezke, besteak beste, CAF, Irizar, Plastigaur, Indar, Tecnalia, Elkar edo Emaus. Bazkideak dioenez, geroz eta enpresa mota desberdinagoak jotzen duten eurengana, “lanerako duten ilusioa handituz”.

Alicia Risueño: "Ilusio handiko lan talde bat garela uste dut, ingurumena maite duena eta hobekuntzaren inguruan apustu egiten duena”

Enpresa mota hauen guztien premiei erantzun ahal izateko, lantaldean arlo askotako teknikariak beharrezko ditu Geolanek, eta sei soilik badira ere, arlo desberdineko profil profesional teknikoek osatzen dute lantaldea. Risueñoren esanetan, honi esker proiektu bakoitza ikuspegi askotatik aztertzeko aukera ematen die. “Ilusio handiko lan talde bat garela uste dut, ingurumena maite duena eta hobekuntzaren inguruan apustu egiten duena”, gehitu du.

Aclimako bazkide

Geolanen ibilbide arrakastatsuaren adierazle da Aclima Ingurumen Industrien Kluster Elkartean sartu berri izatea. Enpresaren etorkizunarentzat oso interesgarria iruditzen zaio bazkideari klusterrean sartu izana: “proiektu berritzaileen inguruan lan egin ahal izango dugu, eta baita ingurumenaren inguruan ematen diren aurrerapauso eta eskakizunen inguruko berri eduki ere”.

Etorkizuna aipatuta, hiru ingurumen erronka nagusi ditu enpresak: berotegi-efektua, energia berriztagarrien erabilera eta ekonomia zirkularra. Era berean, Garapen Iraunkorrean lan egin behar dutela ere argi dute. “Gai hauen inguruan, Administrazio Publikoa araudi eta betebehar asko ari da sortzen, eta enpresek aurrera egin ahal izateko egokitu berra dute”.