Enpresa turistiko adimendunaren ziurtagiria jaso du Gorlizko turismo bulegoak
AENORek ematen duen ETI ziurtagiria lortu duen mundu mailako lehen erakundea da
Gorlizko (Bizkaia) turismo bulegoak jaso du ETI enpresa turistiko adimendunaren ziurtagiria. Aitorpen hori lortu duen munduko lehen erakundea izan da. AENORek eskaintzen duen ziurtagiria eman du Basquetourreko zuzendari Daniel Solanak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren izenean. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Ekaitz Pau Altuna Gorlizko alkateak, Nerea Gori Telletxea turismo bulegoko arduradunak eta Gonzalo San Antonio AENOR EAEko zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, ziurtagiriak “berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin, irisgarritasunarekin eta kudeaketa turistikoaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa aitortzen du”. Alegia, bisitarien esperientzia errazten eta zerbitzuak eraginkorrak izaten laguntzen duten enpresak saritzen dira, betiere jasangarritasuna oinarri izanik.
Sicted eta Kalitatearen Q programen bitartez kalitate turistikoa landu izan da Gorlizen, eta hainbat proiektu berritzaileetan ere lan egin izan da. Gidaritza lanak egiten lagundu dio Basquetourrek Gorlizko turismo bulegoari, eta Jaurlaritzaren esanetan, “ahalegin horri esker, bulegoak datuetan oinarritutako kudeaketa sistema integral bat diseinatzea lortu du, erabakiak modu eraginkor eta estrategikoagoan hartzeko oinarriak” ezarrita.