Hiri-baratzak, ingurumena eta gizarte-kohesioa bermatzeko
Nafarroako udalerriek ortu ekologikoak bermatu dituzte, jasangarritasunean pentsatuz eta baliabide gutxiko pertsonak lagundu asmoz
Duela urte batzuk hiri-baratzen ekimen berria jarri zen martxan Nafarroako hiriguneetan, landa-eremuarekiko lotura erabat ez galtzearren. Egitasmoa batez ere Iruñean eta inguruko guneetan gauzatu da.
Horren adibide da Eguesibarrekoa, Iruñea ondoan kokaturiko udalerrikoa hain zuzen. Sarriguren auzunea da ibarreko herririk populatuena: izan ere, ibar guztiko 16.000 biztanle ingurutik, 10.000 baino gehiago bizi dira bertan. Auzoak oso hazkunde nabarmena izan zuen 2000 urteetako hamarkadan, esparru urbano handi baten sorrera eragin zuena. Bertan, hiri-baratzak bi helburu nagusirekin eratu ziren: alde batetik, produktu ekologikoen kontsumoa suspertu, ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatuz; eta bestetik, baratzezaintzan interesatutako pertsonentzako topagune bat bermatu.
Aipaturiko baratz ekologikoak batez ere Sarrigurenen eta Gorraitzen daude, Eguesibarreko gune urbanizatuenetan, alegia. Gainontzeko herriek tradizioz baratzak eduki dituzte, oraindik ere landa-eremuak baitira.
Juantxo Yoldi (ingurumen teknikaria): "Iniziatiba auzokideek beraiek eskatuta hasi zen, beraiek hurbiltasunezko produktuak ekoiztu eta kontsumitzeko aukeraren beharra adierazi zuten eta”
Ortu horien arduradun nagusia Juantxo Yoldi da, Eguesibarreko Ingurumen Teknikaria. 51 urteko ingeniariak 2001etik darama karguan. Berak aipatu duenez, “baratzak hau 2015 eta 2016 artean hasi ziren lantzen”. Iniziatiba “auzokideek beraiek eskatuta hasi zen, beraiek hurbiltasunezko produktuak ekoiztu eta kontsumitzeko aukeraren beharra adierazi zuten eta”. Ondorioz, lursailak esleitzen eta kudeatzen hasi ziren. Horietako bakoitzak 72 metro karratu inguruko azalera dauka.
2011an proposatu zen lehen aldiz ideia, bi urte eta erdiz garaturikoa. 1.000 lagunek eman zuten izena inkestaren aurreko fasean. Bestalde, 100 metro karraturen ordez 72 izango zirela erabaki zen. 2014an eraiketa lanak hasi ziren, eta bi urte ondoren hiri-baratzak erabitzeko prest egon ziren lehen aldiz.
Ustiaketa
Cristina Doria Olaso Donostian jaiotakoa da eta Iruñeko auzokidea. 2021eko martxoan lortu zuen hiri-baratzea, Sanduzelai auzoan. Bere familiari “naturarekin kontaktuan egotea” gustatzen zitzaion. Tomateak eta piperrak “lorategi txiki batean hazten” saiatu zen, eta “gauza gehiago landatzeko” gogoa agertu zitzaien.
Eguesibarraren kasuan partzelak “lau urterako esleitzen dira", azaldu du Juantxo Yoldik. "Behin garai hori amaituta, ortua beste lau urterako ustiatzeko baimena berriztu daiteke edo, horren ordez, beste norbaiti eskaini ahal zaio”. Hori erabiltzaileen nahi eta beharren arabera erabakitzen da. Yoldiren ustez, proiektua “oso arrakasta handikoa” izan da. Azaldu duen bezala, “zailtasun batzuk agertu dira denboran zehar, hala nola ureztatze sistemaren eraketa, baina horiei konponbidea ematea lortu da”.
Sarrigurengo hiri-baratz ekologikoen espazioak erabilera anitzeko eraikin bat ere hartzen du, non aldagelak, biltegi txiki bat, ortuen erabiltzaileentzako arreta bulegoa eta Natura Ikasgela dauden. Eraikina bioeraikuntzarako egokiak diren materialekin dago egina, eta autonomoa da (hau da, berokuntza eta elektrizitatea iturri berriztagarrietan dago oinarrituta, hala nola eguzki-energia eta biomasa).
Doriak ahal duen moduan kudeatzen du bere Iruñeko baratza; ez dio “denbora nahikoa eskaintzen” bere denbora orain “mugatua” delako. “Egunero gauza berriak ikasten ditugu eta hobetzen dugu, baina ortua mantentzeak denbora eta lan asko eskatzen du”, erran du. Neurri batean “etorkizuneko inbertsio gisa” ikusten du, eta “denbora gehiago” eskainiko dio lan egiteari uzten dionean.
Baratzean “zailtasun asko” aurkitu ditu. Handienetako bat “makineria erabiltzea da: motozaina, motoponpa, belar-mozgailua...”. Alderdi horretan ere asko ikasi duela esan du. Gainerako zailtasunak “ureztatzea, lehortea edo ezagutza eza” dira. Hauei pixkanaka aurre egiten ikasi izan du.
Cristina Doria (ortu baten jabea): “Egunero gauza berriak ikasten ditugu eta hobetzen dugu, baina ortua mantentzeak denbora eta lan asko eskatzen du”
Iruñako hiri-baratzak Alde Zaharrean, Txantrea, Mendebaldea, Arrotxapea, Donibane eta bestelako auzoetan daude sakabanatuta. Osotara 6.000 metro karratu hartzen dituzte, non nekazaritza ekologikoko produktuak landatzeaz gain, garapen iraunkorraren, osasunaren, ingurumenaren eta hainbat ekimen sozialen aldeko beste jarduera batzuk sustatzen diren. Esate baterako, 2020 hasieran ortu ekologikoetan ekoiztutako produktuak Elikagaien Bankuaren Fundazioari dohaintzan eman zitzaizkion.
Doriaren ortua Sanduzelaien dagoenez gero, “mankomunitateko ura dauka; hori oso positiboa da eta gauzak asko errazten ditu”. Hala ere, ez dago elektrizitaterik, "baina bitxia da eguzki-plakak jartzea ere ez dela onartzen”. Doriaren aburuz, “ulertezina" da eta "ez dauka logikarik. Azken finean, estalpeetako teilatuan bi eguzki plaka jarrita (lorategi bakoitzak 20 metro karratuko estalpea du) nahikoa elektrizitate egongo litzateke argia edukitzeko, baita gailu elektriko bat, konektatu gabe”.
Esleipena
Eguesibar osoan 100 ortu ekologiko inguru daude. Yoldik esan bezala, “erabiltzaileen profila orokorrean baliabide gutxiko pertsona batena da”. Izan ere, baratzen beste helburuetako bat da “hiritarrei laguntza ematea". Hori kontuan hartuta, lursailak biztanleko errentaren arabera esleitzen dira, laguntzak emateko SSBn erabilitako baremoa erabiliz. Familia bakoitzeko eskaera bakar bat egin ahal da, eta lehentasuna izango dute langabezian dauden kide bat edo gehiago dituztenek. 70 puntu lortzen dituzten eskatzaileei lursail bat ematen zaie, baina 80 pertsona baino gehiago badira, esleipena zozketa bidez egiten da. Hileko kuota 10 eurokoa da, nahiz eta gainerako udal deialdien arabera diru-sarreren araberako deskontu baliokideak aplikatzen diren.
Zenbait enpresek hiri-baratzen suspertzeari laguntzen diote. Horietako bat Elkarkide deitzen da, terrazak eraikitzeko beharrezkoa den materiala eman (material plastiko birziklatuz egina) eta landare eta tresneria hornitzeko zerbitzua ematen duena. Azken bi urteetan enpresaren kudeatzailea izan denak, Marcos Resano Arredondok, “konpost-ontzietaz” arduratzen direla esan du. Horien bidez “hondar organikoekin hiri-baratzetan erabiliko den ongarria eratzen da”. Adibidez, “Arrotxapea auzoan erabilera komunitarioko bi konpostagailu daude“. Era horretan “ekonomia zirkularra bermatzen da”. Elkarbide sei urte inguru ibili da baratz ekologikoei zerbitzu hori eskaintzen.
Juantxo Yoldi: “Erabiltzaileen profila orokorrean baliabide gutxiko pertsona batena da. Izan ere, baratzen beste helburuetako bat da “hiritarrei laguntza ematea"
Resanok aipaturiko beste bi enpresa Hans eta Salteco dira. Lehenbizikoa konpainia alemaniarra da, urte honen amaierarako Los Arcosen plastiko birziklatuzko fabrika bat eraikiko duena. Bigarrenak mota honetako beste bi fabrika ditu Corellan (Nafarroa) eta Alfaron (Errioxa).
Autokontsumoa sustatu
Yoldik baratz ekologikoen abantailak gogorarazi ditu. Lehenik eta behin, “autokontsumoa eta 0 kilometro kontzeptua gauzatzeko balio izan dute, auzoaren ondoan ekoiztututako produktuekin garraio kostuak neurri handi batean murrizten direlako”.
Autokontsumoari dagokionez, Doriaren esperientziak erakutsi du “urte garaiaren araberakoa” dela: ”Udan ez ditugu normalean ortuak ematen dituenak baino barazki gehiago erosten; neguan ordea gauza gutxi landatzen ditugu, eta baratzetik bakarrik urte osoan hazten diren beletak eta borraja biltzen ditugu”.
Proiektuak ingurumenari eta jasangarritasunari laguntzen dio, era berean, “ongarri natural eta organikoaren sorkuntzan eta erabileran”, Yoldiren esanetan. Horretaz gain, hiri-baratzak “gizarteratzerako oso baliagarriak izan dira, haien bidez landa jardueretan interesatutako hainbat pertsonek elkar ezagutzea eta harremanak estutzea baimendu du eta“.
Juantxo Yoldi: "Hiri-baratzak gizarteratzerako oso baliagarriak izan dira, haien bidez landa jardueretan interesatutako hainbat pertsonek elkar ezagutzea eta harremanak estutzea baimendu du eta“
Gainera, ekoizpen propioko produktuak kalitate hobeagokoak dira. Doriarentzat, abantailarik handiena eta, gainera, baratza edukitzearen arrazoia da ez dagoela alderik ortuan landatzen dituen produktuen eta dendetan eros daitezkeenen artean kalitateari dagokionez: "lehenengoek askoz zapore hobea dute, eta emaitza iristen denean ahaleginak egitea merezi du". Bestalde, zera gehitu du: “Egia da, halaber, baratza duzunean landareen hazkuntzako fase guztiak gozatzen dituzula” Horren desabantaila da “batzuetan etsita geratzen zarela dena behar bezala ez badoa”.
Iruñeko Udalak haren proiektu estrategikoetako bat hiri-baratzak suspertzea dela adierazi izan du, lau helbururekin: tokiko eta garaiko produktu freskoen hornidura eta kontsumoa errazteko; krisien aurrean hiriaren eta komunitatearen erresilientzia hobetzeko, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko; uraren, lurzoruaren eta airearen kutsadura-iturriak gutxituko dituzten praktika ekologiko eta jasangarriak sustatzeko; nekazaritza sektorean tokiko enplegua sustatzeko; eta biztanleriaren sentsibilizazioarako.
Etorkizunerako planak
Doriak esan duen bezala, “baratzean beste batzuk baino errazagoak diren gauzak daude”, eta oraingoz “errazenak” aukeratu dituzte; hain zuzen, “tomateak, piperrak, pepinoak, tipulak, letxugak eta kalabazak”. Agian geroago gauza konplikatuagoak landatuko dituzte; adibidez, babarrunak edo ilarrak, baina horiek “zaintza gehiago eskatzen dute”.
Yoldik gaineratu du Eguesibarren etorkizunerako aldaketa batzuk txertatu ditzazketela. Esate baterako, “lursailen tamaina handitzea” pentsatu dute, 72 kilometro karratu baino gehiagokoak izan dezaten. Edozein kasutan, teknikariak zalantzarik gabe baratzekin jarduten jarraituko dutela ziurtatu du.