Iletegia: hondakina lehengai bilakatu duen ametsa
Garai batean osagai preziatua, gaur egun baserritar eta artzain askoren amesgaiztoa bilakatu da artilea. Horri aterabide bat proposatu, balio erantsia eman eta artilearen industria berriz Euskal Herriratzeko xedearekin sortu zen Iletegia 2014an
“Atzera goazela aurrera ez bagoaz helmugarik zehaztu gabe”, zioen Berri Txarraken Gure dekadentziaren onena kantak, baina badira aurrera egiteko atzeraka egin beharreko bideak ere, gure arbasoek zituzten jakintzak berreskuratzeko jarraitu beharreko xenda kasu.
Duela ia hamarkada bat hasi ziren Aña Andiazabal (Sara) eta Aitor Zubillaga (Legazpi) desegindako bideak berregiten. Lapurtarrak azaldu du iraganean bazela artilearen sail bat Euskal Herri osoan: “baserritarrek prezio onean saltzen zuten, baina pixkanaka desagertuz joan zen industria hori”. Euskal Herrian lehengai hori lantzen zuen azken enpresa duela 60 urte inguru itxi zen. Hala ere, duela gutxi arte, berau saltzen jarraitzeko aukera izan dute hainbat artzainek prezio geroz eta baxuagoan izan bada ere. Gehiena Txinara saltzen zen, baina Asiako erraldoia bere ardiak haziz joan den heinean, horien eskaerak ere desagertzera egin du.
Beharra eta egiteko gogoa
Aitorrek argi zuen bere kabuz lan egin nahi zuela, zertan zehazki oso argi ez bazuen ere. Artzaina den bere lagun batek eman zion bere bizia guztiz aldatuko zuen giltzarria “nik denbora banu, artilea landuko nuke” esan zionean.
Txinparta hartatik sortu zen suak zer egin zitekeen ikertzera eraman zuen legazpiarra. Informazioa bildu eta hainbat dokumentu prestatu zituen. “Hori guztia erakutsi eta galdetu zidan ea Euskal Herriko artileari balio erantsia emango ziokeen proiektua hasi nahi nuen berarekin”, azaldu du Andiazabalek. Bere gurasoak laborariak direnez, berak ere ikusten zuen artilea ez zela batere balioztatua eta ez zela fitsik egiten horrekin.
2014an hasi zuten hegaldi berria. Manexaren (lekuko ardi arraza) artilea nola lantzen den ikasteko urte bateko formakuntza egin zuten lehenik. Hori burututa, berau harrotu eta lantzeko lehen makinak erosi zituzten, eta Saran (Lapurdi) finkatu ziren. “Argi ikusi genuen berriz ere sail hori sortu behar zela Euskal Herrian”, dio Zubillagak.
2000 tona artile urtean Euskal Herrian
Gaur egun, sarri, artilea hondakintzat hartzen edo tratatzen da. Artzainek arazoak dituzten zer egin jakiteko, eta ordaindu ere egin behar dute hura kudeatzeko. Duela ez horrenbeste, etxalde edo baserri askoren diru iturri garrantzitsua izan zena, gaur egun buru-hauste eta gastu bilakatu da.
Euskal Herrian gaur egun 2.000 tona inguru artile sortzen dira, bi kilo inguru ardiko, eta lurralde guztian zehar hainbat ekimen sortu dira horri aterabide bat eskaini eta artileari balio erantsia emateko, besteak beste, Europako Poctefa funtsei esker sortu zen Lanaland mugaz gaindiko ekimena.
Euskal Herrian gaur egun 2.000 tona inguru artile sortzen dira, bi kilo inguru ardiko, eta lurralde guztian zehar hainbat ekimen sortu dira horri aterabide bat eskaini eta artileari balio erantsia emateko
Iletegiak urtean 10 tona inguru eraldatzen edo lantzen ditu. Manex buru gorri, beltz eta Nafarroako arrazaren artilearekin egiten dute lan batik bat. “Latxa ardiak dituzten Antzuolako artzain baten artilearekin ere lan egin dugu Ternuarentzat beroki bat sortzeko”, oroitarazi du Zubillagak.
Edonola ere, Saran finkatua den bikoteak 10 bat artzainekin egiten du lan. Laborariek ilea moztu behar dutenean, beraiekin harremanetan jartzen dira, eta Andiazabalek eta Zubillagak zer behar duten jakinarazten diete, baita nola egin behar duten ere. “Adibidez, lastoaren gainean ez mozteko eskatzen diegu, horrek artilea kutsatzen baitu eta bereizketan lan asko gehitzen baitu”, dio Sarakoak. Hori guztia adostu ostean, mozketa egunetan bertatik bertara jarraitzen dute prozesua.
Iraganeko eskola
Sarako beren egoitzan oheko produktuak egiten dituzte: matalazak (koltxoiak) estalkiak, lumatxak (burukoak) eta matalaz gainekoak besteak beste. Andiazabalek dioen bezala, “betidanik egin izan dira horrelako produktuak Euskal Herrian. Etxe zaharretan ikusten dira artilezko matalazak. Hau aski ona da oheko produktuak egiteko, isolatzailea baita eta naturala denez, arnasa hartzen du eta lotarako egokia da hori”.
Dena den, oheko produktuez gain, orotariko zakuak ere egiten dituzte, guztiz iragaitzak eta kolore ezberdinetan horretarako honen kolorea errespetatuz eta inolako gehigarririk gabe.
Baina beren produktuak bakarrik ez, beste enpresa eta proiektu batzuentzat ere lan egiten dute, hala nola pilota-egileentzat haria edo oihal enpresentzat estalkien barrukoak eskaintzeko, Donibaneko Lohizuneko (Lapurdi) Coleur Chanvre kasu. Alde horretatik, duela urtebete josteko makina berri bat ere erosi zuten fabrikazio denbora laburtu eta horrelako produktuan enpresa gehiagori eskaintzen jarraitzeko.
Etorkizunean, bide hori jorratzen eta indartzen jarraitu nahi lukete. Desegindako bideak berregiten ikasten jarraitu eta lekuko lehengai honek hondakin izateari utz diezaion. “Baikorrak gara etorkizunarekin. Naturara hurbiltzen ari gara berriz eta, are gehiago, jendeak jakingo balu zeren gainean lo egiten duen, laster aldatuko lukete” dio Añak. Agian Berri Txarrakek dioen bezala “gure dekadentziaren onenean” egoteak begiak irekiko badizkigu.