Duela astebetetik PlanetScore etiketa topatu daiteke Eroskiko hamar bat produktutan | Argazkia: Eroski

JASANGARRITASUNA

Ingurumen-aztarnaren atzetik

Askotariko produktuen ingururmen-aztarna neurtu eta konparaketak errazteko trantsizioan da Europar Batasuna. Une honetan, 500 etiketa baino gehiago daude informazioa helarazteko, nahiz eta denek ez duten gauza bera neurtzen. Zein gailentzen den ikusi bitartean, kontsumitzaileei ingurumen-inpaktu informazioa jakinarazteko zenbait proba egiten ari dira Eroski eta Azti, besteak beste

Ingurumen-aztarna deritzo produktu, sistema edo erakundeek ingurumenean utzitako arrastoari. “Oso garrantzitsua da azpimarratzea kate guztiko alderdiez ari garela. Alegia, ez soilik produktu baten ekoizpenaz edo karbono-aztarnaz, baizik eta lehengaiak lortzen diren unetik produktu baten bizitza bukaerara arte, banaketa-prozesua eta pertsonek nola kontsumitzen duten barnean hartuta”, azaldu du Maite Cidad Estibalezek, ingurumen inpaktuko eta ekoizpen eraginkortasuneko AZTIko adituak. "Demagun zuk oso produkzio jasangarria egiten duzula, baina Argentinan egiten duzula. Eta Argentinatik hona hegazkinez dator. Horregatik da garrantzisua hainbat irizpide kontuan hartzea", gehitu du.

Une honetan, Europan aztarna ekologikoa neurtzeko bizitza-zikloaren metodologia erabili ohi dute adituek. “Lau fase ditu: proiektuaren definizioa, inbentarioa, kalkulua eta interpretazioa”, kontatu du Cidadek. Neurketa ez da urtero egiten: “Urte batean kalkulatutakoak hiru eta bost urte bitarterako balio du, zure jarduera guztiz aldatu ez bada. Demagun zuk zereal batzuk ekoizten dituzula, oloarekin, gariarekin, eta sojarekin, eta azken hau dela osagai nagusia. Formulan aldaketa egiten baduzu, eta soja %40 izatetik %10 izatera pasatzen bada, orduan bai, neurketa berriro egingo zaizu”, esan du Aztikoak.

Maite Cidad Estibalez: “Urte batean kalkulatutakoak hiru eta bost urte bitarterako balio du, zure jarduera guztiz aldatu ez bada"

Dena den, metodologia bakarra izanik ere, aztarna neurtzeko eta produktuen artean konparaketak egiteko zailtasunetako bat kalkuluak egiteko erabilitako datu-baseen aniztasunetik dator, inpaktuan adituak azaldu duenez. Horrek toki batean eta bestean ekoizten diren produktuen konparaketak zaildu egiten ditu.

Hori dela eta, Europar Batasuna trantsizio une batean murgilduta dago. “Metodologia estandarizatua dago, baina produktu mota bakoitzarentzat irizpide bateratu batzuk ezartzen ari dira”, plazaratu du Cidadek. Elikagaien eta edarien alorraz gain, altzairuen, produktu informatikoen eta abarrentzat ere ezartzen ari dira irizpideak. “Nahi dutena da metodologia hori produktu mota guztietan erabili ahal izatea, sortzen den ingurumen-aztarna neurtu dadin, eta elkarren artean erkatu ahal izateko. Esneari dagokionez, esaterako, Espainiako eta Alemaniako esnea erkatu ahal izatea —lehengaiak, garraioa, erabilera kontuan izanda—”, gaineratu du.

Etiketa nahasmena

Neurketaz harago, kontsumitzaileei aztarna helarazteko prozesuan dago beste gako bat. “Une honetan, Europa mailan 500 ingurune etiketa daude, ez soilik elikagaientzat baizik eta orokorrean. Horren ondorioz, kontsumitzaileak nahastuta daude”, nabarmendu du Cidadek.

Oraindik ez dago argi zein gailenduko den, baina oinarrian etiketa askok zenbait antzekotasun dituzte. “Aldagai batzuk kontuan hartzen dira, ordenatu egiten dira kalkulu batzuen arabera, irizpide guztiak ez baitira berdinak ingurumen inpaktuari dagokionez. Eta hortik zenbaki batzuk aterata, kolore eta letrekin eginiko eskema egiten da, Nutri Scoren oso antzekoa. Inpaktu gutxi badu A eta berdea; asko badu, E eta gorria”, azaldu du Alejandro Martínez Berriochoa Eroskiko Jasangarritasunaren eta Osasunaren zuzendariak.

Alejandro Martínez Berriochoa: "[Etiketak egiteko] kolore eta letrekin eginiko eskema egiten da, Nutriscoren oso antzekoa. Inpaktu gutxi badu A eta berdea; asko badu, E eta gorria”

Eroskik, esaterako, urteko lanketaren ostean, Planet Score etiketa ezarri du joan den astean marka propioko oinarrizko hamar bat produktuetan, proba pilotu gisa. “Aipatutako eskalaz gain, gustatu zaigu informazio txiki bat ematen duela, besteak beste, pestiziden eta plagiziden erabilera, edo berotegi efektuko gasen isuria. Animalietatik eratorritako produktuetan, gainera, animaliak hazteko erabilitako modua ere azaltzen du”, adierazi du. Momentuz, prezioaren ondoan topatu daiteke, etiketa linealean, eta ez produktuan bertan. “Kontsumitzaile guztiek begiratzen duten tokia izaten da, eta bilatzeko erraza izatea nahi genuen”, dio. Epe ertainean, produktuan bertan ere jarri nahi dute, erosketaz harago, pedagogia ikuspuntutik “interesgarria delako etiketa etxean ere begiratzeko aukera izatea”.

Aztik ere beste etiketa baten garapenean hartu du parte, Enviroscore izenekoa. “EBk ezarritako 16 aldagaiak hartzen ditu kontuan. A-E hizkiekin doa, eta berdetik laranjara iristen da, ez gorrira. Ez genuen produktu bat deabrutu nahi”, azpimarratu du Cidadek. Era berean, ahalbidetzen du produktu desberdinak erkatu ahal izatea. "Nik bi letxuga konparatu ditzaket, baina baita letxuga eta haragia ere", jarri du adibide gisa.

Informazioa bermatu

"Gu une honetan ikusten ari gara ea modurik dagoen kalkulatu eta produktuaren aztarna jartzeko", kontatu du Sergio Dias Sanchez Landare Iruñerriko produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkarteko koordinatzaileak ere. Beraien kasuan, produktu ekologikoak saltzen dituzte soilik, ahal heinean tokikoa, ekoizle eta hornitzaile txikienak, eta ontzirik gabe erostea bultzatzen dute. Bezeroak euren 3.500 bazkideak dira, eta bi denda dituzte, bata Arrotxapean eta bestea Atarrabian. “Barne lanketa izan da batez ere, baina nik uste datorren urtean hasiko garela probak egiten, behintzat gehien saltzen diren produktuekin”, azaldu du Landarekoak. Momentuz, tokikoa sustatzeaz gain, saiatzen dira jendeak soltean eros dezan bultzatzen.

Sergio Dias Sanchez: "Gu une honetan ikusten ari gara ea modurik dagoen kalkulatu eta produktuaren aztarna jartzeko"

Edozein kasutan, hiruak bat datoz: etiketa horien helburua nagusia kontsumitzaileari informazioa bermatzea da, produktuen ingurumen-eragina ezagutu dezaten eta erosketa modu egokiagoan erabaki dezaten. Euren helburua lortzen duten jakiteko, Eroskik martxan jarri du inkesta digitala, egitasmoa abiaraztearekin batera. “Entzun egingo dugu kontsumitzaileek, bezeroek eta bestelako interes-taldeek diotena. Horrekin batera, dendetan ere jarrera ikusiko dugu, adibidez, produktuok nola saldu diren etiketa izan aurretik eta ondoren”, esan du Martínezek.

Etorkizunean, derrigorrez?

Ikusteko dago oraindik zein etiketa gailenduko den besteen gainetik. "Agian pare bat urtetan eskema hobea ateratzen da, edo egun dagoen bat garatu da", adierazi du Martínezek. Horrek, beraz, etengabeko egokitzapenak egitera behartuko ditu honetan ari direnak.

Horrekin batera, une honetan eragina neurtzea ez da derrigorrezkoa. “Eta etorkizunean ere ez dakigu derrigorrezkoa izango den edo ez. Uste dugu metodologia ezarri egingo dela, hori bai, baina ikusteko dago zein puntura arte. Izan ere, derrigorrezko egiteak ekonomikoki ere errekurtsoak eskatzen ditu, ez soilik Europari, baizik eta entitateei ere”, plazaratu du Cidadek. “Enpresa txiki batek esan dezake, adibidez, nahikoa dutela euren egunerokoarekin”, gaineratu du.

Une honetan eragina neurtzea ez da derrigorrezkoa. “Eta etorkizunean ere ez dakigu derrigorrezkoa izango den edo ez"

Ikertzaileak dioenez, Europak topatu dezaken bide bat da “nolabaiteko pizgarriak” ematea. Pizgarri horietako bat izan daiteke enpresek komunikatzea egiten duten hori, eta nola hobetu duten. Edozein kasutan, gizartean bertan komunikazio eta sentsibilizazio lan handia egiteko dagoela uste du Aztikoak.