Itsaraz parke eolikoaren proiektua ezeztatu du Espainiako Gobernuak
Aramaio eta Eskoriatza artean eraiki nahi du Statkraft enpresa norvegiarrak 60,4 MWeko parkea
Espainiako Gobernuak, Trantsizio Energetikorako eta Errenta Demografikorako Ministerioaren bitartez, Itsaraz izeneko proiektuaren aurkako adierazpena egin du, egitasmoaren ingurumen-inpaktua hizpide izanik. Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean parke eolikoa ezarri nahi zuen proiektuak “inpaktu negatibo esanguratsuak” izan ditzakeela argudiatu du Gobernuak, hegazti-faunagatik, eta, oro har, ingurumenagatik.
Statkraft enpresa norvegiarrak 7,55 MWko gaitasuna duten zortzi aerosorgailu eraiki nahi ditu; alegia, 60,4 megawatteko (MW) gaitasuna duen parke eolikoa izango litzateke. Hain zuzen, 50 MWetik gorako proiektua denez, eskumena Espainiako Estatuari dagokio; Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) gaur argitaratu dutenaren arabera, ordea, “ez dago berme nahikorik” ziurtatzeko parkeak ez duela eraginik izango tokiko fauna babestu eta mehatxatuan.
Izan ere, hainbat hegazti espezie bizi dira inguru hartan, esaterako, sai arreak eta zuriak. Gainera, txostenean azaltzen da egitasmoak kalte egin diezaiokeela Natura 2000 Sareari eta Urkiolako babestutako guneari. Bizkaiko Foru Aldundiak ere proiektuaren aurka egin du, eraginak “onartezinak” izango direla azpimarratuta.