Kutsatu duenak ordain dezalaren legea
Datorren urtetik aurrera zaborren zerga tasak nabarmen egingo dute gora Hego Euskal Herrian. Espainiako hondakinen legeak hauen kudeaketa defizitarioa izatea debekatzen du, eta hondakinak sortzen dituzten herritarrek zerga bidez ordaindu beharko dute kudeaketa
Litekeena da zaborren tasak nabarmen egitea gora Hego Euskal Herrian datorren urtetik aurrera. Herritarrek nahiz enpresek tasen igoera sumatuko dute. Europar Batasunak hondakinak birziklatu eta berrerabiltzea sustatzeko zuzentarauak Espainiako Hondakinen Legea sortzea ahalbidetu zuen, eta lege honek zerga tasa berria ezartzea behartzen die udalei 2025eko apirila baino lehen.
Europako batzordeak 2018an onartu zuen zuzentaraua, eta lau urte beranduago, 2022an, Espainiako legeak Europako araudia garatu zuen. Araudi hauen arabera, hondakinen bilketa zerbitzuak ezingo die gasturik eragin erakunde publikoei, hots, hiri nahiz herrietako hondakinen kudeaketak ezingo du defizitarioa izan udalentzat, eta horrek dakarren kostua zergen bidez bildu beharko dute.
Espainiako legeak dioenez, toki-erakundeek, hiru urteko epean (2025eko amaitzen amaitzen da), tasa berri bat onartu behar dute, hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko eragiketen benetako kostua islatuko duen eta sortutako hondakinetan oinarritutako ordainketa-sistema bat garatuz. Hau da, udalek zerga tasa berri bat sortzera behartuta daude, zeinetan kuota zehazterako garaian, etxe bakoitzak sortutako hondakin kopurua kontuan hartu behar duen. Gainera, legeak erabiltzaile bakoitzak sortzen duen hondakina neurtzeko teknologia garatzea ere eskatzen du.
Espainiako legeak dioenez, toki-erakundeek, hiru urteko epean, tasa berri bat onartu behar dute, hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko eragiketen benetako kostua islatuko duen eta sortutako hondakinetan oinarritutako ordainketa-sistema bat garatuz
Zergadunak kuoten igoera nabaritzen hasiak dira tasa berriak ezarri diren lekuetan, udalek, bilketa-sistema berri sofistikatuagoek, kostu handiagoa dutela argudiatzen dutelarik. Hala ere, legearen helburua bilketa zorrotzagoa, birziklapena eta herritarrek sortutako hondakinen murrizketa sustatzea da; beraz, tasa berriak hondakin gutxiago sortzen dituzten zergadunak ere "saritu" beharko lituzke, askoz ere gutxiago ordaindu beharreko kuotarekin.
Udalen ezinegona
Zaborren kudeaketa oso defizitarioa izan ohi da udalentzat. Lege berri honek, ordea, bestelako logika bat jarraitzen du: “kutsatzen duenak ordain dezala”. Hondakinak sortzen dituzten herritar nahiz enpresek ordaindu beharko dituzte tasak, eta geroz eta hondakin gehiago sortu orduan eta tasa handiagoa dagokie.
Espainiako estatuan, etxebizitza bakoitzeko 92 euro inguruko batez besteko tasak ordaintzen dira, eta kostu osoaren %60 baino ez du estaltzen. Adituen, kalkuluen arabera, hondakinen kudeaketa 3.800 milioi eurora iritsiko da Espainia osoan, eta zaila izango da gastu guzti honi aurre egitea.
Hego Euskal Herriko hainbat hiriburuetako udalek tasen igoera iragarri dute
Udalen artean ziurgabetasuna nabaria da. Udalerri bakoitzak hondakinen kudeaketari aurre egiteko behar duen kostuaren araberakoa izango da, toki bakoitzeko tasen igoera. Hego Euskal Herriko hainbat hiriburuetako udalek tasen igoera iragarri dute: Gasteizen %85 igoko dituzte eta Bilbon %10. Nafarroan, mankomunitateek dute hondakinen kudeaketaren eskumena, eta ikusteke dago zer neurri hartuko dituzten. Halaber, Donostian, Eneko Goia alkateak aste honetan hitz egin du aferaren inguruan, eta ez du argitu igoera zenbatekoa izango den. Dena den, aitortu du hondakinen kudeaketa gastu eta diru-sarreren artean %21eko diferentzia dagoela.
Eudel EAEko udalen elkartea ere gaia aztertzen ari da, eta udalerri txikienei laguntzekoa asmoa azaldu du. Udalerri bakoitzak hondakinen kudeaketa gastuak ondo neurtu beharko ditu, gerora, kostu horien araberakoa izan beharko baitu zerga tasak, kudeaketa osoaren diru-sarrerak kostuak baino altuagoak izan daitezen.