Merkataritzaren etorkizuna kontsumo azkarraren garaian
Globalizazioa eta kontsumo azkarraren garaian jasangarritasasuna eta tokiko merkataritza nola uztartu aztertu dute hainbat adituk Bilbao Dendak elkarteak antolatutako mahai inguruan
Kontsumitzaileek duten botereaz ohartzeko beharra. Ideia horretan bat etorri dira Airí Ferrer moda jasangarriko aholkularia eta Fashion Revolution Euskadiko koordinatzailea, Ada Parellada Kataluniako sukaldaritzaren erreferente eta gertuko merkatuen aldeko aktibista eta Mikel Elzo Feijoo SKFK markaren sortzaile eta zuzendaria Bilbao Dendak elkarteak asteazkenean antolatutako mahai inguruan. “Beste era batera kontsumitzea posible, beharrezkoa eta premiazkoa da. Gure kontsumo-erabakiak funtsezkoak dira aldaketa gerta dadin”. Hausnarketa hori abiapuntu hartua antolatu du asteazken honetan elkarteak “Solasaldiak Dendaostean topaketen 17. edizioa”. Jasangarritasunak bertoko merkataritzarekin izan behar duen harremana jorratu dute hiru adituek eta nagusitzen ari den egungo merkataritza globalizatuarekin kritiko agertu dira.
Gaiaren konplexutasuna ulertzeko adibide oso argigarria eman du Rafael Gardeazabal Bilbao Dendakeko presidenteak mahai inguruaren hasieran. 39 urte darama Gardeazabal moda denda baten buru, eta egun bera hasi zenean baino hiru aldiz moda gehiago kontsumitzen dela salatu du, denda kopurua nabarmen murriztu arren. Eredu honen ondorioak luze eta zabal jorratu dituzte adituek. Segundoero arropaz betetako kamioi batek zabortegirako bidea hartzen du. Hala, Ghana edo Atacamako (Txile) zabortegien irudiak gero eta maizago ematen dira.
Kalteak planetan eta gure kaleetan
Fashion Revolution mugimendua 2013an sortu zen Bangladesheko Rana Plaza eraikinaren hondamendia eta gero. Marka ezagunentzat arropa ekoizten zuten 1.134 langile hil ziren bertan. Janzten ditugun arroparen atzean zer dagoen aztertzeko sortu zen mugimendua. Ferrer Euskadiko ordezkaritzaren arduraduna da. Ekoizpen kate osoaren ikuspegia izatea ezinbestekoa dela deritzo, egungo ereduak sortzen dituen desorekak ikusarazteko. Ondorioak nabarmenak dira. Jantzi bat diseinatu eta bezeroen eskutara heltzeko produktuak 45.000 km egiten ditu, munduari buelta osoa, horrek dakarren kalte ekologikoarekin. Munduko bigarren industriarik kutsakorrena da modarena. CO2 isurketen %10 eta uraren kutsaduraren %20aren eragile. Kostu sozial nabariak ere baditu. Hala, fast fashion markentzat lan egiten duten langileek lan baldintza gogorrak pairatzen dituzte, produktu merkeak lortu ahal izateko. Salmenta katearen azken katebegian dendak daude eta horregatik bertoko denden aldeko hautua ezinbestekotzat jotzen du Ferrerek.
Munduko bigarren industriarik kutsakorrena da modarena. CO2 isurketen %10 eta uraren kutsaduraren %20aren eragile
Ideia horrekin bat egin du Parelladak. Bertoko dendetan kontsumitzeak ekonomia lokala sustatzen du, eta hori burujabetzarako ezinbestekoa da. Kaleei eta auzoei bizitza eta nortasuna ematen diete dendek eta hiri paisaia hobetzen dute, eremu seguruagoak sortuz.
Parelladak, gainera, betiko dendak aniztasunaren berme direla nabarmendu du. Mundu osoan nagusitu diren saltoki handiek hirietako kale nagusiak kolonizatu dituzten bitartean, bertako merkataritza eta jatetxeek bizitza ematen diete auzo eta herriei, aberastasuna banatuz.
Kontsumitzaileen boterea
Baliabide naturalak agortzen dituen ereduaren aurrean bezeroen boterea azpimarratu dute hiru hizlariek. Hala, SKFKko sortzailearen ustez, botere gehiago dute bezeroen euroek boto-emaileen bozek baino, eta horretarako informazioa tresna garrantzitsua da. Ferrerek, haleber, galdetzearen garrantziari egin dio azpimarra. Produktuak nondik datozen galdetzea eta “made in” legea aipatu du. Egun produktuaren azken fasea egiten den herria agertu ohi da "made in" etiketan. Hala, Txinatik etorritako jantzi bati Europan botoi bi gehitzen bazaizkio “made in Europe” jartzea ahalbidetzen du legeak. Horregatik dendariei produktuak nondik datozen galdetzea aholkatzen du. Europako Batzordeak onartutako pasaporte digitala eta trazabilitatearen legea urrats garrantzitsuak badira ere, nazioarte mailako arauak aldarrikatu ditu Elzok.
Saltokiak eboluzionatu beharra
Bezeroek gertuko merkataritzaren alde egiteko saltokiek egokitu beharra dutela nabarmendu dute mahai inguruan parte hartu dutenek. Horretarako ezinbestekoa da erosketa hutsetik esperientzia izatera pasatzea, emozioa salduz. Ferrerek, esaterako, saltokiek bigarren eskuko produktuak ere saltzea, jantziak konpontzeko edo produktuak trukatzeko aukerak ematea proposatu du, bezeroei aukera jasangarriak emateko. Horretarako Frantziako gobernuaren adibidea aipatu du, 2028 bitartean 158 milioi euroko funtsa sortu duelarik kontsumitzaileei jantzien konponketak ordaintzeko. Elzok saltzaileen garrantzia ere aipatu du, bezeroei behar duen informazio guztia emateko.
Gertuko merkataritzaren garrantzia
Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako Zuzendari Nagusiak aurrera begiratzera animatu ditu merkatariak. Mugicak kezka azaldu du egungo egoeraren aurrean. 1.000 negozio galdu dira azken lau urteotan eta tokiko merkataritzak gure gizartean eta ekonomian duen garrantzian jarri du azpimarra. Baikor agertu da, halere, eta saltokiak eraldatzen ari direla ekarri du gogora, digitalagoak eta jasangarriagoak izate aldera.