Muga zerga berriak CO2 isurien auzian
Ekonomiaren deskarbonizazio prozesuan CO2 emisioen merkatuan gutxinaka eragiten saiatu da Europar Batasuna. 2030ra begira isurien kopurua nabarmen jaistea du jomugan Nazio Batuen Erakundeak
Urriaren 1etik aurrera abian da karbono gisako inportazioei muga zergak ezartzeko Europar Batasunaren prozesua. 2026a du jomugan proiektuak eta, denbora horretan, ondasun inportatzaileen produktuek eragindako CO2 emisioen berri eman beharko dute. Berez, informazioa soilik helarazi behar izango dute, muga zergaren kopurua zenbatekoa den erakundeak kalkulatzeko.
Ekonomiaren deskarbonizazio prozesuak sektore anitzetako merkatuen eraldaketa eragiten du, dakarren kostuekin. Trantsizio energetikoaren beharrizana bilakatu da ekonomien energia berrikustea, eta aurrerapausoak emateko helburuarekin egiten dute aurrera mundu mailako erakundeek, Europar Batasuna kasu. Hala ere, zerga politikak ez dira nahikoa izango trantsizioa burutzeko aditu batzuen ustetan.
Urriaren 1etik aurrera abian da karbono gisako inportazioei muga zergak ezartzeko Europar Batasunaren prozesua. 2026a du jomugan proiektuak eta, denbora horretan, ondasun inportatzaileen produktuek eragindako CO2 emisioen berri eman beharko dute
Aitor Urresti Gonzalez EHUko ingeniaritza irakasle eta ikertzaile aditua da trantsizio energetikoaren auzian, eta EBak gauzatu duen muga zerga aurreproiektuaren inguruan aritu da: “Momentuz, CO2 isurien murrizketa nabarmena oraindik ez da gertatu”. Haren aburuz, karbonoaren inguruko zergak sektore anitzetako merkatuak kontsumo egokiago batera moldatzeko helburua dute, merkatu “logika” errespetatuz. Hala ere, Urrestik uste du denbora asko igaro dela merkatuaren esperoan: “Beste alde batera begira egon dira, eta ez dira behar besteko aldaketak gauzatu”.
Historikoki CO2aren prezioa “oso baxu” izan dela dio, hainbat urtetan zehar kontsumitzeko eskubideak ia debalde eman baitira. Enpresek hura aprobetxatu eta produkzio berdintsua lantzen jarraitu izan dute, prezioa baxu xamar mantentzen horrela. Azken urteetan, baina, Europar Batasunak CO2a isurtzeko eskubide horiek “mozten” hasi dela azpimarratu du, prezioen gorakada eraginez. “Testuinguru horretan, merkatuaren erantzun egokiaren esperoan aplikatu zituzten zergak”. Baina merkatuko agenteek mekanismo horiek saihesteko bideak aurkitzen dituztela dio Urrestik.
Indarrean sartu diren muga zergen helburua emisioen merkatuan “gaizki” funtzionatzen zuen mekanismoak konpontzera bideratuta daude
Oraintsu, urriaren 1ean, indarrean sartu diren muga zergen helburua emisioen merkatuan “gaizki” funtzionatzen zuen mekanismoak konpontzera bideratuta daudela dio ikertzaileak. Europako enpresen lehiakortasuna ez suntsitzeko xedea dute zergek, enpresek isuritako kantitateko kopuru bat ordaintzera behartuko zaielako. Neurriak logika duela uste du: “Larregi eman diren debaldeko emisio baimenak ezeztatzean, kanpotik datozen eta debaldeko eskubideak izaten jarraitzen duten karbono produktuak maila berean jartzen ditu muga zergak”. Hau da, kanpotik datozen produktuak aitortu behar dute zenbat emititzen duten eta zenbat ordaindu duten isurtzeagatik. Jasotako informazioarekin, 2026an hasiko da Europar Batasuna mugetan tasak ordaintzen.
Irakaslea “zalantzan” dago neurri onenak diren. Izan ere, hainbat hamarkada darabilte neurri horiekin, eta emisioen murrizketa ez da nabari haren ustetan. Energia berriztagarrien gorakadak zein banakoen kontsumoa jaisteko ohiturak dira eman den emisioen murrizketa baxuaren eragileak, eta ez merkatu mekanismo horiek. “Egoera ikusita, erregulaziora jo behar dugu bai edo bai”, mahaigaineratu du.
Pizgarriak eta dirulaguntzak
Merkatuaren joan-etorriak bideratzeko auzi honetan, emisioen jaitsiera pizgarrien bidez zein dirulaguntza “berdeen” bidez egitea erabaki du Europar Batasunak hainbat urtez. Neurri eskasak, Urrestiren esanetan. “Neurri boluntarioak izan dira, baina industrian bereziki ez dute haien prozesua askorik aldatu”. Nazio Batuen Erakundeak 2030erako isuriak nabarmen jaitsi behar direla aurkeztu du, jomugan duten epe bezala definitu dutelako. Honako erronka “serio” hartu behar dela dio Urrestik, eta horretarako ibilbide bakarra mugak zein erregulazioak jartzea dela argi du. Hori bai, mugak jartzearekin batera dirulaguntzak ezarri behar direla azaldu du: “Enpresek laguntza behar izango dute erregulazioen prozesuak aurrera eramateko”.
Energia berriztagarrien gorakadak zein banakoen kontsumoa jaisteko ohiturak dira eman den emisioen murrizketa baxuaren eragileak, eta ez merkatu mekanismo horiek
Gastu publikoaren gorakada nabarmen honekin, herrialdeen zorra ere hizpide bilakatu da hainbat lurraldeetan. Europar Batasunak muga zergen proiektuarekin batera zorraren inguruko gidalerro jakin batzuk aurkeztu ditu hilabete honetan. Bertan, trantsizioaren beharrizanaz jabetu nahi ditu banakoak zein enpresariak, eta horrekin bat egin du Urrestik ere: “Trantsizioa finantzatzeko behar dugun guztia gutxiago da ezer ez egiteagatik etorriko denarena baino”. Hau da, zorra handitzearen ondorioak ez dira hain kaltegarriak izango trantsizioa ez egiteagatik sortuko ziren eraginekin alderatuta.
Klima aldaketaren ondorioz sortu ahal diren egoerak konplexuak izan daitezke. Hori dela eta finantzazio sistema birpentsatzeko hautua egin behar dela uste du ikertzaileak. “XX. mendeko zergak daude martxan egun, eta gizarte bezala ditugun beharrak zeharo ezberdinak dira”. Zerga ugari kaltegarriak diren sektoreetan ezarri eta horiekin trantsizioa finantzatzea proposatzen du Urrestik.
Mugak jartzearekin batera dirulaguntzak ezarri behar direla azaldu du: “Enpresek laguntza behar izango dute erregulazioen prozesuak aurrera eramateko”
Kezkatuta ageri da hurrengo urteetan emango den auzia dela eta. “2026ra goaz muga zergekin, baina pentsatu behar dugu 2030ean emisioen murrizketa nabarmena gauzatu nahi dugula”, azpimarratu du. Azken lau urteetan dena “presaka” egin behar izango dela uste du, eta hura deigarria da haren aburuz. “Muga zerga horiek osagarri onak dira, baina erregulazioa funtsezkoa da, oso geldo goazelako eta premia larrian gaudelako”.