Naturklimak lehen uzta hidroponikoa eman dio Gipuzkoako Elikagai Bankuari
Barne-laborantzako sistema hidroponikoa ezarri du Donostiako Eskuzaitzeta poligonoan, Terrace Lab start-uparekin lankidetzan
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak barazki freskoen lehen laborantzaren emaitzak eskaini dizkio Gipuzkoako Elikagaien Bankuari. Uztailaren hasieran, Naturklimak Donostiako Eskuzaitzeta poligonoan duen egoitzan barne laborantza hidroponikoko sistema berritzaile bat ezarri zuen. Terrace Lab start-up madrildarrarekin lankidetzan ondu dute proiektua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, Terrace Lab sistema "elikadura sentsibilizazioa sustatzeko diseinatuta dago, 'nekazaritza zerbitzu gisa' kontzeptuaren bidez" (FaaS, ingelesezko siglak). Ikuspegi horrek teknologia aurreratuaren "eraginkortasuna eta iraunkortasuna" nekazaritza tradizioarekin uztartzen ditu, barne nekazaritza sustatuz hiri eta lan eremuetan.
Horren harira, Jose Ignacio Asensio Naturklimako presidenteak eta aldundiko jasangarritasun saileko diputatuak "ekimen aitzindaria” dela adierazi du. “Hiri-inguruneetan elikagaiak landatzeko modua iraultzeaz gain, aukerak sortzeko eta gure gazteen ekintzailetza babesteko konpromisoa indartzen du".
Bere esanetan, laborantza hidroponikoko proiektu hau "adibide bikaina da ekintzailetza ekonomia zirkularraren printzipioekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotzeko".
Lehen uzta honetan, letxuga eta albaka ekoiztu dira beste barazki batzuen artean. Etorkizunera begira, Naturklima eta Terrace Labek barazki barietate handiago bat lantzea aurreikusten dute.