EAEn salgaien garraioak (logistikak) berotegi-efektuko isurpenen %35 sortzen du | Argazkia: iStock

JASANGARRITASUNA

Spacelog proiektuak datuen erabilera eraginkorra sustatu nahi du logistikaren sektorean

EAEko logistika sektoreak berotegi-efektuko isurpenen %35 sortzen du, eta antolatzaileen ustetan garrantzitsua da hori kontuan hartzea, sektoreen aztarna zehazki kalkulatzeko

Spacelog izeneko proiektua abiatu dute Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak, Basque Food Clusterrek eta Aclima Basque Environment Clusterrek. Egitasmoaren helburua da datu-espazioak ezartzen laguntzea ekoizpen industrialaren hornidura-kateen kudeaketan. Hau da, datuen erabilera eraginkorra sustatu nahi du proiektuak, sektoreen arteko lankidetza bultzatuko duen ekosistema komun bat bultzatuta.

Izan ere, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak emandako datuen arabera, EAEn salgaien garraioak (logistikak) berotegi-efektuko isurpenen %35 sortzen du. Horregatik, egitasmoaren sortzaileek adierazi dute logistika eremuko emisioak kontuan hartu behar direla, “sektore bakoitzaren ingurumen aztarna zehatz-mehatz neurtzeko”. Beraz, haien esanetan datu-espazioak konponbide “iraultzaileak” dira, berrikuntza errazteaz gain jasangarritasuna ere sustatzen dutelako.

Proiektuaren abiapuntua elikaduraren sektorea izan da, Basque Food Cluster EAEko elikadura katearen laguntzarekin. Egun 151 enpresek osatzen dute taldea, eta “elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko” lan egiten dutela azaldu dute. Gainerako taldeei dagokienez, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak salgaien zein pertsonen mugikortasunaren gainean lan egiten du; Aclima Basque Environment Clusterrek, aldiz, ingurumen arloko elkartea da.