96 herrialdetako 8.200 konpainiak dute B Corp zigilua | Argazkia: Ternua Group

JASANGARRITASUNA

Ingurumen, gizarte eta ekonomia ongizatearen zigilua lortu du Ternua Groupek

Gainditu beharreko ebaluazioan 95,7 puntu eskuratu ditu taldeak. Batez beste enpresek 50,9 puntu eskuratzen dituzte

Ternua Groupek B Corp zigilua lortu du ebaluazio zorrotz bat pasatu ondoren. B Labek ematen duen zigiluak baieztatzen du enpresa bat arduratsua dela ongizate sozialarekin, ekonomikoarekin, baita ingurumenarekikoarekin ere. Hala, B Corp zigilua ezarri zaie Ternua Groupi, baita taldea osatzen duten markei ere: Ternuari, Loreak Mendiani, Lorpeni eta Astoreri.

Konpainia ebaluatua izan da bost alorretan: langileak, ingurumena, bezeroak, gobernantza eta komunitatea. Orotara 95,7 puntu eskuratu ditu taldeak, eta zigilua lortzeko beharrezkoa den 80 puntuko langa soberan gainditu du, ebaluazioa egiten duten enpresek batez beste 50,9ko puntuazioa lortzen duten bitartean.

Arrasaten egoitza duen taldeko zuzendari nagusiak, Jokin Umerezek, adierazi du oso harro daudela lortutako emaitzarekin, eta azaldu du B Corp enpresa izanik lanean jarraituko dutela beharrezkoak diren aldaketak egiten, konpainia hobe bat bilakatzeko. "Enpresaren hastapenetatik garrantzia gehiago eman diogu gauzak nola egiten direnari, zer egiten denari baino, eta enpresa etikoa izatea lehentasuna izan da". Edu Uribesalgo Ternua Groupeko berrikuntzako eta jasangarritasuneko zuzendariak gehitu du beraien gain hartzen dutela etorkizunarekin eta ondorengo belaunaldiekin duten erantzukizuna, eta horretan oinarrituta jarduten duela taldeak. 

Egun, 96 herrialdetako 8.200 konpainiak dute B Corp zigilua. Espainiako estatuan 260 konpainia dira zigiludunak, Ternua Group barne. B Lab 2016 urteaz geroztik dabil B Mugimendua sustatzen: sistema ekonomikoaren aldaketa da helburua. Horretarako, programak, egiturak eta tresnak sortu dituzte, hain zuzen, kapitalismoaren kultura eta egitura aldatzeko asmoz.