Ontzi eta bilgarriei buruzko legearen gainean ere aritu dira | Argazkia: Aideac

JASANGARRITASUNA

Trantsizio ekologikoa sustatzeko elkartu dira Aclima eta AFM Cluster

Proiektuaren helburua da ingurumenaren kudeaketarako tresnak eskaintzea Gipuzkoako lurraldeko makina-erremintaren sektorean

Aclima, ingurumen arloko klusterrak, eta AFM Cluster, fabrikazio aurreratuaren klusterra, elkarlanean aritu dira Green Machine lankidetza proiektuan. Helburua Gipuzkoako lurraldeko trantsizio ekologikoa sustatzea da, batik bat, makina-erremintaren sektorean. Finantzaketa jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuarengandik. Proiektuaren bitartez identifikatzen saiatu dira prozesu, teknologia eta zerbitzuak, hain zuzen, makina-erremintaren sektoreko erronkei erantzuna eman ahal izateko. Konponbide horiek identifikatuta, erreminten eta hornidura industrialen fabrikatzaileek haien lehiakortasuna hobetzea nahi dute.

AFM Clusterrekoek adierazi dute proiektuaren xedea dela eragina izatea bai Gipuzkoako bai EAEko industria sektore guztietan, biak ala biak “zeharkakoak direlako eta zeregin bikoitza dutelako”. Aclimatik gehitu dute proiektuak bi sektoreetan izango duela eragin positiboa, eta, ondorioz, “ingurumen-inpaktu txikiagoa izango duen eta merkatu globalean balio erantsi handiagoko produktuak izango dituen enpresa-sare baten eraikuntzan aurrera egiteko gai izango dela”.

Urrian bi saio egin dira enpresekin, non ingurumena zaintzeko ezinbesteko tresnak eman dizkieten; horietako batzuk dira: ingurumen kudeaketako tresnak, (ISO eta EMAS ziurtagiriak), produktuaren eta erakundearen karbono-aztarnaren kalkulua, eta ingurumen ekodiseinua eta etiketak, besteak beste. Ontzi eta bilgarriei buruzko legearen gainean ere aritu dira, enpresen egokitzapena eskatzen baitu araudi berriak. Hala, enpresei azaldu zaizkie ontzien eta bilgarrien inguruko orientabideak.