Argazkia: iStock

JASANGARRITASUNA

Urban Mobility Days jardunaldiak egingo dira urrian eta azaroan

Mugikortasun jasangarria sustatzea du helburu egitasmoak, eta auto, motor, bizikleta eta patinete elektrikoak erabili ahal izango dituzte bisitariek

Urban Mobility Days izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Sprilurrek eta Industrialdeako 11 elkartek mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz. Lau jardunaldi egingo dira denera, Artean, Zamudion, Pasaian eta Donostian, urriaren 6tik azaroaren 10era bitartean.

Lau udalerri hauetako enpresa parkeetan “dibulgazio saio teoriko-praktikoak” eskainiko dituzte antolatzaileek. Mugikortasun arloko langileak eta erabiltzaileak nahiz interesa duen edozein pertsona hurbildu daiteke jardunaldietara. Hala, ibilgailuen erabilera egokia ezagutu eta ikasi ahalko dute bisitariek, eta auto, motor, bizikleta eta patinete elektronikoak gidatzeko aukera izango dute.

Arteako Bildosola industrialdean egingo da lehen jardunaldia urriaren 6an, eta Zamudioko Pinoa industrialdeko Ibaia eraikinean bigarrena, urriaren 20an. Pasaiako jardunaldia Navalaldea industrialdean egingo da urriaren 27an, eta Donostiakoa, azkenik, Zuatzu enpresa parkean egingo da azaroaren 10ean. Jardunaldia guztiak goizeko 10:00etatik arratsaldeko 16:00etara egingo dira.