Lan eta bizi
Aitor Albizua: “Ekimenak balio lezake Iparraldeko profesional euskaldunen harremanak sustatzeko"
Ipar Euskal Herriko lehen afterwork-a edo lan-ostea antolatu dute ostegunean, Kanbon, 'Lanetik Lekora' izenpean. Hiru langile euskaldunek egin dute apustua, lanetik at euskararen aldeko ohiturak indartu eta, giro goxoan, hizkuntzaren normalizazioan urratsak emateko.
Ikasturte hasierak dinamika berri bat ekarri du Ipar Euskal Herriko sektore profesionalean. Estreinakoz, euskarazko afterworka edo lan-ostea egingo dute Lapurdin, Lanetik lekora izenpean. Hiru langile euskaldun eta euskaltzalek egin dute parioa, lanetik at euskararen aldeko ohiturak bultzatu eta mintzaira eremu profesionalean normalizatzen jarraitzeko. Ostegunean, irailaren 7an egin dute hitzordua, 18:00etan, Kanboko La Villa Bleue ostatuan. Aitor Albizua antolatzaileak bertaratzeko deia egiten du.
Nola sortu zen Lanetik lekorako ideia?
Hiru pertsona gaude proiektuaren atzean: SEIGOS enpresako Isaak Elduaien, Mamia Kolektiboko Pierre Bastres eta ni neu, Albizua ingeniaritzarekin. Hirurak hortik gatoz justuki, ingeniaritzatik, eta Ipar Euskal Herrian bizi gara egun (Donibane Garazin, Senperen eta Kanbon, hurrenez hurren). Bai Euskarari elkartearen ekitaldi batean elkar topatu genuen Irunen, eta euskararen normalizazioaz mintzatzen ari ginela, gutako batek esan zuen, “zergatik ez ditugu lan-osteak edo afterworkak antolatzen?”. Isaak Alemanian ibilitakoa da, ni Frantzian, eta afterworkak egin izan ditugu, baina ez euskaraz. Aipatu genuen Iparraldean horren falta nabari genuela, eta hori suspertzeko ekitaldi honekin hasi ginen.
Mota honetako lehen ekimena da Ipar Euskal Herrian?
Guk oraingoz lehena deitu diogu, ez dakigu beste norbaitek halakorik antolatu ote duen. Lehenengo Lanetik lekora izendatu dugu (lapurteraz “lan-ostea” esan nahi du), eta beste norbaitek jada egin duela esaten badu sinetsiko diogu. Baina momentuz lehena da [barrez].
"Nire kasuan, behintzat, lortu dut euskaraz lan egitea Ipar Euskal Herrian. Sektorearen arabera, adibidez, errazagoa da. Gero kostaldera joanda, gauzak zaildu egiten dira"
Nolakoa da euskararen egoera zuen inguruetako lanean?
Nire kasuan, behintzat, lortu dut euskaraz lan egitea Ipar Euskal Herrian. Sektorearen arabera, adibidez, errazagoa da. Gero kostaldera joanda, gauzak zaildu egiten dira. Bere momentuan ikusi genuena zera da: ikasketa garaian euskaraz hitz egiten da, baina gero lan bila kanpora joatean-edo, hizkuntza-jarrera hori disolbatu egiten da apur bat. Horren ondotik, ausartu egin behar duzu euskaraz mintzatzera.
Halaber, ikusten dugu jendeak baduela gogoa. Badu gogoa hitz egiteko, eta nahiz eta ahalegina eskatu, lan-inguruan ere saiatu beharra dago. Lan-munduan, beste batzuk euskaraz aritzeko gogoarekin direla ikusteak ere lagun dezake normaltasunera iristen.
Eta lanetik at? Aisialdiko beste espaziorik ba al da euskaraz lanaz mintzatzeko?
Bada, askorekin mintzo zaitezke euskaraz, baina lanaren inguruan hitz egiten hasten garenean, sarritan frantsesera pasa behar dugu. Beharbada hiztegi faltagatik, edota erraztasun gehiago sortzen direlako. Baina ikusten da badela jendea euskara hor duena, prest. Badira belarriprestak, ahobiziak, eta lanaz hitz egiteko ere bai, noski. Lanetik lekora ekimenak balio lezake Ipar Euskal Herriko profesional euskaldun horiek ezagutzeko, eta elkarren arteko harremanak sustatzeko. Gero hortik harremanak sor daitezke, eta harreman horiek euskarazkoak badira, egin dugu egin beharrekoa.
Nolako erantzuna izan duzue momentuz?
Oraingoz jendeak eman du izena, eta gehiagok ere esan digute etorriko direla. Interesa sortu da, eta nahiko harrera ona izan du sare sozial profesionaletan, baita komunikabideetan ere. Ikusiko dugu ostegunean, baina printzipioz jendeak esan digu baietz, etorriko dela, eta jakinmin hori ere badago. ESTIA ingeniaritza eskolatik ere lagundu digute jende gehiago gonbidatzen eta mezua zabaltzen, Mauleko enpresei ere idatzi diegu. Etorriko direnetako askok ere harremanak dituzte Hegoaldearekin, eta hori partekatzea ona izan daiteke, Euskal Herrian normaltasun gehiagorekin bizi ahal izateko euskaraz.
"Prototipoa da: ikusi behar dugu jendeak nola hartzen duen, parte nola hartzen duen, zergatik etorri diren edo ez… hurrengoa antolatu behar dugunean gauzak hobeto egiteko"
Programarik antolatu duzue lehen ekitaldirako?
Horretarako erabili nahi dugu lehen hitzordu hau: elkar ezagutu eta elkarren arteko dinamika nola sortzen den ikusteko. Azken finean prototipoa da: ikusi behar dugu jendeak nola hartzen duen, parte nola hartzen duen, zergatik etorri diren edo ez… hurrengoa antolatu behar dugunean gauzak hobeto egiteko. Eta lehen gaia horixe litzateke: landu nahi diren gaiak edo interesak mahaigaineratzea. Baina, oro har, helburua da momentu on bat pasatzea: jendeak bere artean, bikoteka edo talde txikitan hitz egiten badu eta benetan bat-bateko elkarrizketak sortzen baldin badira, oso polita izango da.
Eta gerorako, zein izango litzateke zuen asmoa?
Gure asmoa da hemen ez gelditzea, alde batetik bestera antolatzea Lanetik lekora. Lehena Kanbon antolatu dugu, besteak beste, ni hemen bizi naizelako. Duela urtebete iritsi ginen familiarekin, eta horren harrera ona eduki genuenez, nolabait esker ona erakutsi nahi diegu (eta horrela bizikletaz joan naiteke [barrez]). Gero ikusiko dugu ekimena nola doan, baina Garazin, Maulen, edo Lapurdiko kostaldean ere antolatu nahi genuke. Bertan ere badira enpresa-taldeak, eta ziur pozarren izango direla hitz egin eta jendea ezagutzeko. Azken finean horretarako baita, elkar ezagutu eta lanaren inguruan giro goxoan hitz egiteko.