Argentinatik Leitzara, artisau gerriko poltsak eskaintzen
Hamaruk enpresaren sortzailea da Miriam Viviana Giménez eta haren oihalezko gerriko poltsek oso harrera ona izan dute
Gaztaroa Argentinako Buenos Aires probintziako Loma Verde herrian pasa zuenean, 46 urteko Miriam Viviana Giménezek, Vivi goitizenez ezaguna, bere amaren eskutik ikasi zuen josten. “Besteen menpe ez egoteko lagungarria izango zela esaten zidan; eta hain zuzen, josteak bizimodu bat eskaini dit”, ziurtatu du.
2002 urtean Alacantera joan zen “abentura bila”, eta gero Valentziara mugitu zen. Han bere senarra Jaume ezagutu eta elkarrekin Cultura Camper ekimena hasi zuten, furgonetetarako osagarrizko oihalez egindako produktuak ekoiztuz.
Hamaruken lehen pausoak
Jaumeren lanbidearekin harremana zuten kontuak zirela eta, duela bi urte bikotea Leitzara joan zen bizitzera. Han, aurtengo maiatzean, Viviri bururatu zitzaion oihalez egindako osagarriak, hasiera batean, batez ere gerriko poltsak, eskuz, artisau-eran, egin eta saltzeko ideia. Horretarako inspirazioa “ingurunetik, herritik eta haren jendetik” etorri zitzaion. Iniziatiba martxan hastean auzokideen ideiak jasotzeko ere prest azaldu zen.
Cederna Garalur erakundearen laguntza jaso zuen, auzotar batek haren kontaktua eman ostean. Hasieran, Viviana bere ideia martxan jartzeko mesfidatia zen: “Banekien horrelako negozioa Valentzian eramaten, baina ez nekien Nafarroan gauza bera egin ahal nuenik”. Hala ere, Cederna Garalurretik ideia ona zela esan eta garatzen hasteko konbentzitu zuten.
Miriam Viviana: “Banekien horrelako negozioa Valentzian eramaten, baina ez nekien Nafarroan gauza bera egin ahal nuenik”
Bestalde, Atenea deituriko lagun batek diseinuak eratzen lagundu zion. Enpresa-sortzaileak ere erabaki zuen haiei eranstea Leitzako zigilua. Enpresari Hamaruk deitzea pentsatu zuen, izenak hainbat kontzeptu barne hartzen baitzituen: “hamar” zenbakia, “ama” hitza eta Tupaq Amaru enperadore inka, besteak beste.
Vivik berak lantzen ditu produktuak josteko makinarekin. Jaumek, aldiz, sare sozialekin eta eta enpresaren webgunearekin laguntzen dio. Enpresa jaioberriak Instagramen ere badu presentzia, hamaruk_ kontuaren bidez.
Oihal artisau, iragazgaitz eta jasangarriak
Diseinu guztiek “eredu bera” dute, ezaugarri komun batzuk dituztelarik; baina horrez gain, gai bakoitza bezeroaren arabera pertsonalizatuta dago. Vivianaren hitzetan, “Nafarroan artisau-lanei oso garrantzi handia ematen zaie”.
Momentuz, Hamarukek hiru gerriko poltsa mota eskaintzen ditu, Mendi, Nomadak Bask eta Atenea deiturikoak. Azken hau Viviren lagunaren omenez deitzen da horrela. Iragazgaitzak dira, “Leitza bezalako gune euritsuetan oso garrantzitsua den zerbait”. Vivianaren produktuen uhalek 60 eta 150 zentimetro artean neurtzen dute, neurri eta gorputz guztietara egokitzeko. Gainera, batzuek sistema mugikorrak dituzte, bizikletan eroso eramatearren. Halaber, Hamaruk motxilak ere eskaintzen hasiko da, haien eskaera “oso handia” da eta.
Hamarukek hiru gerriko poltsa mota eskaintzen ditu, Mendi, Nomadak Bask eta Atenea deiturikoak
Enpresa berri honen beste gakoetako bat jasangarritasuna da, hainbat faktoreren bidez garatuz. Lehenengoa gertutasuna da: material guztia Iberiar Penintsulako puntu ezberdinetan (Bilbo, Zaragoza, etab.) erosten dute. Horrek “produktua garestitzen du, baina hori konpentsatzeko, kontsumitzaileak aintzat hartzen du”.
Hamaruken erabilitako kordek Oeko-Tex erakundearen ziurtagiria lortu dute. Horrek baieztatzen du materiala ez dela kaltegarria ingurunearentzat, neurri handi batean birziklatuta dagoela eta ez dela animali jatorrikoa.
Gorantz doan negozioa
Hamarukek Hego Euskal Herrian saltzen du batez ere, “gerriko poltsek eta antzeko kirol-gaiek oso eskaera handia dute eta”. Ereduek zortzi urteko haurretatik 60 urteko helduetarainoko zerrenda betetzen dute. “Merkatuan dagoen eskaintzarekin, jendeak nire diseinuak zehazki hautatzeak poz berezia eragiten dit”, azaldu du argertinarrak.
Lleida, Andaluzia eta Kantabriatik ere deiak jasi ditu. Instagramen murgilduta egoteak eta webgune propioa eratzeak zabalkundea eman dio. Hala, Hamaruken hiru salmenta gune daude Leitzan, Lekunberrin eta Santanderren.
Eskualdeko merkatu eta azoketan ere parte hartu du bikoteak. Hein horretan, merkataritza landatarra bermatzeko helburua daukan Plazaola partzuergoaren laguntza jasotzen dute. Orain arte, Hamarukek emandako etekinak ez dira nahikoak izan horretaz soilik bizitzeko, baina Vivianari gustatuko litzaioke “egun batean helburu hori lortzea”.