Lan eta bizi
Cristobal Balenciaga. Telesail bat, bost sekuentziatan
Jada ikusgai dago Disney Plus plataforman Cristobal Balentziagaren bizitzari buruzko telesaila. Bost sekuentzien bidez ezagutu daiteke jostun ospetsuaren alderdi humano, artistiko nahiz ekonomikoa
Urtarrilaren 19az geroztik, Cristobal Balenciaga sei atalez osatutako telesaila ikusgai dago Disney Plus plataforman. Azken honen originals kategoriako kimua da, eta, besteak beste, telesailaren finantziazio guztia Disney beraren konturakoa izan dela esan nahi du horrek. Alberto San Juan aktoreak Getariako jostun ospetsua hezurmamitzen du; Irusoin eta Moriarti euskal ekoiztetxeek kudeatu dute produkzioa, eta Moriartiko Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak gidoia eta zuzendaritzaren ardura izan dute. Lourdes Iglesiasek ere parte hartu du gidoiaren idazketan eta telesailaren sorkuntzan. Eta haren nebarena, Alberto Iglesias musika-konpositorearena, da soinu banda. Hurrengo lerroetan Balentziagaren dimentsio humanoaz, artistikoaz eta ekonomikoaz zertzelada batzuk, telesaileko bost sekuentzia esanguratsuren bidez.
1.Etxe berri bat Parisen
1937an gaude. Irudian, moda-desfileen gela dotore bat. Modeloak desfilatzeko korridorea erdian eta ikusleak aulkietan eserita inguruan: gehienbat, handiki aristokratikoak eta kazetariak. Kontraplanoan, errezel baten zirrikitutik ezkutuko zelatan dagoen adin ertaineko gizona: Cristobal Balenciaga. Urduri dago, eskarmentu handia izanagatik -Donostian, Madrilen eta Bartzelonan moda desfileak arrakasta handiz antolatu ditu aurretik-, modaren munduko hiriburu Parisen, goi-mailako joskintzako, haute couture delakoaren kolekzio bat aurkezten ari da estreinakoz. Balentziagaren izaeraren zantzu batzuk agerian geratuko dira: zeharo perfekzionista da, eta aldi berean, ikaragarri insegurua. Ezkutuko zelatariaren errekurtso zinematografiko hori, bestalde, Moriartikoek bikainki erabili zuten euren aurreko film luzean -Lubaki amaigabea-, zeinean protagonista 30 urtez etxean ezkutatuta geratzen den, frankismoak errepresaliatuko duen beldur.
2. Dena da politika
Afixa bat Balenciaga etxearen kanpoaldean. Eraikina ixteko agindua da, orduko autoritateek sinatuta. 1940an gaude, nazien Frantzia okupatuan. Nicolas Bizkarrondo (Josean Bengoetxea) donostiar enpresari antifrankistak, Balentziagaren laguna ez ezik, haren mezenasa ere dena, enpresako langileei beren etxeetara lasai bueltatzeko eskatzen die, itxieraren kontu hori argituko duela gero berak. Cristobalek, aldiz, bazkide eta maitale duen Wladzio D’Attanvilleri (Thomas Coumans) esaten dio litekeena dela okupazio indarrek bikotearen homosexualitatearen berri izatea. Beranduago, Bizkarrondok benetako arrazoia ematen du: etxea itxi egin diete kolekzio berriaren kapelengatik, hauek probokatiboegiak omen direlako. Biziki gogaituta, kapelen errua -hortaz, etxearen itxieraren errua- egozten die jostunak bai Wladziori, bai Bizkarrondori: politikan sartu izana leporatzen dio, modaren negozioan apolitikoa izan behar, bera hala den bezala. “Dena da politika” arraposten dio Nicolasek, “baita kapela bat ere”.
3. Hubert de Givenchy
“Hemen mundu guztia ari da Dior etxeari buruz hizketan baina niretzat zu zara benetako maisua”. Hemen hori, modaren munduko festa elitista bat Parisen, eta hitzok, Hubert de Givenchy moda diseinatzailearenak, zeinarentzat sekulako ustekabea den Balentziaga bezalako eminentzia bat horrelako toki fribolo batean topatu izana. 1960ko hamarkadan gaude, prêt-à-porter eztandaren lehen egunetan; Givenchy gazteak Christian Dior edo Gabrielle Coco Channel mentore gisa aukeratu litzake, baina festa haren ondotik, getariarraren dizipulu bihurtuko da. 2009an, Oskar Tejedor zuzendari donostiarrak “Balenciaga, eta hala ere iraun” izeneko dokumental bikaina ondu zuen. Gauza asko ditu goraipatzeko dokumentalak, hala nola, Emmanuel Ungaroren edo Hubert de Givenchyren lekukotzak. Ikusgai dago primeran.eus-en.
4. Erreginaren soinekoa
Belgikako erregina izango den Fabiola (Belen Cuesta) printzesak eta Balentziagak elkar ezagutzen duteneko sekuentzia. Fabiolaren prentsa arduradunak (Nati Ortiz de Zarate) egiten ditu aurkezpenak. Badute iragan bat amankomunean. Izan ere, printzesaren birramonari, hau da, Getariako Casa Torreseko -gaur egun Balentziaga museoa dagoen tokia- markesa izandakoari Cristobalen amak soineko eta jantzien konponketak egiten zizkion. Sekuentzia honek iraganera bidaia egitea ahalbidetuko digu: Cristobalen haurtzarora. 10 urte zituela aitarik gabe gelditu zen, eta miretsi eta maite zuen amarengandik jostunaren ofizioa ikasi zuen. Nerabea zelarik, Casa Torreseko markesaren jantzi baten erreplika egin behar izan zuen. 40 urte beranduago, Belgikako erregina bezala koroatuko den egunean Cristobalek jantziko du Fabiola. Bestalde, Cristobalen amaren papera Moriartikoen aktore kuttunetako batek hezurmamitzen du, Itziar Aizpuruk - getariarra, nola ez-. Telesaileko lehen atalean bien arteko elkarrizketa telefoniko zoragarri bat dago, euskaraz.
5. ‘Prêt-à-porter’arekin talka
Prêt-à-porter - prest janzteko literalki-, modaren mundua irauli zuen joera berri bat izan zen. Labur esanda, modaren estandarizazioa, hau da, harrezkero jantziak seriean egitea suposatu zuen. Aurkako muturrean goi-mailako joskintza zegoen, alegia, bezero bakoitzaren neurrira egindako jantziak.1960ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Europako herrialde garatuenetan, emakumeak lan merkatura sartzen hasi zirenean, hauek ez zeukaten gogorik goi-mailako soinekorik janzteko, ez eta horretarako aukerarik ere ez, kasurik gehienetan. Esan gabe doa, Balentziaga ez zetorrela bat joera berri horrekin.
Bukatzeko, hasierara bueltatuko gara. Euskal Herriko historiaren zorigaiztoko 1937ra, hain zuzen ere, zeinean Parisko Georges V etorbidearen 10. zenbakian Maison Balenciaga ireki zuen jostun ospetsuak. Handik oso gertu, Marceau etorbidearen 11.ean, Eusko Jaurlaritzak erbestean egoitza nagusia izango zenaren eraikina erosi zuen, hain justu, 1937 urte hartan. 1951ean, ordea, eraikina husteko agindu zuten Frantziako agintariek. Gaur egun, Espainiako Cervantes institutuaren egoitza da. Kurioski, 1937ko ekainean eta Parisen bertan ere, Pablo Picassok Gernika margolana amaitutzat jo zuen 33 eguneko lanaren ondoren. Baina hori beste istorio bat da.