Eduardo San Emeterio, Lazarraga sari banaketako ekitaldian | Argazkia: Bai Euskarari Elkartea

LAN ETA BIZI

Eduardo San Emeterio: “Lehen komunikazioan euskaraz ulertzen ez dugula esatea akatsa da"

Angostoko Kanpinak 2022ko Lazarraga Saria jaso du Arabako beste bost entitaterekin batera. Bai Euskarari Elkarteak Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lana aitortzeko urtero banatzen duen saria da

Arabako biztanleen %48,2 euskara ulertzeko gai da, Arabako Foru Aldundiaren datuen arabera. Horrek esan nahi du arabar guztiak euskaraz komunikatzeko gai ez badira ere, ia erdiak, behintzat, hizkuntza ulertu egiten duela. Aldundiak dio aldaketak ari direla ematen, eta pixkanaka euskara sustatzea eta erabiltzea onuragarria dela jabetzen ari direla enpresa, saltoki eta bestelako entitate arabarrak ere. Hain zuzen ere, Lazarraga Sariek, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lana aitortzen dute. Biosasun, Errota Hortz Klinika, Emaize Sexologia Zentroa, EBA S.L., eta Angosto kanpina izan dira 2022ko Lazarraga Sariak jaso dituzten Arabako bost entitateak. Euskararen Egunean, Angosto Kanpineko zuzendariarekin, Eduardo San Emeteriorekin hitz egin nahi izan dugu EnpresaBIDEAn, lan munduan euskaraz eroso aritzeko eredu izateko zer egin duten azal diezagun.

Zorionak Lazarraga saria jasotzeagatik. Euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenak saritzen dituzte. Zer suposatu du horrek Angosto Kanpinarentzat?

Eskerrik asko. Duela ia 25 urte kanpina ireki genuenetik egin dugun lanaren aitortza da, euskara bultzatu eta transmititu izanaren oroigarri bat. Euskara asko entzuten da gure bezero eta langileen artean eta, egia esan, askotan esan izan digute oso giro euskalduna dagoela kanpinean bertan.

Saria jaso izana bereziki zerbaitengatik jaso duzuela uste duzu? Ekimen berriren bat edo egin duzue euskararen alde?

Nik uste aurten Bai Euskarari Elkarteak euskararen alde burutu ditugun ekintza txikiak saritu nahi izan dituela. Gure kasuan, lehen hitza beti euskaraz egiten dugu, informazioa ere euskaraz ematen dugu, oharrak ere hala dauzkagu, eta webgunea ere bai. Euskarazko hizkuntza aukera eskaintzen dugu arlo guztietan.

Hala ere, aurten beste ekimen txiki bezain polit bat ere eraman dugu aurrera eta baliteke horrek ere saridunen artean egotea erraztu izana. Hiztegi txikiak egin ditugu euskaraz kanpinean gehien erabiltzen diren hitz eta esaldiekin. ‘Itzaletan eseritzeko lekurik ba al dago?’; ‘bi ebaki, mesedez’; edota ‘eskerrik asko’ bezalakoak txertatu ditugu bertan. Atzerritarrak hiztegiari begiratu eta euskarazko hitzak esaten ikustea oso polita eta aberasgarria izan da guretzat. Beti dira ongietorriak halako bultzadatxoak, giro euskalduna sortzen laguntzen dutenak.

Eduardo San Emeterio: “Lehen hitza beti euskaraz egiten dugu, informazioa ere euskaraz ematen dugu, oharrak ere hala dauzkagu, eta webgunea ere bai. Euskarazko hizkuntza aukera eskaintzen dugu arlo guztietan”

Gaubean dago kokatuta zuen kanpina. Ikerketen arabera ez da oso zonalde euskalduna.

Halaxe da, bai. Gaubea ez da batere gune euskalduna eta horregatik uste dugu kanpinean euskara jakinda, bultzadatxoa ematea guri dagokigula. Bestela nork egingo du? 20-50 langile aritzen gara lanean bertan, sasoiaren arabera. Gehienok dakigu euskaraz eta saiatzen gara publikora begira lan egiten dutenak euskaldunak izaten. Hala ere, askotan ezinezkoa egiten zaigu langile euskaldunak izatea, batez ere ostalaritzan. Gaubeakoa, ostalaria eta euskalduna izatea oraintxe ia ezinezkoa da. Ondorioz, udan gazteleraz hitz egiten duten ostalariak izan ditugu eta ingurukoez gain, baita Kuba, Kolonbia edota Marokotik etorritakoak ere. Hiru kubatar nabarmendu nahi nituzke, lanean egon diren uneoro saiatu baitira bezero euskaldunak ulertzen eta zenbait hitz euskaraz egiten. Txalotzekoa da.

Are gehiago, datorren urtera begira jarrera hori bultzatu nahi dugu kanpinean. Euskaraz ez dakien jendeak ikaragarrizko ohitura du ulertzen ez duela eta elkarrizketa gaztelerara pasatzeko. Nik uste hasierako agurra, mesedez eta antzeko hitzak behintzat euskaraz egin beharra dagoela eta ondorengoa ere euskaraz ulertzen saiatzea garrantzitsua dela, edukazioa mantenduz.

Zergatik saiatzen gara ingeles bati ingelesez hitz solteak esaten, edo keinu bidez komunikazioa errazten gaztelerara pasa gabe? Eta zergatik ez euskaraz? Hausnarketa horixe egin izan dut nik behin baino gehiagotan eta irudipena daukat lehen komunikazioan oztopoa jarri eta euskaraz ulertzen ez dugula esatea akatsa dela. Euskaraz ari dena ulertzen saiatu eta lau hitz solte euskaraz egitearen lehen esfortzu hori oso garrantzitsua dela uste dut.

“Atzerritarrak hiztegiari begiratu eta euskarazko hitzak esaten ikustea oso polita eta aberasgarria izan da guretzat. Beti dira ongietorriak halako bultzadatxoak, giro euskalduna sortzen laguntzen dutenak”

Gaubean euskaraz gutxi egiten bada ere, zu hala mintzo zara. Euskaldun berria zara ala ama hizkuntza duzu?

Euskaldun berria naiz. Egia da etxean ez genuela hitz egiten baina txikitan ikasi nuela euskaraz Durangoko HABEn. Erabiltzen dudan hizkuntza da, kanpinean edozein lekutan edo edozein egoeratan euskarazko elkarrizketa bat izateko gai naiz, eta hizkuntza ohitura hori transmititzen saiatzen naiz izan etxean, kalean zein lanean. Beharrari lotuta, gainera, bisitari asko eta asko euskaldunak direnez, zerbitzu egokia beraien hizkuntzan ematea beharrezkoa dela uste dut.

“Euskaraz ez dakien jendeak ikaragarrizko ohitura du ulertzen ez duela eta elkarrizketa gaztelerara pasatzeko. Nik uste hasierako agurra, mesedez eta antzeko hitzak behintzat euskaraz egin beharra dagoela eta ondorengoa ere euskaraz ulertzen saiatzea garrantzitsua dela”

Bisitari asko euskaldunak direla aipatu duzu. Zein da izaten dituzuen bisitarien profila?

Asteburuetan gerturatzen direnak normalean haurrak dituzten familia gazteak izaten dira, 30-40 urte bitartekoak eta gehienak Euskal Autonomia Erkidegotik datoz Gipuzkoa, Bizkaia zein Arabatik. Gero, udan ja Espainiar estatutik zein atzerritik datozen bezeroak ere izaten ditugu.

Nik uste inguruak erakartzen dituela. Azken batean, Gaubea oso handia da: 30 herriz osatuta dago, 2.000 pertsona inguru izango gara bertan bizi garenak, eta hiru parke naturalez inguratuta dago. Nerbioiko ur-jauziak ere bisitari ugari erakartzen ditu eta hemen alboan daukagu. Mendiak, errekak, bertako animaliak… nik uste naturaz gozatzeko ingurune paregabea dela, aukera asko eskaintzen dituena. Horrek ere kanpina ia beti beteta izatea ekartzen du.

Pandemia osteko garai hauetan, nabaritu duzue erreserbetan igoerarik?

Nik uste baietz, normaltasunera itzuli garela eta jendeak etxetik ateratzeko gogoa ere baduela. Egia da kanpina irekita dugun uneetan eta eguraldi ona egiten duenetan, ia beti beteta egoten dela. Esperientzia errepikatzen duten bezero asko ditugu, aurretik aipatu bezala, inguruak erakarrita etortzen direnak. Orain datorren abenduko zubi akueduktuaren ostean, itxi egingo dugu martxora arte. Hala egiten dugu urtero. Ia 600 metrora dago kokatuta kanpina eta hotz handia egiten du neguan, gogorra izaten da elur eta izotz askorekin. Martxoaren 3an irekiko dugu atzera, eta ikusiko dugu ea zer nolako harrera izaten duen kanpineko datorren denboraldiak.