Argazkia: iStock

LAN ETA BIZI

Ekonomiak eta literaturak ba ote dute loturarik?

Ekonomia eta literaturaren arteko harremanaz gehiago jakin dugu bi arloak ongi ezagutzen dituzten adituen eskutik

Enpresa eta ekonomiaren ikasketak egin, baina literaturarako bidea hartu duenik ere bada. Afizio batzuentzat, ofizio bilakatua besteentzat. Anton Arriola ekonomialari eta Kutxabankeko presidente berriak, esaterako, zenbait eleberri idatzi ditu. Baina, itxura batean hain ezberdinak diruditen bi diziplinek, ba al dute inolako loturarik? Zer du ekonomiak literaturaz, eta zer literaturak ekonomiaz?

Ana Urkiza, Abancako giza baliabideetako arduradun eta idazlearen iritziz, ekonomia eta literatura elkartu ezintzat jo izan dira beti: “Ikasketa garaitik hasita, letrak eta zenbakiak betidanik bereizi izan dira”, aitortu du. Ikusi du, ordea, bien arteko lotura ere: “Eleberri bat kontsumora bideratutako produktu izan liteke, saldu egiten delako. Hortxe ekonomiarekin duen loturetako bat”. Baina, eleberri bera “inbertsioa” ere badela uste du, “bere izaerak, mezuak edota hizkuntzak herri bati ematen dion balioa” ere badelako. Soldatarekin ere elkartu ditu ekonomia eta literatura, egindako literatura lanarengatik irabaziak izanez gero, hor ere lotura bat dagoela argituta.

Ana Urkiza: “Eleberri bat kontsumora bideratutako produktu izan liteke, saldu egiten delako. Hortxe ekonomiarekin duen loturetako bat”

Kontraz, ekonomiak literaturatik “oso-oso gutxi” duela iritzi dio: “Ekonomia azaltzeko modua aldatzen ari da, saiakerak egin dira zaila dirudien arlo bat beste era batera komunikatzeko eta interpretatzeko. Ez nintzateke ausartuko esaten literaturara heldu garenik, baina aurrerapausoak eman direla uste dut”.

Istorioen Excelak

Literaturak ekonomiatik zerbait ote duen galdetuta, plangintzarekin duen lotura bururatu zaio lehenengotik Xabier Etxeberria Garro idazleari: “Eleberri eta gidoien ideia bat izan bezain laster, ondo planifikatu behar izaten da. Excel batean antolatzen dut nik guztia, eta alde horretatik badu kontabilitatearekin lotura moduko bat ere”.

Xabier Etxeberria Garro: “Eleberri eta gidoien ideia bat izan bezain laster, ondo planifikatu behar izaten da. Excel batean antolatzen dut nik guztia, eta alde horretatik badu kontabilitatearekin lotura moduko bat ere”

Excel kalkulu programaz haratago, literaturak ekonomiarekin bestelako loturarik ere baduela azaldu du. Bere ustez, “literaturaren sortzaile denak, saltzaile ere izan behar du, azoketara joan aurretik, bere lana argitaletxeei saldu behar izaten dielako”.

Eta alderantziz ere bai, ekonomiak literaturatik ere baduela deritzo. Enpresa eta ekonomia ikasketak burutu zituen Etxeberriak, eta etorkizun ekonomikoari begira egiten diren aurreikuspenen teoriak narrazioan idazten direla azaldu du. “Ekonomiari lotuta, etorkizunean izango diren gertakizun posible horien teoria idatziak ez daude literaturatik oso urrun”. Horretarako, literaturan bezalaxe, imajinazioa ere behar dela jakinarazi du.

“Ekonomiari lotuta, etorkizunean izango diren gertakizun posible horien teoria idatziak ez daude literaturatik oso urrun”

“Torlojuak eta letrak”

"Nire literaturgintzan azken urteetan geroz eta eragin handiagoa izaten ari da munduko ekonomia eta enpresen bilakaera. Urteak igaro ahala, ogibide dudan kanpo merkataritza arloan bizi eta ikusitakoak pisua hartzen hasi dira nire narrazioetan ere”. Lotura horixe dute ekonomiak eta literaturak Mikel Zubeldia alemaniar multinazional bateko esportazio arduradun eta idazlearen ustez. Pertsonak, gizarte-antolakuntzak, eta tokian-tokiko ekonomia egiturak “Europako betaurrekoez ez baino kanpokoenak baliatuz” ikusten saiatu behar izan duela azaldu du, ekonomiaren ardatz atlantikoa ekialderantz mugitzen ari delako, eta Afrika zein Hego Amerikako herrialdeak ere gero eta garatuago daudelako. “Lanean bizi izan ditudan egoera ekonomiko batzuk, gerora idatzi ditudan zenbait istorioen pizgarri izan dira. Adibide bezala, bizipen horien ondorioz leku berrien izenak ere asmatu izan ditut: Pretropolis, Oddington, Duppeville, Ôchreland eta beste”.

Mikel Zubeldia: “Lanean bizi izan ditudan egoera ekonomiko batzuk, gerora idatzi ditudan zenbait istorioen pizgarri izan dira. Adibide bezala, bizipen horien ondorioz leku berrien izenak ere asmatu izan ditut: Pretropolis, Oddington, Duppeville, Ôchreland eta beste”

Zubeldiaren arabera, beti esan izan omen da euskal literaturak ez duela behar bezala tratatu industria lan-mundua, eta are gutxiago ekonomiarena. “Kuriosoa” deritzo egoera, “nabarmena delako industriak euskal gizartean duen eragina eta pisua”.  Hala ere, “nire xumetasunetik, nire emaria ematen saiatzen ari naiz. Azkena idatzi berri dudan ‘Haizea josten’ eleberrian edo Booktegik argitaratu berri duen ‘Goiz negu, bi negu’ narrazio-bilduman ekonomiaren eta gizartearen eragina eta oihartzuna handiak direla deritzot”, gaineratu du.

Cervantesi jaramon eginez, “torlojuak eta letrak” (“armak” kenduta) deituko lioke Zubeldiak mundua eta ekonomia kontutan izan ohi dituzten idazleen jardunari. Literatura eta ekonomia, biak direlako, bere esanetan, behar-beharrezkoak. “Batak bestearengandik edaten baitu”.