Argazkia: utzita

LAN ETA BIZI

Eskulanak eta sormena biltzen dituen azoka

Urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra BEC-era bueltatuko da Tendencias Creativas eskulanen bilgune entzutetsua. Bertan izango da, besteak beste, Centimetros o Pulgadas

Eskulanen eta sormenaren bilgune entzutetsu bihurtu den Tendencias Creativas azoka Bilbao Exhibition Centrera itzuliko da, urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra. Lau egunetan zehar topagune izango da dekorazio-arteen zale, profesional, artista eta saltokientzat. Sortzaile eta enpresa erakusketari zerrenda paregabea, eta erakusketa eta tailer programa borobila eskainiko du hitzorduak beste urtebetez, bisitariei gozamena eskaini asmoz

2007. urtetik Espainiako estatuan egiten den sektoreko topagune beteranoena da, eta teknika eta proposamen andana aurkeztuko ditu aurten. “Bigarren pabilioian azoka izugarria aurkitu ahal izango dugu berriro ere. Erakustaldi postuak, tailerrak eta erakusketak izango dira, non material ugari topatu ahal izango diren, hala nola buztina, erretxina, kotoia, papera, plastiko magikoa, foama, artehuna, zura eta portzelana”, esan du Arrate Tellaetxe BECeko unitate zuzendariak. Bertan hamar erakusketa izango dira, produktu bukatuez gozatzeko, eta 500 tailer baino gehiago. Tailer horiek lau egunetan zehar egin ahal izango dira, eta, horretarako, aurre erreserba bat egin behar da.

Aukera paregabea da teknologia desberdinak ikusi eta horietaz ikasteko; material berriekin eskulanetan trebatzeko, joera berriak ezagutuz. Gainera, umeentzako tailerrak antolatu dira, hala nola gozoak egitekoak. “Nahiz eta umeentzako hainbat gauza antolatzen ditugun, batzuetan haien kabuz, deus gabe, egoteko aukera izatea interesgarria da”, adierazi du Tellaetxek. Horregatik, aurten ludoteka bat antolatu dute, familientzat interesgarria izan daitekeena.

Arrate Tellaetxe: "Erakustaldi postuak, tailerrak eta erakusketak izango dira, non material ugari topatu ahal izango diren, hala nola buztina, erretxina, kotoia, papera, plastiko magikoa, foama, artehuna, zura eta portzelana”

Bitxitasunen artean, Tellaetxeren arabera, aurten zeramikari buruzko tailer eta ekitaldi berrien aldeko apustu egingo dute. Zeramika indar handia hartzen ari da momentu honetan, batez ere jende gaztearen artean. Beraz, erakusketez aparte, tailerrak ere izango dira lehenengo aldiz. Horrez gain, kandelagintza ere modan jarri da, eta azokan kandelak egiten ikasteko parada egongo da, baita erosteko aukera ere.

Eskulanak egitea tendentzian

Eskulanen eta sormenaren sektorea goranzko joera batean murgilduta dago momentu honetan. “Jendeak ulertu du ona dela osasunerako, eta gero eta pertsona gehiago ikusten dira eskulanak egiten”, azpimarratu du Tellaetxek. Izan ere, gero eta jende gazteago gehiago gerturatzen da azokara, eta sare sozialetan mugimendu izugarria dago.

Gaur egun, tailerrak, esperientziak eta proiektu desberdinak proposatzen dira, eta jendeak eskulanak praktikatzen ditu; hain zuzen ere, asteburuko plana bihurtzen ari da lagunen eta familien artean.

Sormena bultzatzeko ekitaldia

Parte hartzeko prozesua erraza da, izen-ematea bete baino besterik ez dute egin behar. “Hala ere, gure partetik zorrotzak izan behar gara, kontrolatu egin behar baititugu zer-nolako produktuak ekartzen dituzten”, onartu du Tellaetxek. Izan ere, ez dute nahi Tendencias Creativas salmenta azoka bat bihurtzea, produktu bukatuekin; sormena bultzatzen duen ekitaldi bat izan behar da.

Argazkia: utzita

Halaber, parte hartzaile bakoitzak arduratu behar da azokan bere postuaz prestatzeaz, haien etorrera sare sozialetan ohartarazteaz, tailerrak antolatzeaz… “Bakoitzak ezagutzen du zelan saldu ahal dituen bere produktuak modu hoberenean, baina azoka honetan denon artean mugitzen saiatzen gara”, esan du Tellaetxek.

2007tik

Esan bezala, lau egunetan zehar ikastaroak, erakustaldiak eta tailerrak eskainiko dira, elikadura eta sukaldaritza, landareak eta loreak, eskulanak, ehunak edota moda gaien ingurukoak. Horrez gain, Tellaetxek adierazi duenez, aerografia, zeramika modernoa, Tenangoa (Mexikoko brodatua), needle felting-a, dimentsio anitzeko koadroak, patchwork-a eta kapelak eta burukoak esposizio eremuan izango dira ikusgai.

“Tendencias Creativas erraldoia ez bada ere, guretzako urtero errepikatzen den azoka oso garrantzitsua da”, nabarmendu du Tellaetxek. 2007. urtetik urtero antolatzen da; izan ere, BEC-en egitarauan beti izan dute ekitaldi berriak sortzeko asmoa,. Urte hartan Frantziara joan ziren, non eskulanengatiko modaz jabetu ziren. Bazkide bat aurkitu eta akordio bat sinatu ostean, animatu ziren azoka BECera ekartzera.

Ez dute nahi Tendencias Creativas salmenta azoka bat bihurtzea, produktu bukatuekin; sormena bultzatzen duen ekitaldi bat izan behar da

“Gure asmoa da esperientzia zoragarri bat eskaintzea etortzen den edozein bisitariari”, dio Unitate arduradunak. Gaur egun, hainbeste denbora lapurtzen diguten pantailetatik at egoteko momentu bat eskaini nahi dute, bai familian, bai lagunen artean. Pertsonen aisialdia ere aberasteko asmoa dute, networkinga sustatuz. Gainera, jasangarritasunari edo ekonomia zirkularrari arreta handia jartzen diote, eta hainbat tailer eta eskulan antolatuko dituzte birziklatutako produktu eta materialekin lantzeko.

Centimetros o Pulgadas, ohiko parte-hartzailea

Ehun bat enpresa izango dira azokan euren sormen lanak, eta horietarako erabilitako teknikak eta produktuak erakusten eta salgai saltzen; horien guztien artean da Centimetros o Pulgadas.

Centímetros o Pulgadas eskulanetan espezializatutako denda bat da, eta 20.000 erreferentzia baino gehiago dituzte. Zurezko euskarriekin eta pinturekin lan egiten dute, mix median eta scrapbookingean espezializatuta, hala nola papergintzan, paperezko bildumetan, etab. Denda fisikoa Erandioko Astrabudua auzoan dago kokatuta, baina online denda ere badu, 24 ordu baino gutxiagoan Euskal Herrira nahiz Espainiako edozein tokira eskaerak bidaltzeko. “Gaur arratsaldean eskaera bat egiten baduzu, bihar goizeko 9:00etan etxean izango duzu, Espainiako edozein tokitan”, esan du Loli Sampedrok, Centimetros o Pulgadaseko jabeak.

Loli Sampedro: “Denda honetan sartzen den gauza bakoitzak nola funtzionatzen duen eta zertarako balio duen badakit. Horretarako, bi ikastarotara joaten naiz, eguneratuta egoteko”

Proiektua eskulanetarako zaletasunetik jaio zen. “Hasieran ez nuen uste pixkanaka handiagoa egingo zen zerbait egin nezakeenik, baina horrela izan da”, adierazi du Sampedrok. Pandemia garaian, online denda sortzeko erabakia hartu zuen, eta horrekin batera lokal handi batera aldatzeko ideia. Hurbiltasuna da Centimetros o Pulgadaseko balio erantsietako bat; Sampedrok kudeaketa guztiak egiten ditu, hau da, eskaerak prestatzen eta kudeatzen ditu, bezeroei arreta ematen die eta beti erantzun bat emateko prest dago. Horrekin batera, espezializazioa eskaintzen dute. Sampedrok denbora asko ematen du formakuntzak egiten. “Denda honetan sartzen den gauza bakoitzak nola funtzionatzen duen eta zertarako balio duen badakit. Horretarako, bi ikastarotara joaten naiz, eguneratuta egoteko”, aitortu du. Gainera, merkatuaren azterketa handia egiten du, Euskal Herrian topatu ohi ez diren gauzak erosteko eta eskaintzeko.

Argazkia: utzita

Aurten Tendencias Creativas azokan parte hartzen duen hirugarren aldia da. Azokak eskaintzen dituen onurak ikusita, erabaki zuen izena ematea: erakustokia izan, tailerrak egiteko aukera, publizitatea... “Dendan tailer asko antolatzen ditugu, eta hilean behin asteburuetan izaten dira”, esan du Sampedrok. Euren tailerrek harrera oso ona izan ohi dutela dio, asteburuetan Donostia, Gasteiz, Logroño edo Santanderreko jende asko etortzen delarik tailerrak egitera.

"Oker ez banago, gure erakustokia azokako handiena da”, esan du Sampedrok. 30m2 espazioa dute, non produktu barietate handia, eta teknika eta estilo askotarikoak aurkitu daitezkeen. Gainera, azokan hasi berrientzat edo maila aurreratu duten haur zein helduentzako tailerrak antolatzen dituzte, izen handiko sei taileristekin. “Hiru tailer gune ditugu, eta aurten 38 ikastaro eskainiko ditugu. Bakoitzak 12 plaza izango ditu, eta azokako lau egunetan zehar izango dira”, ohartarazi du.

Azokak gastu bat eragiten dio, baina sortzen duen oihartzunak ospe handia ematen dio. “Urtean zehar nabaritu dut azokari esker jende berria dendara etorri dela. Beraz, bilatzen dugun helburua lortzen dugu”, baieztatu du Sampedrok.