Euritan dantzan
Euriari bizkarra eman ordez, hainbat enpresek haren pean erosoago bizitzeko arropa eskaintzeko apustua egiten dute. Horren bi adibide dira Tantä eta Ternua Group
Zirimiritik zaparradara, geure identitatearen parte da euria. Zenbaitetan gozatu egiten dugu, besteetan sufritu. Lanak ematen dizkigu, baita lana ere. Azken hori, batez ere horri lotutako jarduera ekonomikoa garatu duten enpresei.
"Bizi garen tokian bizitzeak eramaten gaitu euria gure egunerokotasunean oso maiz presente izatera, eta sentitzera behar batzuk kubritu behar ditugula. Behar horretatik jaio zen Tantä", kontatu du Leyre Yanguas Tantä Rainwearreko Marketing eta Arlo Komertzialeko arduradunak. Batela 1991 SL enpresatik sortu zen 2018an, marka berri gisa, enpresak ordura arte egiten zuen marinel estiloko arropatik bereizteko. Udaberriko zirak egiten hasi baziren ere, egun euritik % 100 babesten duten berokiak ere egiten dituzte. Urte osorako txamarrak, beraz. "Egunerokotasuna naturaltasun guztiarekin aurrera eraman ahal izatea da helburua, euria ez dadin oztopo bat izan", adierazi du.
Euriarekin harreman "estua" du oso Ternua Groupek ere, "batez ere, Ternua eta Ternua Workwear —lanerako arropako marka, 2021ean sortutakoa— markei buruz hitz egiten dugunean", azaldu du Edu Uribesalgo Ternua Groupeko Berrikuntza zuzendariak. "Gure jantziak erabiltzailearen babesa eta errendimendua hobetzera zuzenduta daude, inguruneko edozein jardueraz gozatzen duen bitartean. Lehorra egotea da beroa izateko faktore nagusia. Horregatik, euritik babesteko eta transpiragarriak diren produktuen garapena oso atal garrantzitsua da Ternua Groupentzat", gaineratu du.
Handitzen, handitzen
2018an jaio zenetik, hazkunde nabaria izan du Tantäk. Urteko fakturazio datuak zehaztu ez baditu ere, Yanguasen hitzetan "hazkunde portzentajeak %150 ingurukoak izan dira denboraldi bakoitzean". Markarentzat, baina, EAE eta Nafarroa ez dira merkatu nagusiak. "Geure salmenta guztien % 10 edo 15 inguru izango da", esan du Marketin arduradunak. Euren apustua izaten ari da Europako merkatuetara zabaltzea: "Frantzia da oso merkatu garrantzitsua, eta Italia ere bihurtzen ari da. Irlandak ere garrantzia du", plazaratu du.
Ternua Groupen kasuan, konpainiak %10eko hazkundea izan zuen 2022an, 31,5 milioi euroko fakturazioa lortzeraino, nahiz eta bigarren seihilekoan hazkundea makalagoa izan. Esportazioak izan ziren igoeraren oinarri, fakturazio guztiaren %32 ekarri baitzioten enpresari, 2021etik % 29 hazita. Kasu honetan ere, Frantzia eta Italia merkatu garrantzitsuak dira, baita Alemania, Austria eta Suitza ere. Europatik kanpo, AEB, Kanada, Japón eta Taiwan dira nagusiak.
2018an jaio zenetik, hazkunde nabaria izan du Tantäk. Urteko fakturazio datuak zehaztu ez baditu ere, Yanguasen hitzetan "hazkunde portzentajeak %150 ingurukoak izan dira denboraldi bakoitzean"
Euriari dagozkion produktuek zehazki taldean duten ekarpen ekonomikoari dagokionez, "zaila da datu bat ematea, arropa iragazgaitzez gain, produktu asko baitaude erabiltzailea zirimiritik babesten duten ura uxatzeko tratamenduak dituztenak, edo jantziaren barruko isolamendua bustitzetik babesten dutenak". Izan ere, Ternua Groupeko eskaintzaren parte handi batek du halako tratamendua, hala nola jakak eta prakak, iragazgaitzak, gabardina, motxilak, lo-zakuak, polainak eta txanoak.
Euria egitean, gehiago saldu
Aurtengo neguan gutxi eta maiz baino, euria aste edo egun jakin batzuetan kontzentratu da. Baina gehiago saltzen al dute eguraldi txarrarekin? "Bai, hala izaten da, baina garapen bat ere izan da, Tantä markak berak izan duen berokien bilakaeragatik", azpimarratu du Yanguasek.
Edu Uribesalgo: "Eguraldia oso faktore garrantzitsua da gure negozioan. Euri, elur eta hotz asko egiten dituen neguek oso eragin positiboa dute gure jardueran eta, oro har, gure marka guztietan"
Klimak bete-betean eragiten du Ternua Groupen jardueran ere. "Eguraldia oso faktore garrantzitsua da gure negozioan. Neguan euri, elur eta hotz asko egiteak oso eragin positiboa du gure jardueran eta, oro har, gure marka guztietan", nabarmendu du Uribesalgok. Esaterako, iazko udazkenean eta negu hasieran izandako eguraldi onak "berokien salmenta gutxitzean" eragin du, taldearen alderdi indartsuenetako bat izanik. "Dena den, ez da beharrezkoa euria egitea saltzen egoteko", dio Yanguasek.
Armairuan luzerako
Tantären kasuan, euren apustua da adin guztietako pertsonek eramateko moduko beroki eta txamarrak egitea, kolore askotakoak, "kalitatezkoak", "patroi minimalistekin" eta "atenporalak". "Helburua da gaur, bihar edo bost urte barru eramateko txamarrak egitea, eta zure euritako jantzi gogokoena izan dadin", azaldu du Marketin arduradunak. Jasangarritasunarekiko euren ekarpena hortik dator batez ere. "Gainera, urtean bi bilduma izaten ditugu, erreferentzia nahiko gutxirekin. Ez ditugu hilero produktu berriak ateratzen, edo urtean lau bilduma. Polikiago goaz, eta saiatzen gara armairuetan gera daitezen", gehitu du.
Hala ere, erabiltzen dituzten lau materialetatik bat guztiz birziklaturikoa da, eta bilduma bateko produktu jakin batzuetan —Chiuvula eta Rominjati ziretan— erabiltzen dute. "Egia da ez dugula egiten nahiko genukeen bezainbeste, hazteko prozesuan izanik ere, oraindik txikiak garelako. Baina ahal heinean saiatzen gara ehun birziklatuak edo zigilu jakinak dituztenak erabiltzen", esan du.
Ternua Groupen kasuan, arropa iragazgaitz bihurtzeko PFC —perfluorokarbonoak— gabeko tratamendua erabiltzen duen mundu mailako lehen marketako bat da
Ternua Groupen kasuan, arropa iragazgaitz bihurtzeko PFC —perfluorokarbonoak— gabeko tratamendua erabiltzen duen mundu mailako lehen marketako bat izan da. "PFC horiek gure inguruko sustantzia arriskutsuak dira, eta, horien propietateei esker, material iragazgaitz, itsasgaitz eta suaren kontrakoetan asko erabiltzen dira", argitu du Uribesalgok. Sustantzia horiek, ordea, gure osasunean kalteak eragin ditzake, baita ingurumenean ere.
Berrikuntza aldetik erronka izan da halako tratamendua garatzea. Baina euriagatik ere, "Berrikuntza sailean, erabiltzailea euritik nola babestu dezakegun bilatzen ari gara etengabe. Gure teknologia propioak garatu ditugu, hala nola, oihal iragazgaitzak eta transpiragarriak, jardueraren araberako balioak dituztenak", dio. Esaterako, goi mendiko jardueretarako "iragazgaitzagoa eta erresistenteagoa" da; mendiko jarduera aerobikoetarako, aldiz, "transpiragarriagoa" eta "arinagoa". "Mendiko jarduerak praktikatzeko produktu funtzionalak sortzeaz hitz egiten dugunean, euriaren babesa gure lanaren zati oso garrantzitsua da", bukatu du.