Euskal egileen liburuak zinemara (eta egile-eskubideen negoziazioa)
Negoziazioa Planeta taldearen eta La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeen artean izan da Zinemaldian estreinatu berri den 'Azken erromantikoak' filmaren kasuan. 'Los destellos'-en kasua, ordea, bestelakoa izan da
Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi dezakeen filmetako bat da Los destellos. Pilar Palomerok zuzendua, Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia liburuan oinarritutako filma da. Ez da, ordea, euskal emakume idazle baten obra abiapuntu izango duen eta Zinemaldian ikusi ahalko den lan bakarra. Izan ere, Txani Rodriguezen Los últimos románticos nobelaren egokitzapena da herenegun arratsaldean aurkeztu zen Azken erromantikoak, David Pérez Sañudoren zuzendaritzapean, Zuzendari Berriak atalean.
Estreinaldira iristeko, baina, lehen pausoa izan ohi da egiletza-eskubideen negoziazioa. Azken erromantikoaken kasuan, pandemia garaian gertatu zen negoziazio hori La Claqueta eta Irusoin ekoiztetxeen, eta Planeta taldearen artean. "2020ko udan izan genuen liburuaren berri, txio baten bitartez. Berehala erosi eta irakurri genuen, eta gustatu egin zitzaigun. Esango nuke abuztu amaieran jarri ginela argitaletxearekin harremanetan", kontatu du Carlos Rosado Sibónek, La Claqueta ekoiztetxeko departamentu negoziotik.
Negoziazio "erraza"
Liburua berez Seix Barral argitaletxekoa da, Planeta taldearen parte dena. Liburu batetik egiten duten lehen egokitzapena ez izanik ere, bazen Planeta taldearekin lan egiten zuten lehen aldia. "Negoziazio guztia taldearen eskubide-eskuratze unitatearekin egin dugu", plazaratu du Rosadok. Negoziazio horretan bermatzen dira, hain zuzen ere, argitaletxearen ikuspegitik idazlearen interesak babestuta izatea, "betiere ulertuta gure sektorea eta ekoizten ari garen film mota".
"Ez gara enpresa bat etengabe nobelen eskubide aukerak jarraitzen dabilena, baina nik, behintzat, parte hartu izan dudan negoziazioetan beti topatu dut beste aldean aldeko jarrera, bai negoziatzeko, bai kondizioak ulertzeko. Negoziazio horiek ez dira beti arrakastatsuak izan argitaletxeek dena delakoagatik ezezkoa eman digutelako".
Carlos Rosado (La Claqueta): "Ez gara enpresa bat etengabe nobelen eskubide aukerak jarraitzen dabilena, baina nik, behintzat, parte hartu izan dudan negoziazioetan beti topatu dut beste aldean aldeko jarrera, bai negoziatzeko, bai kondizioak ulertzeko"
Los últimos románticosen kasuan, prozesu "nahiko erraza" izan zela nabarmendu du. "Geure interesa helarazi genien, eta eskatu ziguten proposamen bat aurkezteko", kontatu du. Ez zen, ordea, liburuari buruz ikus-entzunezko zerbait egiteko aurkeztu zen eskaintza bakarra, baina azkenean, euren proposamena hautatu zuten. "Erabakia hartzerako garaian, pentsatzen dut pisua izango zuela enpresaren track recordak", dio. Izan ere, La Claquetaren eta Irusoinen artean ekoitzi zuten La trinchera infinita. "Horrek ere argitaletxeari nolabaiteko fidagarritasuna eskaini zion proiektuaren atzean geunden ekoiztetxeei dagokienez". Eskakizuna egin zutenetik kontratua sinatu bitarte bi hilabete inguru igaro ziren.
Kontratu horren xehetasunak partekatu ez dituen arren, modu zabalean azaldu ditu Rosadok "Nobela baten gaineko eskubideak negoziatzen dituzunean film bat egite aldera, bermatzen duzu, eta argitaletxeak hala lagatzen dizkizu, esklusiba eskubide batzuk. Denbora horretan, inork ezin du filmaren moldaketa egin". Espainiako Egiletza Eskubideen Legeak biltzen duenez, 50 urteko ustiaketa da ikus-entzunezko lanentzat. "Nahiko denbora tarte zabalez ari gara, beraz, ez diezaioten, inondik inora, lanaren esplotazioari kalterik egin. Izan ere lana geurea da, baina esparru publikora igaro arte", adierazi du.
Los destellosen kasua
Ohikoa izaten da egiletza eskubide horien negoziazioa argitaletxeen eta ekoiztetxeen artean gertatzea. Planeta bezalako argitaletxe handi askok parte hartu ohi dute halako negoziazioetan. Baina badira salbuespenak ere, eta horixe da Eider Rodriguezen Bihotz Handiegiak ipuin sortaren kasua. Jabetza-eskubidea, kasu horretan, egilearena berarena da, eta ez liburuaren lehen edizioa argitaratu zuen Susarena. "Egilearen eta argitaletxearen arteko akordioan, Susaren kasuan, argitaletxearen esku liburuaren lehen edizioaren argitalpena bakarrik geratzen da. Hortik aurrera —itzulpenen bat egiten bada, ikus-entzunezkoren bat...— negoziazioa zuzenean egilearekin berarekin egin behar da, eskubideak bereak dira", kontatu du Mikel Elorza Solisek, Susa argitaletxetik.
Egiletza eskubideez harago, Txani Rodriguezen eta Eider Rodriguezen lanak ez dira azken urteetan pantailara eramandako euskal emakume idazleen lan bakarrak. Katixa Agirreren Amek ez dute liburuan oinarritu du Mar Collek bere Salve María filma, Locarnoko zinema jaialdian estreinaturikoa. Eta urte batzuk igaro badira ere beste kasu ezagunak dira Karmele Jaioren Amaren eskuak liburuarena, Mireia Gabilondok ikus-entzunezko pieza bihurtu zuena, Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarraren El silencio de la ciudad blanca, Daniel Calparsorok izen bereko film egin zuena, edota Dolores Redondoren Baztango Trilogian oinarrituriko hiru filmak, Fernando González Molinak zuzendurikoak.