Euskarazko zenbait komiki | Argazkia; EnpresaBIDEA

Kultura

Euskal komikigintzaren loraldia

Orain hamabost urte baino komiki gehiago argitaratu eta irakurtzen dira gaur Euskal Herrian eta munduan. Sektorea berpiztu egin da, horren lekuko Xabiroi edo Tupust! bezalako proiektuak

Komiki zale handia izan gabe ere, edozeinen etxeko apaletan aurki daitezke komiki ale batzuk. Irudi sortaz haritutako kontakizunak aspaldidanik egin dira liburu, aldizkari eta egunkarietan, eta bestelako kultur diziplinek bezala, ibilbide gorabeheratsua izan dute historian zehar. Orain, aldiz, komikigintza loraldia bizitzen ari dela esaten da. Egia ote? Zinez zaila da egungo erralitatea erabat ezagutzea, are gehiago, munduko leku bakoitzean komikiaren kulturak errotze eta bilakaera diferentea izan duenean. Aitzitik, gorakadaren zantzuak nazioarteko merkatu ugaritan sumatu dira azken urteotan.

Dani Fano marrazkilari eta gidoilari donostiarrak zantzu horiek sumatu ditu Euskal Herriko komikiaren industrian. “15 urteko egoerarekin alderatuta, askoz hobeto gaude. Orain komiki gehiago argitaratu eta irakurtzen dira”, azaldu du. Bada, Euskal Herriaz gain, komikiak une gozoak bizi ditu beste hainbat merkatuetan. Frantzian, adibidez, beti izan dute arrakasta Bande Dessinéesek (BD), bertako kulturan oso errotuta baitago industria. Horren erakusle, Asterix eta Obelixen istorioak. “Segur aski munduko merkatu zabal eta oparoena da Frantziakoa, eta beti egon da irakurzaletasun handia. Urtean 5.000 berritasun baino gehiago argitaratzen dira”, dio Fanok.

Dani Fano: “irakurlegoak barneratu du komikian edozer gai jorratu daitekeela eta proposamen artistiko bezala ere oso zabala dela”

Espainian ere tradizioa handiko industria izan da, eta datuen arabera, azken urteotan argitaratutako lanak nabarmen hazi dira. Euskal Herrian egoera antzekoa bizi duela dio marrazkilariak. “1980ko hamarkadako aldizkariek lurra jo zutenetik oso behean izan da sektorea, eta orain igotzen ari da”. 2022an, 4.415 komiki berri argitaratu ziren Espainiako estatuan, 2021ean baino %15 gehiago, eta orain hamar urte baino %50 gehiago.

Era berean, komikiek ikus-entzunezkoetara emandako urratsak ere hauspotu du industria. Superheroien istorioak, Marvelenak, batik bat, nahiz mangaren arrakasta geldiezinak ikusgarritasuna eman dio mundu osoko komikigintzari. Fanoren ustez, ordean, mundu mailako komikigintzaren berpizkundearen giltzarria komikiak gai edo estilo artistiko batzuekin soilik ez lotzea izan da: “irakurleek barneratu dute komikian edozer gai jorratu daitekeela eta proposamen artistiko bezala ere oso zabala dela”.

Komigile bai, baina boladaka

Hobera badoa ere, sektoreak oraindik baditu gabeziak. Komigilearen aburuz, baliabide ekonomikoak edo proiektuak egoera ekonomiko on batean gauzatzeko aukerak ez dira bereziki ugaldu Euskal Herrian. “Komikia produktu bezala gero eta gehiago irakurtzen da, baina oraindik egileen prekarizazio egoera ez da asko hobetu”, azaldu du. Hortaz, komiki bat egitea errentagarria den galdetuta, Fanok adierazi du egilearentzat ez dela errentagarria. Egile eskubideengatiko diru sarrerak guztikoaren %10 izan ohi dira. “Saldutako ale bakoitzagatik euro bat jasotzen baduzu, pentsa zenbat saldu behar dituzun, bi urteko lan bat amortizatzeko”.

Dani Fano komikilaria | Argazkia: Txema Gartzia

Dena den, argitaletxeak “salmenta politak” izaten ari direla aitortu du, eta literatura liburuekin alderatuta, komikiak gehiago saltzen direla iritzi dio. “Komiki bat egitea garestiagoa da, baina ez nuke esango argitaletxeak dirua galtzen ari direnik”. Testuinguru honetan, Fanoren hitzetan, etekin ekonomikoen banaketan dago sektorearen gakoa.

Dani Fano: “Komikia produktu bezala gero eta gehiago irakurtzen da, baina oraindik egileen prekarizazio egoera ez da asko hobetu”

Edonola ere, badira zenbait urte Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza batzuk eskaintzen dituela, eta urtero lau lan dira laguntza horiek jasotzen dituztenak. “Lan horiek baldintza erdi txukunetan egiten dira. Marrazkilarien lana behintzat ordainduta dago”, kontatu du. Dirulaguntza publikoez gain, beste kasu batzuetan elkarteren batek lortutako dirulaguntzei esker eskuratzen da egilearentzat oinarri ekonomiko bat. “Horrelako proiektu batzuk badira, baina oraindik nahiko genukeenetik urrun gaude”.

Eta, komikiak sortzetik soilik bizi al daiteke bat? “Boladaka, baina oso zaila da mantentzea”, dio gidoilariak, edo “Harkaitz Canok esaten duen bezala: bera idazle profesionala da, baina ez da nobelista profesionala, idazten baitu han artikulu bat, hemen sarrera bat, hor abesti bat… Denok bihurtu behar izan dugu multitask nolabait”. Komikigile gehienak, euren proiektuez gain, prentsan edota kartelgintzan egiten dute lan, batik bat.

Sarea handitzen ari da

Boladak luzatuz, nolabaiteko jarraikortasuna eman nahi izan zaio euskal komikigintzari azken urteotan. Horren harira, hainbat proiektu ugaldu dira. Xabiroi euskarazko komiki aldizkariak, esaterako, 2005ean izan zuen jaiotza, eta Ikastolen Elkartearen eskutik 32 orriko lau ale ateratzen dituzte urtean. Egileei euren lanak “maiztasun jakin batekin argitaratzeko erakusleiho bat” eman ziela azaldu du Fanok. “Aldizkari batek denboran jarraipena du, eta horrek saretzea ahalbidetzen du. Xabiroiren inguruan egile sare bat osatu da, eta sare horretatik sortu dira beste hainbat proiektu eta kolaborazio”.

Ni ez naiz Mikel Laboa komikia | Argazkia: EnpresaBIDEA

Tupust! Kolektiboa da azken urteotako beste proiekturik aipagarrienetako bat. 2016an, emakumezko hogei komikigile euskaldunek sortutako kolektiboa da, eta feminismoa eta komikigintza uztartzea dute xede. Egileen arteko sare bat osatu dute lan eta proiektu berriak gauzatu ahal izateko. Kolektiboaren lehen komiki antologia Txalaparta argitaletxeak atera zuen 2019an. 20 sortzaileren eskutik 14 komiki bildu zituen lanak. Bigarren antologia 2021an plazaratu zuten, autoedizioaren aldeko apustua eginez.

Urnietako Harriet argitaletxeak ere euskal komikigile askorekin egin du lan. Gregorio Muro Harriet komikigile eta gidoilariak sortu zuen 2015ean, eta euskarazko nahiz gaztelaniazko komikiak argiratzen dituzte. Bilbon ere bada, 2001az geroztik Astiberri izeneko komiki argitaletxe ezaguna, eta euskarazko lanak plazaratu badituzte ere, gehienak gaztelaniazkoak dira.

2016an, emakumezko hogei komikigile euskaldunek sortutako kolektiboa da Tupust!, eta feminismoa eta komikigintza uztartzea dute xede

Proiektu horiez gain, fanzineak eta unean uneko ekimenak, edota Txalaparta edo Denon Artean bezalako argitaletxeek ateratako lanak nabarmendu ditu marrazkilariak. Bada, ekimen horiei esker, urtero komikiak argitaratzen dira Euskal Herrian. “Segur aski, askoz gehiago ezin dugu hazi; euskal irakurleak ezin ditu 200 berritasun irentsi”, azaldu du.

Komikipedia web orriak urtez urte Euskal Herrian argitara eman diren komiki kopurua zenbatzen du. Aurten, oraingoz, 31 lan plazaratu dira, iaz 60 inguru argitaratu ziren eta 2021ean 40 bat. Urteak atzera egin ahala, argitalpen kopuruak behera egiten du nabarmen. 2012an, esaterako, sei bakarrik kaleratu ziren. Kopuru horiek merkatuko bilakaeraren inguruko ideia egiteko balio du. Aitzitik, kantitateaz harago, komikien kalitatea eta egindako baldintzak dira garrantzitsuak Fanoren ustetan. “Modan gaudela asko esatea da, baina gure presentzia handitu da”, bukatu du.