Ibai Aizpuruak sortutako Barraka bideojokoa | Argazkia: Utzita

Kultura

Euskarazko bideojokoak hurrengo pantailara bidean

Teknologiaren garapenak bideojokoen industriari sekulako bultzada eman dio azken urteotan, eta nazioartean inoiz ikusi gabeko fakturazio zifrak izaten ari dira. Euskarazko bideojokoek sumatu dute industriaren hazkundea, nahiz eta gurean oraindik bide luzea dagoen egiteko

Goren-gorenean aurkitzen da bideojokoen industria. Newzoo etxearen arabera, 184.450 milioi euroko negozio bolumena izan zuen 2022an sektoreak, eta 2025erako 225.000 milioi eurora iristea aurreikusten dute. Espainiako estatuan, 2022an inoizko fakturazio altuena izan zuen, 2.000 milioi eurotik gorakoa. PlayStation, Xbox eta Nintendoz harago, egungo gaming eskaintza amaiezina da. Teknologiaren garapenak gailu berriak sortu ditu, era guztietako bideojokoak sortzeko atea zabalduz. Ordenagailuak, tabletak, smartphoneak, baita sare sozialek ere, bakarrik eta taldean jokatzeko aukera eskaintzen dute, baita munduaren beste puntan pantaila parez pare duen beste edonorekin ere.

Egun bideojoko askotako txapelketak fenomeno sozial bilakatu dira, jokalari asko profesionalak bilakatzeraino. Mundu osoan gaming komunitate ugari sortu dira, eta nonahi egiten dira ekimenak, txapelketak, jardunaldiak, azokak eta game jamak. Industriaren hazkundeak ere ofizio berriak sorrarazi ditu. Izan ere, bideojokoen industriaren atzean, ezagutza askotariko profesionalen ezinbesteko lana dago. Besteak beste, bideojoko garatzaileak, testeatzaileak, animatzaileak, programaitzaileak, etab...

Game Erauntsia: euskarazko bideojokoen komunitatea

Game munduaren burrunba guzti honek ere izan du oihartzuna Euskal Herrian, hemen ere sortu baitira komunitateak, badira bideojoko garatzaileak, estudioak eta baita unibertsitate eta formakuntza zentroak ere. Game Erauntsia da segur aski gurean dugun euskarazko bideojoko komunitate ezagunena. Lagun talde batek sortu zuen 2014. urtean bideojokoetaz euskaraz gozatzeko lekurik ez zegoela ikusita. “Hutsune hori betetze asmoz” eratu zela dio Lander Unzueta komunitateko kideak.

Komunitatea sortuta urtetik urtera hazten joan da pixkanaka. Webgunea sortu zuten, txapelketak antolatzen hasi ziren, bideojokoen aktualitatea jarraitzeko bloga jarri zuten abian eta irratsaio bat nahiz YouTuben kanal propioa ere badute egun. “Gure lehen ekimen garrantzitsua Jokoteknia izan zen, bideojokoen euskal jardunaldia”, azaldu du Unzuetak.

Bideojokoetaz euskaraz gozatzeko lekurik ez zegoela ikusita, sortu zuen Game Erauntsia lagun talde batek

Hain justu, aurtengo Jokotekniaren edizioa gaur egingo da, Euskararen etxean, Bilbon. “Euskal Herriko bideojokoen industria aztertu eta ezagutzera ematen dugu bertan. Hitzaldiak eta mahai inguruak entzuteko elkargunea da”, dio Unzuetak. Halaber, Durangoko Azokan ere urtero Gamer Gela tailerra antzolatzen dute.

Horrez gain, Game Erauntsiak ere euskarazko bideojokoen zerrenda osatu du, eta azken urteotan ateratako berritasunak kontsulta daitezke bere webgunean. Egun, 131 bideojoko daude euskaraz salgai, eta horietatik hogei azken urtean ateratakoak dira.

Bidea egin dezakeen industria

Nazioarteko bideojoko industriaren datuekin konparatu ezin bada ere, euskarazko merkatua ere ari da apurka-apurka pantailak pasatzen. Game Erauntsiako kideak ere sumatu du bilakaera positibo hori: “Azken bi urteetan euskarazko bideojoko asko kaleratu dira, aurten hogei zenbatu ditugu, eta besteren bat aterako da urtea amaitu aurretik”.

Unzuetak ere komunitatea hazten ari dela igarri du. Egun 200 kide baino gehiago dira, eta beren Telegram taldean eta Discord zerbitzarian ere areagotzen ari da parte hartzaile kopurua. “Geroz eta jende gehiago animatzen ari da blogean idazten, jokoak euskaratzen edota txapelketak antolatzen. Bakoitza bere modura, gustuko duena egiten laguntzen ari da”.

Super Mario 64 euskaraz | Argazkia: Game Erauntsia

Euskarazko bideojoko garatzaileak ere ugaltzen ari dira, baita bideojokoei lotutako zentroak ere, hala nola, EUNEIZ bideojokoen unibersitatea sortu berri da Gasteizen, Bilbon Harrobia ikastolan eta Tartanga Lanbide Heziketako ikastetxean eta DigiPen nazioarteko zentroan ere eskaintzen dituzte trebatzeko formakuntza aukerak, baita Iruñeako Donapea ikastetxean ere.

Lander Unzueta: “Zinea eta musika industrian batera baino diru gehiago gastatzen dugu bideojokoetan. Sekulako industria dago”

Dena den, “askoz gehiago hazi daiteke” dio Unzuetak. “Zinea eta musika industrian batera baino diru gehiago gastatzen dugu bideojokoetan. Sekulako industria dago”. Aitzitik, euskal industria indartzeko dirulaguntzak funtsezkoak direla iritzi dio Game Erauntsiako bazkideak. “Bideojokoak sortzeko finantzazio asko behar da. Programatzaileak, artistak, musikariak eta gidoilariak daude joko batean atzean eta urte askotako lana da”.

Bideojokoen atzean dagoena

Sormen lan horri buruz asko dakiena Ibai Aizpurua da, euskarazko bideojokoen sortzailea baita, eta bere joko propioak garatzeko sortu zuen orain urte batzuk Zomorro Studio. Bere hitzetan, bideojoko bat egitea ezin da film bat edo komiki bat egitearekin alderatu, diziplina hauek neurri eta irizpide jakin batzuen baitan egiten baitira. “Bideojokoak oso zabalak dira eta teknika desberdinak erabili daitezke”, azaldu du.

Aizpuruaren arabera, egun dendetan salgai aurki ditzakegun bideojoko gehienak hiru urte edo gehiagoko lana dute atzean. “Joko handien atzean dauden ekipoak ehun lagunekoak izan daitezke, joko txikiagokoetakoak 30 edo 40 pertsonakoak”.

Game Erauntsiak antolatutako jardunaldi bat | Argazkia: Game Erauntsia

Aizpuruak bideojoko independiente edo “indieak” egiten ditu, banaka edo talde txikietan eginikoak, eta urtebete behar izaten du gutxi gorabehera bideojoko bat sortzeko. Diseinua, programazioa, soinua, grafismoa, kaleratu aurretiko asken testak…fase ugari gainditu beharra ditu bideojoko batek.

Euskaraz sortzearen erronka gehigarria

Barraka bideojokoarekin Durangoko Azokako sormen beka eskuratu zuen bideo garatzaileak orain bi urte. Laguntzak bideojokoa lantzen jarraitzeko aukera eman dio, eta urtebetez bere ametsa den hori gauzatu du, bideojoko garatzailea izatearena. Tamalez bideojoko bat euskaraz egiteko baldintzak ez dira onenak. Pasioa ofizio bilakatu nahi du, eta horretan dihardu buru-belarri, Barraka akabatzen eta Zomorro Studioan beste hainbat prototipo garatzen.

 “Agian, bideojoko bat euskara hutsean ateratzeak zentzu handirik ez du”, dio Aizpuruak. “Zenbat euskaldun garen eta horietatik bideojokoetara zenbatek jolasten duten eta euskarazko produktu batean dirua gastatzeko zenbat prest dauden kontuan hartzen badugu, kopurua oso txikia da”.  Dena den, bideojoko bat euskaraz sortu edo beste hizkuntza batetik gurera itzultzea kostu gutxiko kontua dela uste du garatzaileak. “Testu batzuk euskarara itzultzea edo ahotsaren bikoizketak egitea niri ez zait diru asko iruditzen”.

Barraka bideojokoarekin Durangoko Azokako sormen beka eskuratu zuen Aizpuruak orain bi urte

Unzuetak bezala, bideojoko garatzaileak bide luzea dagoela egiteko uste du. Formakuntza aipatu du gako bezala, eta Euskal Herrian uste baino estudio gehiago daudela adierazi du, hala nola, Kleperians Irunen edota Miru Studio Donostian. Laguntzak ere badaudela aitortu du, “ni ere begira nabil tarteka”, eta urtetik urtera bideojokoen presentzia handiagoa bada ere, urrats asko daude emateke. Pantaila asko falta dira pasatzeko.

Lehen Euskal Game Jama hemen da

Hala, hurrengo pantaila azaroaren 17tik 19ra bitartean egingo den Euskal Game Jam bideojoko maratoia izango da. Game Erauntsiak eta EHUk antolatuta, bideojoko zaleen elkargune bilakatuko dute EHUren Bilboko Bizkaia Aretoa, eta 48 orduz bideojoko bat sortzeko erronka izango dute bertaratuko direnek.