Argazkia: iStock

LAN ETA BIZI

Gabonsariak, gabonetako saskiak

Gabonetako saskiek denetariko prezioak izan ohi dituzte formatuaren arabera. Sorta pertsonalizatuak eta produktu anitzekoak nagusi izan ohi dira bezeroaren nahiak asetzeko

Garaia da. Ardo botila, turroia, pernila zein txorizo hestekia dituen gabon saskia oparitzeko —edo jasotzeko— garaia da, hain zuzen. Urte bukaerako ohitura negozio bilakatu dute hainbat ekoizlek, merkatuko aukera aprobetxatuz. Enpresen eta langileen artean eman ohi dira saskien truke handienak, eta prezio alde nabarmenak izaten dira bezeroaren nahiaren arabera. Uda bukaeran hasi ohi dute sorten prestakuntza.

Denbora epe laburrean lan zama handia dute saskiak egiten dituzten enpresek, aste gutxi batzuetan bidalketa guztiak gauzatu behar dituztelako, Bask Selekt konpainia kasu. Lezamako enpresa da honakoa, gabonetako saskien eskaintza prestatzen duena bestelako elikadura produktu batzuekin batera. Bask Selektetik kontatu dutenez, azken urteetan izandako erantzuna egokia da: “Gure esperientzia ona da”.

Denbora epe laburrean lan zama handia dute saskiak egiten dituzten enpresek, aste gutxi batzuetan bidalketa guztiak gauzatu behar dituztelako, Bask Selekt konpainia kasu

Izatez, bost bat urte daramate gabonetako saskien zerbitzua eskaintzen, baina etorkizun laburrean egoera ona izango duela aurreikusten dute: “Mantenduko diren produktuak dira”. Dena den, “anbizio” handirik ez dutela mahaigaineratu dute, lana “apropos” egin nahi dutelako. Lan karga handiegia baldin badute ez dute eskakizun gehiagorik hartzen: “Egiten dena ondo egin behar da”. Hori bai, merkatuan goraka doazela nabarmendu dute.

Eroskik ere, bere aldetik, sorten prestakuntza eta salmenta eskaini ohi du, izan elikagaiena, ohikoenak direnak, edota lurrin gisako sortena. Elorrioko enpresaren arabera, azken urteetan “beherakada” izan arren, enpresek gehien atsegin duten oparia izaten jarraitzen du eta, beraz, azken urteotan bere bilakaerari eutsiko diola uste dute. Produktuon etorkizuna “ona” dela argi dute. Saskien erosle handienak enpresak dira, sortak langileen zein kolaboratzaileen artean oparitzen dituztelako. “Opari kutunenak” direla ondorioztatu dute Eroskitik, eta Bask Selekteko adituek ere halaxe nabari dute. Gabonsari “aproposak” dira haien aburuz.

Azken urteetan “beherakada” izan arren, enpresek gehien atsegin duten oparia izaten jarraitzen du eta, beraz, azken urteotan bere bilakaerari eutsiko diola uste dute

Enpresa biek bat egin dute produktua prestatzeko unean “bertoko” produktuen garrantziaz. Ardoa, txakolina eta antzeko produktuak kutxa barnean sartzen dituztela nabarmendu dute Bask Selektetik, nahiz eta beste produktu batzuk ere sartu behar dituzten onartu. Jaki iberikoak zein cava normalean sortan ezarri beharreko produktuak izan ohi dira haien esanetan, baina saskiaren ehuneko handiena euskal produktuena da: “%90 bertoko produktuek osatzen dute”. Ildo berean, Eroskitik argitu dute badirela beste produktu mota batzuk, askotan saskietarako bakarrik prestatuak izaten direnak: “Banan-banan hautatutako produktuak dira”.

Denetariko prezioak

Saski aukera anitzak eskaintzen dituzte enpresek, prezio ugariekin. Lezamako negozioan gutxieneko prezioak 40 euro ingurukoak izaten direla azaldu dute, altuenak 700 eta 800 euroetara ere helduta. Dena dela, normalean batez besteko kantitatea 100 eta 150 euro bitartean kokatzen dela argitu dute. Eroskiren kasuan kalkulua konplexuagoa da kooperatibaren arabera, enpresa “multientseina” delako. Tamaina “oso” ezberdineko dendak osatzen dutenez kooperatiba, eta ondorioz salmenta prezioa laburtzea “zaila” da, baina gutxi gorabehera lagin bat aurkeztu dute: “10 eurotik 160ra bitartean”.

Bask Selekten gutxieneko prezioak 40 euro ingurukoak izaten direla azaldu dute, altuenak 700 eta 800 euroetara ere helduta. Dena den, normalean batez besteko kantitatea 100 eta 150 euro bitartean kokatzen dela argitu dute

Bask Selekteko eredua, bere aldetik, saskien pertsonalizazioan zentratu ohi da, bezero jakinen nahietara asetzeko. “Aurrekontu bat prestatzen digute, eta hortik abiatzen gara saski konkretu bat prestatzen”, azpimarratu dute konpainiatik. Diru kopuru horren barnean sartu daitezkeen produktuen selekzioa egiten dute, ostera aurkezpen formatua erabakitzeko. “Kartoizko kutxetan edota egurrezko kutxetan egindako saskiak eskaintzen ditugu”. Azken horiek “eleganteagoak” direla azaldu dute, kartoizkoak “klasikoagoak” direla gehituta.

Aukerak aukera, prestakuntza luzea behar duten produktu gama dira. Eroskik udaberrian hasten du kanpaina, “bolumen” handiko distribuzioak aurrera eramaten dutelako, haien hitzetan. “Aurreikuspena behar dugu eskari maila egoki antolatzeko”, mahaigaineratu dute. Hori bai, behin aurreikuspenak eginda, banaketa urriko lehen hamabostaldian hasten dute. Bask Selekte irailean hasten du kanpaina. Bietan ala bietan, baina, abenduko lehen hamabost egunetan lan guztia “pilatzen” dela argitu dute.

Eroskik udaberrian hasten du kanpaina, “bolumen” handiko distribuzioak aurrera eramaten dutelako, haien hitzetan. “Aurreikuspena behar dugu eskari maila egoki antolatzeko”, mahaigaineratu dute. Hori bai, behin aurreikuspenak eginda, banaketa urriko lehen hamabostaldian hasten dute

Bezeroen fideltasuna beharrezko ezaugarritzat jaso du Eroskik, urtero erosteko premia agertzen baitute kooperatibaren arabera. Kopuru “handiak” erostean, fideltasun hori mantentzeko produktu “anitzak” saskietan ezarri behar direla argi dute, saskien aukera barietatea zabaltzeko. Produktuen dibertsitatea garrantzitsua da ere Bask Selektentzat.