Garagardo artisau euskaldunak | Argazkia: Baias garagardotegia

LAN ETA BIZI

Garagardo artisaua, moda-modako edaria

Euskal Autonomia Erkidegoan 147 milioi litro garagardo kontsumitzen dira urtero, eta horietatik 1,78 milioi litro garagardo artisauari dagozkio. Urtetik urtera, haziz doan edari mota da, bai kontsumitzaile aldetik eta baita ekoizle aldetik ere

Maiatzeko lehen larunbata Garagardogile Artisauaren Nazioarteko Eguna izaten da 1988az geroztik, aurten atzoko egunez ospatua. Estatu Batuetako Garagardogile Artisauen Elkarteak aldarrikatu zuen egun hori ezartzea, garagardo artisauen egosketa bat jendaurrean partekatzeko egindako deialdi baten ostean sortu baitzitzaien nazioarteko eguna ezartzearen ideia. Ordurako indar handia hartua zuen edari mota horrek nazioartean, eta bere kontsumoa are gehiago hazi da azken hamarkadetan. Guregana ere iritsi da, are gehiago, azken zazpi urtean %2,7 hazi da garagardo artisauaren merkatua Euskal Herrian. Gero eta kontsumitzaile gehiago ditu euskal garagardo artisauak, eta garagardo hori ekoizten dutenak ere nabarmen hazi dira.

Sortu litekeen lehendabiziko galderetako bat izan ohi da garagardo industrialaren eta artisauaren arteko aldearena. Izan ere, nola bereizi bata zein bestea? Elaborazio prozesuan, osagaien kalitatean, eta garagardogilearen formulan nabari dela azaldu du Idoia Marañon Baias garagardotegiko arduradunak: “Artisaua dena pasteurizatu gabeko osagai naturalekin prestatzen da, gehigarri artifizialik eta kontserbatzailerik gabe. Urarekin, legamiarekin, maltarekin eta lupuluekin egiten da, eta eskuz iragazten da, makina handien esku hartzerik gabe”. Hala, askoz edari naturalagoa izateaz gain, ahoan ere nabari dela gaineratu du: “Artisauak kalitate hobea izan ohi du eta garagardoaren gorputzean, zaporean eta aroman ikusten da hori”. Hori bai, garagardo industriala baino garestiagoa izaten da.

Idoia Marañon: “Artisaua dena pasteurizatu gabeko osagai naturalekin prestatzen da, gehigarri artifizialik eta kontserbatzailerik gabe. Urarekin, legamiarekin, maltarekin eta lupuluekin egiten da, eta eskuz iragazten da, makina handien esku hartzerik gabe”

Hain zuzen ere, kalitate horrek erakarri ditu kontsumitzaile asko eta asko, eta garagardo artisauaren ekoizleak ere gero eta gehiago dira. Euskal Autonomia Erkidegoan hogei garagardogile enpresa daudela jakinarazi du Euskal Garagardoaren Elkarteak (EGE), horietatik bederatzina daude Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste bi Araban. 2022ko behin betiko datuen faltan, 2021ekoak azaldu ditu EGEk: “2021ean artisau garagardoaren ekoizpena %19 hazi zen Covid aurreko garaiarekin alderatuta, eta %27 2020koaren aldean. Sektorea indarrez ari da hazten”. Hala, urte horretan 1.778.675 litro ekoitzi zituzten euskal garagardogileek. Duela hamar urteko produkzio datuekin alderatuz gero, aldea nabaria da, 2013an 80.207 litro garagardo artisau baino ez baitziren ekoiztu EAEn.

Euskal Garagardoaren Elkartea: “2021ean artisau garagardoaren ekoizpena %19 hazi zen Covid aurreko garaiarekin alderatuta, eta %27 2020koaren aldean. Sektorea indarrez ari da hazten”

Esportazioen inguruko datuak ere ezagutarazi ditu Euskal Garagardoaren Elkarteak. Hala, %8ko igoera izan zuten 2021ean, eta iazko datua are hobea izango dela uste dute.

Garagardo industrialaren konpetentzia

Guztira 366 garagardo desberdin ekoizten dira EAEn, izan gama finkokoak zein edizio bereziak. Garagardogileen %60k tokiko lehengaiak erabiltzen dituzte horretarako, eta zenbateko hori gero eta handiagoa da urteak igaro ahala, tokiko produktuek are indar handiagoa ematen diotelako edariari. “Garagardo artisaua kalitatearen sinonimo da, eta marka industrialak ere hasi dira horretaz jabetzen”, dio Guillermo Mugika garagardo kritikoak. Nazioartean garagardo ezberdinak aztertzen eta dastatzen ohituta dago, eta bere iritzia sare sozialetan partekatzen du, Instagrameko trotabirras izeneko bere kontuan. Gaineratu duenez, “marka industrialek lehiakortasuna ikusi dute garagardo artisauan, gero eta kontsumitzaile gehiagok egiten duelako artisauaren aldeko hautua. Hori dela eta, beraiek ere premium garagardoen aldeko apustua egiten hasi dira”. Horren adibide garbia litzateke, Heineken garagardo industrial marka ospetsuak bere pean dagoen Aguila garagardoa hainbeste bultzatu izana.

Guillermo Mugika: “Marka industrialek lehiakortasuna ikusi dute garagardo artisauan, gero eta kontsumitzaile gehiagok egiten duelako artisauaren aldeko hautua. Hori dela eta, beraiek ere premium garagardoen aldeko apustua egiten hasi dira”

Gauzak horrela, “urteak igaro ahala gero eta garagardo artisau gehiago” egongo denaren ustea dute bai Mugikak eta baita Marañonek ere, “sektorea etengabe igotzen ari delako”.

Garagardogile Artisauen Nazioarteko Egunaren aitzakian, berriz, asteburuan garagardo artisauen dastaketan parte hartzera joateko gomendioa luzatu dute, tokiko produktuei bultzadatxoa ematearekin batera, bestetan bezalaxe, gehigarri kimiko kaltegarririk gabeko garagardo naturala kontsumitzeko aukera izango delako. Asteburu egokia, beraz, garagardogile artisauen alde topa egiteko. Txin-txin!