Jostailurik arrakastatsuenak
Jostailu berriek pisu handia duten arren, betiko zenbait jostailuk salduenen artean jarraitzen dute. Mahai-jokoak, bereziki, arrakasta handia izaten ari dira aurten
Gabonetan opari nagusien artean egon ohi dira arropa, bitxiak edota perfumeak. Ezin ahaztu gabe utzi, ordea, jostailuak. Eguberri garaian saltzen da jostailuen %70 baino gehiago, gehienbat etxeko txikienen artean, baina baita helduen artean ere. Jostailuen azken urteetako joera zein den aztertzearekin batera, aurtengo jostailurik arrakastatsuenak bildu ditugu EnpresaBIDEAn.
Gabon garaian 40.000 jostailutik gora saltzen dituztela azaldu digu Eli Betelu Elkar taldeko jostailuen ataleko arduradunak, izan puzzleak, karta-jokoak zein eskulanak. Argi dio, urteko fakturazio garairik garrantzitsuena Eguberrietakoa izaten dela, “jostailuen salmenten %70 Gabonetan” egiten direlako.
Hala ere, orokorrean, jostailuen salmentan beherakada nabaritzen ari dira azken urteetan. Hala dio, behintzat, Luciano Reguera Eroskin elikadura ez den gainerako arloez arduratzen den zuzendariak, eta bi arrazoiren ondorio dela azaldu digu: “Jaiotza-tasa jaisten doan heinean, jostailuen salmentak ere behera egiten du, %28 jaitsi da tasa 2011tik 2022ra eta, ondorioz, jostailuen salmenta ere bai”. Baina, gurasoen kontzientzia-kontua ere badela dio: “Gurasoak oso kontzientziatuta daude jolasen eta jostailuen balio zein iraunkortasunaren inguruan. Gero eta gehiago aztertzen eta baloratzen dituzte erosketa asko, eta mugatu egiten dute haurrek sari edo opari gisa jasotzen duten jostailuen kopurua”, azaldu du Reguerak. Joera hori, Europa osoan ari da hedatzen.
Luciano Reguera: “Jaiotza-tasa jaisten doan heinean, jostailuen salmentak ere behera egiten du, %28 jaitsi da tasa 2011tik 2022ra eta, ondorioz, jostailuen salmenta ere bai”
Jostailu izarrak
Jostailu berriek pisu handia dutela azaldu digu Reguerak, baina tradizionalak gehiago saltzen direla azaldu du: “Berrikuntza eta tradizioa uztartzen dituztenak dira jostailurik gogokoenak. Horren adibide dira, oraingo Lego, Playmobil edota HotWheels auto telegidatuak, Barbie berriak, Pokemonak edota berriz ere modan jarri diren Tamagotchiak”.
Tokiko eta euskarazko jostailu sortari dagokionean, berriz, Reguerak eta Beteluk bat egiten dute salduenak Katxiporretaren produktuak eta Argitxoren jolas hezitzaileak direla esatean.
“Berrikuntza eta tradizioa uztartzen dituztenak dira jostailurik gogokoenak. Horren adibide dira, oraingo Lego, Playmobil edota HotWheels auto telegidatuak, Barbie berriak, Pokemonak edota berriz ere modan jarri diren Tamagotchiak”
Beteluk, bereziki, dendetako espezialisten gomendioen beharra azpimarratu du: “Gure jolasak ez dira telebistan iragartzen eta ez dira hain ezagunak. Garrantzitsua da, beraz, erostera datorrenari gomendio egokiak ematea, adinaren, gustuen eta afizioen arabera jolas egokiena aukeratzeko”.
Mahai-jokoen indarra
Azken urteetan, indar handia hartu dute mahai-jokoek, bai familia eta lagunartean eta baita hezkuntza-mailan ere. Ondorioz, jostailurik salduenen artean kokatu dira. Beteluren arabera, “mahai-jokoen ezaugarriek, momentu dibertigarriak bizitzen laguntzeaz gain, elementu aberasgarri ugari eskaintzen dituzte eta hori gaur egun gizarteak asko baloratzen du, gehiago pandemia bat eta gero”. Horretaz gain, bere ustez, “mahai-jokoak Gabonetako oparirik onenetarikoa dira, senitartekoekin mahai inguruan bilduta gaudela ongi pasatzeko aukera eskaintzen dutelako, adinari edota jokalari kopuruari begiratu gabe”. Mota guztietako gaitasunak sustatzen eta garatzen laguntzen dutela ere gaineratu du, haurrengan zein helduengan. Halaber, gaur egungo jokoek, alde hezitzailea lantzeaz gainera, irudia ere asko zaintzen dutela argitu digu, eta horrek erosketa momentuan ere erakargarri egiten dituela.
Eli Betelu: “Mahai-jokoak Gabonetako oparirik onenetarikoa dira, senitartekoekin mahai inguruan bilduta gaudela ongi pasatzeko aukera eskaintzen dutelako, adinari edota jokalari kopuruari begiratu gabe”
Olentzero ate-joka dugun egunean, Reguerak zein Beteluk, biek ere gauza bera diote: “Salmentak abendu osoan izan ditugu baina ohitura batzuk ez dira aldatzen, eta azken momentuan erosketak egiteko ohitura ez dugu hain erraz galduko. Hala, abenduaren 24a eta urtarrilaren 5a izaten dira erosketa gehien egiten diren egunak”. Hala ere, pasaden urteko Eguberriak salbuespenekoak izan zirela diote, produktu eskasiaren mehatxua puri-purian zegoenez, erosketa asko eta asko azaroan egin zirelako. Ikusi egin beharko da orain gaurko eguna eta errege bezperakoa nolakoak izaten diren. Urtarrilaren 7an egingo dute aurtengo Eguberrien balorazioa eta orduan jakinaraziko dituzte jostailuen salmenten behin-betiko datuak.