Mikel Toral: “Langileen ikuspuntu horiekin guztiekin, jendearen istorioak kontatzen ditugu"
Industriak Bizkaiko ekonomian izandako eragina oso handia izan zen, eta horri buruz hitz egiten du 'La fábrica de mi padre' dokumentalak, garai horretako langileen ikuspegien bitartez
Mikel Toral zuzenbidean lizentziaduna da, baina kultur kudeaketan egin du lan egin. Orain erretiratuta dago, eta Cultura Abierta Elkartearen partaidea da. Lehen hauteskunde demokratikoen 40. urteurrenean, gizarte mugimendu desberdinei buruzko liburu bat idatzi zuen. Ondoren, ikus-entzunezkoa lantzen hasi zen, gaur egun indar handiagoa duela ikusita. Egoera hori izanda, duela hiru urte dokumental bat egin zuen emakume langileei, auzoko emakumeei, oroimenari eta etorkizunari buruzkoa. Bere azken lana? La fábrica de mi padre. Bertan, Bizkaia industrialaren kontakizuna egiten du industria handietako langileen ikuspegitik. Izan ere, oraindik geratzen dira Bizkaia industrialaren aztarnak, nahiz eta Bizkaia asko aldatu den: egun pentsaezina dirudi Barakaldon edo Sestaon hainbeste langile dituen lantegi bat egon izana.
Has gaitezen hasieratik: noiz eta nola sortzen da dokumental hau egiteko ideia?
Orain dela urte eta erdi inguru, edo gehiago, sortu zen ideia. Gu Cultura Abierta Elkartearen parte gara, eta langile klaseen ikuspuntutik memoria historikoari buruzko gaiak lantzen ditugu. Europan eta, batez ere, Erresuma Batuan, people museum izeneko museoak daude. Horiek oso garrantzitsuak dira; izan ere, ingelesek badakitelako eta aitortzen dutelako Erresuma Batuaren aberastasuna herrialdearen industrializazio goiztiarraren ondorio dela. Orduan, hori ikusita, pentsatu genuen: zergatik ez dugu egiten horrelakorik? Guk EAEn, Bizkaian eta auzo honetan (Otxarkoagan) zehazki, museo bat egitea pentsatu genuen, baina horren alde borrokan jarraitzen dugu. Beraz, fisikoki egiterik ez badugu, dokumental baten bidez egingo genuela esan genuen.
Dokumentalean langileen lekukotasunak protagonismo handia dute, baina zein da lanaren helburu nagusia?
Dokumentalaren helburua da langileen ikuspuntutik memoria egitea; hau da, goizeko seietan esnatzen ziren langileena, aparteko orduak egin behar zituztenena, erreleboak, edota lanaldia bikoiztu egin behar zutenena. Azken finean, dokumentalarekin gogorarazi nahi dugu gaur egun bizkaitarrok dugun aberastasuna hein handi batean haiei esker dela.
"Europan eta, batez ere, Erresuma Batuan, people museum izeneko museoak daude. Horiek oso garrantzitsuak dira; izan ere, ingelesek badakitelako eta aitortzen dutelako Erresuma Batuaren aberastasuna herrialdearen industrializazio goiztiarraren ondorio dela. Orduan, hori ikusita, pentsatu genuen: zergatik ez dugu egiten horrelakorik?"
Nola gauzatu dituzue elkarrizketa horiek?
Fabrika handietako langileei buruzko dokumental bat egitea erabaki genuen, baita 1950eko hamarkadatik aurrera nola erregimena kanpora atera eta industrializatzen hasi zen ere, zehazki, Bizkaian, Bizkaia lantegi handia baitzen. Elkarrizketak egiten hasi ginen.
Guk ideia bat dugu, bizi izan dugulako: nik lan egin dut ikasi bitartean, baina hori nire istorioa da. Eta langileen istorioak kontatu nahi genituen. 24 pertsona elkarrizketatu ditugu; gehienak lantegi handietako langileak. Bi profil izan dira: jende arruntarena, bizitza nolakoa zen kontatu dutenak, eta lider sindikalak izan direnena, diskurtso politikoagoa edo soziopolitikoagoa duten pertsona konprometituagoak baitira.
Halaber, beste ikuspegi edo alderdi batzuk ere erabili dituzue, ezta?
Bai, ikuspegi akademikoa ere kokatu dugu, garrantzitsua dela uste dugulako. Alde batetik, Bizkaiko industrializazioari buruzko ikerketak erabili ditugu. Eta beste aldetik, bi ikertzaileren ikuspegia ere bildu dugu: Imanol Zubero soziologoarena, herrialde honetako intelektuala eta bere doktore tesia gai honi buruz egin zuena;,eta Jose Perez, bere doktore tesia langile mugimenduan kokatu zuena, eta oso ondo ezagutzen dituena langileen borroken eta immigrazioaren historia. Azkenik, abokatu laborista bat ere elkarrizketatu genuen, zuzenbide fakultateko irakasle ere izan zena, Periko Ibarra. Profil oso interesgarria du, Ibarra familia aristokratikotik zetorrelako, Bizkaiko aberastasun handienetako bat, baina konpromiso kristau batengatik, Negurira bizitzera joan zen, non langileen eskubideen defentsan asko lagundu zuen eta bulego laboralista bat sortu zuen.
Zer ikusi ahal dugu dokumentalean?
Dokumentalak kontatzen du jendea lantegietan nola sartzen den, eta nola fabrika horietako asko paternalistak ziren; azken finean, beste kapitalismo mota bat zen, ez gaur egun ezagutzen duguna, eta beste interes mota batzuk izatea interesatzen zitzaien. Ikuspuntu horiekin guztiekin, eta zintzotasun osoarekin, jendearen istorioak kontatu ditugu: egin zuten ekarpena aberastasuna lortzeko, nolakoa zen haien lana, zein gogorra zen bizitza, etab. Horietako askok laneko istripuei buruz ere hitz egiten dute, lantegi horietan ez baitzegoen ez eskubiderik, ez lan osasunik. Baina aipatzen dute, era berean, nola aldatzen eta hobetzen joan zen dena. Jada desagertu dira, ez dago horrelako lantegi handirik, baina memoria egin behar dugu jakiteko nondik gatozen.
"24 pertsona elkarrizketatu ditugu; gehienak lantegi handietako langileak. Bi profil izan dira: jende arruntarena, bizitza nolakoa zen kontatu dutenak, eta lider sindikalak izan direnena, diskurtso politikoagoa edo soziopolitikoagoa duten pertsona konprometituagoak baitira"
Ikuspuntu ekonomikoari dagokionez, industriak Bizkaiko ekonomian izandako eragina oso handia izan zen.
Noski, Bizkaia ez zen ulertuko industria hori gabe; kutsatzen zuena bai, baina lanaldi asko sortu zituena, Bizkaiko biztanlearia bikoiztuz, alegia. Industriak Bizkaiko ekonomian izandako eragina sekulakoa izan zen. Halaber, lehenengo industrializazioa ez zen kasualitatez gertatu; kapital-populazioa ekarri zuen, eta, horregatik, sortu ziren Banco Bilbao eta Banco Bizkaia. Eta, ondoren, bigarren industrializazioan, Bizkaiak oinarri bat zuenez, herrialdearen aberastasuna biderkatu egin zen.
Ekonomiaren alde horretatik jarraituz, dokumentalean enplegua ere aldarrikatzen da; izan ere, industriak enplegu baldintza hoberenak zituela kontatzen duzue.
Bizkaiko historiaren laburpena egiteaz aparte, eta langileen ikuspegiak helarazteaz aparte, industriaren enpleguaren baldintza ezin hobeak aipatzen dira. Izan ere, elkarrizketatuetako batek dioen bezala hori zen fabrika handietan kontsideratzen zena: baldintza duinak eta bizitza osorako lana. Horregatik, paralelismo bat dago, Bizkaiak apustu handiagoa egiten badu enplegu industrial baten alde, guztiontzako baldintza hobeak lortuko genituzke?
Agerikoa denez, lan handia egin behar izan duzue dokumentala aurrera eramateko. Zer nolako dokumentazio lana gauzatu duzue?
Urte eta erdiko lan honetan, txosten asko bildu ditugu. Altos Hornos bezalako enpresa handietako batek 1960ko hamarkadako aldizkari bat du, eta bertan datu asko daude. Banco Bilbaok ere aldizkari bat du, eta bertan dena dokumentatzen joan da. Adibidez, Sagunton, Valentzian, Altos Hornoseko sukurtsal bat sortu zen, euskal oligarkiaren parte; hor familia asko aberastasun izugarria metatzen joan ziren: diktaduraren autarkiatik mundu osoan zabaldu eta esportatzen eta saltzen hasi ziren. Aitzitik, birmoldaketa izeneko garaia dator: guk kontatzen dugun kapitulua da, eta dena erortzen hasten da.
"Bizkaiko historiaren laburpena egiteaz aparte, eta langileen ikuspegiak helarazteaz aparte, industriaren enpleguaren baldintza ezin hobeak aipatzen dira. [...] Horregatik, paralelismo bat dago, Bizkaiak apustu handiagoa egiten badu enplegu industrial baten alde, guztiontzako baldintza hobeak lortuko genituzke?"
Zaila da ekonomikoki horrelako dokumental bat egitea?
Nik ikus-entzunezkoen mundutik datozen gazteekin lan egiten dut, eta badakit zein gogorra den dokumental bat ekoiztea; hala ere, orain laguntza fiskalen dekretu berriarekin ikus-entzunezkoen gorakada bat dago, eta zaila da kamera bat aurkitzea. Gu ez gara ekoiztetxe bat, elkarte bat gara, eta diru gutxirekin horrelako proiektu bat aurrera eraman ahal izan dugu. La fabrica de mi padre dokumentala ekoizteak, zehazki, 15.000 euroko kostua izan du guretzat; hori pribilegio bat da. Diru kopuru horrekin ezin da horrelako dokumental bat egin. Baina badaude laguntzak, noski. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen ditu dokumentaletarako eta film laburretarako, 2.000 euro inguru, eta dezente gehiago. Baina ez horrelako dokumental baterako, gu ez baikara ekoiztetxe bat.
15.000 euroko aurrekontuarekin dokumentala ekoiztea lortu duzuela esan duzu, baina badaude kuantifikatu ezin diren gauzak horrelako proiektu batean?
Bai, lantegien argazkien artxiboa elkarrizketatzen ari ginen pertsonek ematen ziguten, haien artxibo pertsonal horren zati handi bat, alegia. Orduan horrek ere hein handi batean elikatu du dokumentala. Horrek guztia zenbat balio duen kuantifikatzen ez dakit, baina segur aski asko balio duela esango nuke.
Beraz, begirada nostalgikoa ez ezik, beste gai batzuk ere azaldu nahi izan dituzue.
Gizarte batek pentsatu behar du nola hobetu enplegua, nola eragotzi gazteak kanpora joatea, etab. Gainera, kultura bultzatu behar da, kalitate handiko lanpostuak egon daitezkeelako; argitaletxeak, komunikazio-agentziak… Esate baterako, Zorrotzaurren, Bilbon, Sormen Lantegiak izeneko gune bat sortu genuen, kultur enpleguaren eremuan gazteen ekimenetarako espazioak sortzeko; hau da, zinema, antzerkia, musika… Eta gaur egun hor daude Digipen, unibertsitate batzuk eta Coworking ekimenak. Esan bezala, horiek guztiek sustatu egin behar dira, eta lagundu aurrera ateratzeko eta enplegua sortzeko. Beraz, noski, dokumental honek enplegu horri buruz hitz egiten du, baina baita gizarte honek lo ez hartzea ere aipatzen dugu.
"Lantegien argazkien artxiboa elkarrizketatzen ari ginen pertsonek ematen ziguten, haien artxibo pertsonal horren zati handi bat, alegia. Orduan horrek ere hein handi batean elikatu du dokumentala"
Herriz herri dokumentala aurkezten hasi zarete, baina zein esango zenuke dela zuen publiko nagusia?
Guk asmorik gabe egiten ditugu gauzak, baina gure publiko handi bat garai hori bizi izandako pertsonak dira. Halaber, beste publiko bat ere badaukagu, guri asko interesatzen zaiguna: gazteak. Baina gazteek oso urrun ikusten dute dokumentalean jorratzen duguna, Erdi Aroa bezala edo. Eta haientzat hain urrun geratzen denez, oso zaila da haiekin konektatzea. Baina, hala ere, dokumentala ikusi duen jende gazteari, nire iloba bezalakoei, asko gustatu zaie eta bere eskoletarako balio izan diezaiokeela ere uste du, irakasteko.