Lan eta bizi
Miren Zeberio: "Ez da negozio bat. Askatasuna ematen digu nahi ditugun proiektuak ateratzeko"
Zuzenekoetan gehiago inbertitu beharko litzatekeela aldarrikatu du musikariak
Euskal Barokensembleren kideetako bat da Miren Zeberio. Enrike Solinisekin batera, haien proiektuak argitaratzeko Erlea argitalpen espazioa sortu zuten duela ia urtebete. Proiektua "txukun" doa, momentuz.
2023 amaitu berritan, 2024ra begira, zuen errepertorioko pieza bat hautatu beharko bazenute 2023a laburbildu eta urte berriak ekarriko duena islatzeko, zein izango litzateke?
Ez da pieza bat, baina Subhen proiektua oro har aukeratuko nuke. Azken batean bilatzen du beste pertsonekin edo kulturekin amankomunean ditugun gauzak azpimarratzea. Badirudi mundu honetan beti desberdintasunak azpimarratzen gabiltzala, edo kontrajartzen gaituzten gauzak bilatzen. Eta hortik sortzen dira gatazkak. Ez gara hain desberdinak; denok ditugu historiak amankomunean. Eta hori kontuan hartuko bagenu, segur aski askoz hobeto funtzionatuko genuke.
Horrekin batera, euskelelearen diskoan pieza gehienak antzinako musikakoak dira, baina badago pieza bat Enrikek [Solinisek, haren taldekideak] sorturikoa. Juan Kruzek [Igerabidek] hitzak ondoren jarri zizkion. Haren izenburua da Euskeleleak alaitzen gaitu. Azpimarratzen duen mezua da musika behar dugula bizitzeko. Gizakia gizaki denetik, musika existitu da, nahiz eta gizarte honetan ez diogun ematen beharko lukeen garrantzia.
"Gizakia gizaki denetik, musika existitu da, nahiz eta gizarte honetan ez diogun ematen beharko lukeen garrantzia"
Aipatu duzunez: zein da Subhen historia, zehazki?
Subh zen XI. mendeko euskal jatorriko emakumea, Al Andalusera gatibu eraman zutena. Esklabo abeslaria zen; entretenitzeko abesten zuten, baita poesia errezitatu ere. Azkenean Kalifa berarekin maitemindu zen, eta haren oinordekoen ama izan zen. Kalifa hil zenean, seme zaharrena oso gaztea zenez boterea hartzeko, bera izan zen boterean hainbat urtez Al Andalusen. Nahiko historia ezezaguna da, eta emakume horren figura aldarrikatzeko egin genuen proiektua, garaian garaiko musika pasarteak eta historiak bilduz.
Egungo historia bat ere izan liteke, bere patuari buelta ematen dion norbaitena.
Bai, eta gaur egun agian ez da bere horretan, definizioz, esklabutza existitzen, baina badago jendea hortik gertukoa den egoera baten, zoritxarrez.
Eta zer euskelelearena?
Haur eta familientzat ipuin musikatua da, euskelelearen sorrera irudikatzen duena. Euskelelea da, azkenean, pala itxura duen ukelelea, eta noski, ukelelea bada mundu mailan zabalduta dagoen instrumentu bat. Euskelelearen ideia hemendik dator: Enrikek duela urte batzuk kontzertua egin zuen Bragan, Portugalen, eta han azaldu zioten joan zirela bizkainoak katedrala zabaltzera eta ekarri zuten haiekin gitarrico edo gitarra txiki bat. Ondoren haiek hartu zuten, asko gustatu zitzaielako, eta jarri zioten braguinha izena, bertako instrumentu tipikoena. Timplea dago Kanariar Uharteetan, cuka Indonesian... instrumentu ia berdina da, nahiz eta izen desberdinak hartu, eta tokian tokiko musika egiteko erabiltzen da.
Enrikek proposatu zuen bueltan Euskal Herrira ekartzea, eta pala itxura gehiago emanez, haur eta familientzat proiektua egin dugu, esan bezala, antzinako musika eta herrikoia nahastuz, baita mitologia ere, eta instrumentuen sorreraz hitz eginda, kultura askotan errepikatzen dena. Kasu honetan ere Juan Kruz Igerabidek lagundu zigun historiari hitzak jartzen. Hasieran zuzenean egiten genuen ikuskizuna, baina ondoren pentsatu genuen grabatzea ere. Abestien partiturak-eta ere atera ditugu.
Proiektuen grabazio eta argitalpena Erlea argitalpen espazio bitartez egin duzue, zuek sorturikoa. Zergatik momentu honetan argitaletxe-disketxe bat sortu, kontrako norabidean joatea dela dirudienean?
Egia esan gure —Euskal Barok Ensembleren— azken disko gehienak Alia Vox disketxearekin argitaratu genituen, Jordi Savallen disketxearekin, alegia. Jordi Savall katalana antzinako musikaren figura handi bat da, nazioarte mailan seguruenik garrantzitsuena, eta bere disketxea nahiko potentea da. Berak 30-40 urte-edo daramatza bere musika kaleratzen. Dena hasi zen Euskal Antiqva izeneko diskoa atera genuelako duela zortzi bat urte, eta hari eskatu genion sarrerako hitz batzuk idaztea. Gustatu egin zitzaion eta bere disketxe bitartez ateratzea proposatu zigun. Lehen taldea izan ginen berea ez zen proiektua argitaratzen bere disketxearen bitartez. Kasualitate kontua beraz, eta guretzat oso aukera ona, esan bezala indartsua delako, eta edizio politak egiten dituelako, hainbat hizkuntzatan. Gainera, mundu mailan egiten ditu banaketak bere zigilua du. Horrek berme bat ematen dizu.
"Musika besterik gabe entzun dezakezu; baina apur bat irakurri nahi baduzu, informazioa ez duzu plataformetan topatuko. Profil horrentzat oraindik ere formatu fisikoa baliagarria izan daiteke"
Kontua da ideia asko ateratzen joaten zirela, eta halako baten Savallek berak proposatu zigun gure disketxe propioa sortzea, berak ere bere garaian egin bezala. Garai horiek, noski, oso bestelakoak ziren, diskoak saltzen zirelako, eta gaur egun ez. Baina edozein kasutan, horrela izan da. Argi dago ez dela negozio bat. Askatasuna ematen digu nahi ditugun proiektuak atera ahal izateko nahi dugunean. Esperimentu modukoa da. Oraingoz urtebete daramakigu, eta txukun doa.
Ondo, orduan?
Ea. Egia da musika egun plataformetan entzuten dela, eta guk hortik ez dugu dirurik ikusten. Baina liburuak ere interesatzen zaizkio jendeari. Eta Subhen proiektua, adibidez, ez da diskoa bakarrik; liburua ere bada. Dokumentazio dezente du, irudi asko eta azalpenak hainbat hizkuntzetan. Musika besterik gabe entzun dezakezu; baina apur bat irakurri nahi baduzu, informazioa ez duzu plataformetan topatuko. Profil horrentzat oraindik ere formatu fisikoa baliagarria izan daiteke.
Malgutasuna izan da, beraz, arrazoi nagusia?
Beste disketxeekin beti aritu behar zara ikusten ea interesatzen zaion edo ez, edo apur bat itxaroteko eskatzen dizute. Azken baten, beraien lehentasunak dituzte. Eta diskoena, gainera, ez da negozio bat. Aldi berean, baina, zuk proiektu bat ateratzen duzunean argitaratu egin behar duzu oraindik ere. Nik uste dut plataformetan soilik jartzea oraindik ez dela nahikoa; zerbait fisikoa behar duzu, nahiz eta ez diren garai baten bezala milaka ale saltzen.
"Zuk proiektu bat ateratzen duzunean argitaratu egin behar duzu oraindik ere. Nik uste dut plataformetan soilik jartzea oraindik ez dela nahikoa; zerbait fisikoa behar duzu, nahiz eta ez diren garai baten bezala milaka ale saltzen"
Erlea izena ere ez da kasualitatea. Zeren isla da?
Animalia kuriosoa iruditu zitzaigun. Nahiko mehatxupean dagoen animalia da. Desagertzen ari da. Aldi berean oso garrantzitsua da berak egiten duena naturarentzat: polinizazioa bera, esaterako. Eztia, propolioa... guretzat ere baliagarriak diren produktuak dira, baina naturan ere oso funtzio garrantzitsua du. Lehen esan dudanaren ildotik, musikak ere badu bere garrantzia, nahiz eta askotan ez diogun aitortzen. Mehatxupean izatearen kontua ere hor dago; reggaetoia eta mainstream diren musikak mundu guztiak entzuten ditu. Globalak dira; Euskal Herrian zein Honolulun gauza bera entzuten da. Baina proiektu alternatiboagoak borrokan dira gehiago. Horrekin batera, euskal mitologian erlea animalia sakratua izan da, eta gu beti, antzinako musikaz aparte, saiatzen gara euskal ondare hori lantzen eta ezagutzera ematen. Horrekin guztiarekin lotuta dago.
Nola bizi duzue sektorearen egoera zuek?
Nik ez dut inoiz ezagutu disketxeen garai oparoa. Agian haurra nintzela, baina musika ogibide dudanetik, amaitzen joan da. Egia da kontsumitzaile bezala plataformen erabilera oso praktikoa dela, eta nik neuk ere asko erabiltzen ditudala dena hor duzulako. Baina ondoren horko dirua plataformek eramaten dute. Sortzaileek ez dute ezer ikusten. Hori bada arazoa. Zure lana ezagutzera emateko grabaketak berak gastu eta inbertsioa suposatzen du. Eta agian kontzertuak emanez jaso dezakezu zerbait bueltan; baina grabaketak berak ez dizu ekarpenik egingo. Eta ez dago itxurarik horri buelta emango zaionik.
"Egia da kontsumitzaile bezala plataformen erabilera oso praktikoa dela, eta nik neuk ere asko erabiltzen ditudala dena hor duzulako. Baina ondoren horko dirua plataformek eramaten dute. Sortzaileek ez dute ezer ikusten. Hori bada arazoa"
Eta zuzenekoei dagokienez, gurean ez da inbertitzen beste hainbat herrialdetan —Frantzian, adibidez— bezainbeste inbertitzen. Orduan, kalitatezko zerbait nahi baduzu, inbertsioa behar duzu musikan ere. Kalitateko gauzek hala eskatzen dute. Babesa. Ez da erraza musikari izatea gaur. Agian Espainiako beste zenbait lurralde batzuekin konparatuta, egoera hobexeagoa izan daiteke Euskal Herrian, baina erraz-erraza ez da.
Zein puntura arte kontziente gara plataformetan egiten dugun kontsumoak musika sektoreari eragiten dionaz?
Ez dakit zein puntura arte jendea kontziente den plataformek musikariei ez dizkiela mozkin ekonomikoak ekarriko. Dena ez da mozkin ekonomikoa, noski, baina diru iturria behar da aurrera egin ahal izateko. Durangoko Azokan, adibidez, ikusi genuen: badago jendea diskoak erosten dituena babes moduan-edo. Musikariok lanarekin jarraitzea nahi badu jendeak, babes hori ere behar dugu. Agian taldeak desagertzen hasten diren egunean pentsatuko dugu "a ze pena ez dagoela hau edo bestea". Eguneroko babesa behar da.