Fernando Alonso González Bodega Artesana Antonanzan, 'Oro Nómada' botilekin | Argazkia:

LAN ETA BIZI

Nafarroako bermut 'ibiltaria', munduko hoberena

Bodega Artesana Antonanzak bi urte besterik ez daramatza, eta Catavinum World & Wine Spirits Competition lehiaketan lehen saria lortu du Oro Nómada edariari esker

Kordobilan egindako lehen bertako bermuta Bodega Artesana Antonanza upategiari esker agertu da. Haren sortzaile da Fernando Alonso González, 59 urtekoa. Duela 18 urte etorri zen Zamoratik Iruñeara, erizain bezala lan egitera.

Urte askoz izan da “ardoen munduan” murgilduta. Batez ere bermutak interesatu zaizkio beti, “haren zaporea eta osagaiak direla eta”. Gainera, bere ustez “bermuta oso edari soziala da”. “Talde ekintzetan, etxean eta beste edozein egoeran kontsumitu ahal da”, osatu du.

Kordobilan egindako lehen bertako bermuta Bodega Artesana Antonanza upategiari esker agertu da. Haren sortzaile da Fernando Alonso González, 59 urtekoa. Duela 18 urte etorri zen Zamoratik Iruñeara, erizain bezala lan egitera

Horren ondorioz, bere familiarekin batera edari propioak ekoizteko enpresa sortzeko lehen pauso administratiboak hasi zituen. Bere hitzetan “bermuta bezalako produktu erregistratu baterako baimenak lortzea nahiko korapilatsua da”. Azkenean, Bodega Artesana Antonanza martxan jarri zuen 2021eko abenduan.

Haren egoitza Kordobilan, esan bezala, dago, Iruñerrian, Alonso eta bere familia bertan bizi dira eta. “Ikusi genuen eraikin batzuen beheko atalak bat egiten zutela upategirako geneukan ideiarekin”, erantsi du ardogileak. Galar Zendeako Udalari baimenak eskatu zizkioten; nahiz eta izapideak “pixka bat mantso” joan, azkenik administrazioak proiektua burutzea utzi zien. Alonsok komentatu du “Bodega Artesana Antonanzak Kordobila munduan zehar ezagutarazten” lagundu duela.

Oro Nómada

Hasieran batez ere laginak egin eta ezagunei eskaintzen zizkien, haien erantzunak balioztatzeko. “Gehien gustatzen zitzaizkien formulak mantendu eta hobetu, eta hain arrakastatsuak ez zirenak alde batera utzi genituen; saioz eta akatsez jardun genuen“, gehitu du Alonsok. Hurrengo urratsa gustuko formula erreplikatu eta kantitate handiagotan egitea izan zen. Horrek ere “bere zailtasunak zekarren”.

Ardoa eta landareak elkarrekin zahartzeko upelak

Prozesuaren emaitza gisa Oro Nómada artisau-bermuta jaio zen, 2022aren amaieran patentatu zena. Izenaren esanahia eta jatorria azaldu izan du Alonsok: “Edaria Erriberriko Chardonnay ardoarekin egiten dugu, urrearen kolorezko eraztun oso politak eratzen dituena; bestalde, Nómada hitza hautatu genuen bermuta hainbat lekutan zehar egindako bidaietan hartutako ideiekin eratu genuelako, tartean Iparraldeko eta Erdialdeko Europa, edo Espainia”.

Erriberritik ekarritako Chardonnay ardoari 33 belar aromatiko eta espezia moten nahasketa erantsi ondoren, edaria biltegiratu egiten da da, “zapore gozoak eta mingotsak orekatuz”. Horri esker “usain konbinazio oso erakargarria eratzen da”

Upategian, Erriberritik ekarritako Chardonnay ardoari 33 belar aromatiko eta espezia moten nahasketa erantsi ondoren, edaria biltegiratu egiten da da, “zapore gozoak eta mingotsak orekatuz”. Horri esker “usain konbinazio oso erakargarria eratzen da”. Horretaz gain, hainbeste osagai erabiltzean, “zapore bakoitzak pentsaera edo oroimen zehatz bat ekartzea bilatzen da, era horretan sentsazioen nahasketa oso aberasgarri bat sortuz”. Alonsok azaldu duen bezala, “hau Oro Nómada-ren bereizgarrietako bat da, normalean bermuta ez delako ardoa eta landareekin egiten, baizik eta alkohol puruarekin, gero landareekin eta nahi denarekin osatzen dena”.

Hurrengo bi pausoak dira “beste osagai batzuk gehitzea, hala nola, kanela, gerezia, fruitu lehorrak, erregaliza, menda, asentsioa, eta ardoa landareekin zortzi hilabetez haritz frantsesezko upeletan zahartzen uztea”. Azken urratsetako bat da “edaria ateratzea eta iragaztea”. Dena den, ardozaleak esan duen bezala, bermuta egiteko prozesuan “ezagutarazi ez daitezkeen sekretu batzuk ere badaude”.

Zisternak eta bermuta botiletan sartzeko makineria

Lehiaketetara saltoa

Pasa den urtean Bodega Artesana Antonanzak VinDuero-VinDouro txapelketan parte hartu zuen. Han “oso onarpen ona” jaso zuen. Hala ere, oraindik azpimarragarriagoa izan zen urte horretan ospatutako Catavinum World & Wine Spirits Competition lehiaketa, non “herrialde askotako (Frantzia, Espainia, Italia, Australia…) oso upategi garrantzitsuak dauden”. Hori dela eta, Alonsok parte hartzeko zalantzak zituen: “aurretik beste lehiaketa batetik ongi ateratzeaz gain, ibilbide motza eta esperientzia gutxi zeukan upategi txikia ginen”.

Martxoaren hasieran, Alonsok eta familiak dei bat jaso zuten: “Oro Nómada nazioarteko bermut hoberena bezala sarituta izan zela” adierazi zieten

Parte-hartzaile bakoitzak “lagin bat eskaintzen du, zenbaki batez identifikatzen dena; era horretan epaileek ez dakite zein upategiarena den edari bakoitza eta ezin dira partzialak izan”. Martxoaren hasieran, Alonsok eta familiak dei bat jaso zuten: “Oro Nómada nazioarteko bermut hoberena bezala sarituta izan zela” adierazi zieten.

Bermuta denentzat eskuragarri

Alonsoren hitzetan, Catavinum World & Wine Spirits Competition lehiaketa irabazi ostean, Bodega Artesana Antonanza “momentu gozo batean dago”. Izan ere, nahiz eta produktua kantitate handian oraindik ez eduki, txapelketan eskuratutako ospeari esker “oso eskaera handia” lortu dute. Saria irabazteak ez du upategiaren egitura eraldatu, han pertsona berdinek jarduten dutelako, baina salerosketa modeluan aldaketak ezartzea bermatu du. Eskaerak “Europa osotik, Estatu Batuetatik eta Hego Amerikatik” iritsi zaie. Alonsori “oso polita” iruditzen zaio “Nafarroan, Kordobilan, dagoen familia upategi batek munduan zehar hainbeste ospe lortzeak”.

Oro Nómada sustatzeko kartela

Oro Nómadako botilak bezeroaren enkarguz bidaltzen dira. 750 mlko botila batek 15 euro balio ditu. Alonsok esan duen bezala, ezagun batzuek adierazi diete “kalitate honetako produktu batek prezio handiagoz, gutxienez 50 euro ingurukoa, saldu beharko" luketela. Hala ere, berak “bermuta eskatu duen jende guztira iristea eta denentzako eskuragarria izatea” nahi du.

Nola hazi txiki izaten jarraituz

Bodega Artesana Antonanzan “enpresa handitzea” pentsatu dute, eskaeraren igoera hornitu ahal izateko. Dena den, Alonsok argi utzi nahi izan du ekoizten duena “kalitate handiko produktu gourmet eta fina izatea” nahi duela. Hori jadanik “botila ikustean eta edariaren usain aberatsa antzematean sumatzen da”. Beraz, zaila da “horrelako produktu bat industria handira eramatea, zainketa eta denbora asko behar du eta”. Hori dela eta, Oro Nómadari “gune txiki eta familiar bat dagokio, eskaintza mugatukoa”.

Nahiz eta beste lehiaketa batzuetan parte hartzeko aukera irekita utzi, ardozaleak oraindik ez dauka horretarako planik. “Momentuz ez zaigu interesatzen, orain lortu dugun ospearekin behar bezala haztea erronka da eta”, gehitu du.

Upategia “ahalik eta gehien saltzen saiatuko da, betiere duen egiturak ahalbidetzen dionarekin”, baina haren izaera txiki eta familiarra ez da aldatuko salmentak igotzeagatik

Upategia “ahalik eta gehien saltzen saiatuko da, betiere duen egiturak ahalbidetzen dionarekin”, baina haren izaera txiki eta familiarra ez da aldatuko salmentak igotzeagatik. Edozein kasutan, Alonsok oraindik “oso urrun” iritsi daitezkeela uste du eta itxaropenak “oso onak” dira.

Nahiz eta familia osoa bodegaren kudeaketan sartuta izan, bere semea da batez ere proiektuan murgilduta dagoena. “Gustatzen zaizun produktu baten eta animatzen zaitun seme baten nahasketak oso ilusio handia dakar”, esan du. Beraz, gazteriari “ekintzailetza apur bat lortzea eta nahi dituen proiektuekin hasteko ahalegina egitea” animatzen dio, baita “porrotak gaindituz eta haietatik ahalik eta gehien ikasiz”.