Lan eta bizi
Padela ere negozio bilakatu da
Azken urteotan sekulako hazkundea izan duen kirola da padela. Orain gutxi arte, Espainian eta Hego Amerikan jokatzen zen soilik, baina egun mundu osoan hedatzen ari da hiru paretez inguratutako pistan erraketarekin jokatzeko ohitura. Hala, 2026rako 6.000 milioi euroko negozio bolumena izango duela aurreikusten da. Hazkunde hau ikusita, inbertsio pribatuen esku hartzea ere ailegatu da, Qatar Sports Investments funtsarena tarteko
Padelak ez du futbolak, saskibaloiak, txirrindularitzak edota tenisak duten tradizioa nahiz jende masak mugitzeko gaitasuna, ez eta hauen inpaktu ekonomikoa edota nazioarteko irismena ere. Padela laukizuzen formako paretez inguratuta dagoen pista batean binaka jokatzen den kirola da, jatorria, gehienen ahotan, 1967an Mexikon duena. Dirudienez, Enrique Corcuera izeneko gizon batek Acapulcoko bere etxean zuen pista esparrua, inguruko belarrek inbaditu ez zezaten, hiru hesi metalikoz babestu zuen. Pista barruan jokatzen zuen etxera bisitan zetozkion lagunekin. Tenisaren arau berak erabiltzen zituzten, diferentzia bakarrarekin, tantoa luzatzearren lursaila inguratzen zuten paretak erabili baizitzaketen.
Kasik 60 urte pasa dira ordutik eta egun padelaren egoera oso diferentea da, azken urteotan izan duen hazkundeagatik, batik bat. Pandemia aurretik, jada goranzko joera zuen kirola bazen ere, Covid-19 ostean izugarri hazi da padela praktikatzen duten pertsonen kopurua, baita instalakuntza, talde eta txapelketena ere. Deloitte eta Playtomicek egindako Global Padel Report txostenaren arabera, padelaren negozio-bolumena 2.000 milioi eurokoa da egun eta 2026rako 6.000 milioi eurokoa izatea espero da.
Padelaren negozio-bolumena 2.000 milioi eurokoa da egun eta 2026rako 6.000 milioi eurokoa izatea espero da
Hortaz, duela gutxi arte profesional mailan herrialde jakin batzuetan soilik jokatu dena, mundu mailako kirola bilakatu da. Izan ere, padelak Mexikotik Marbellara egin zuen salto 1970ean, Alfonso de Hohenlohe noble eta higiezinen promotoreari esker. Hala, Espainia izan da Hego Amerikako zenbait herrialderekin batera padelaren epizentroa beti. Orain, ordea, padela nazioarteko hedapen prozesu bizian murgilduta dago, munduko 75 herrialde baina gehiagotara zabaldu da, gero eta profesional gehiago daude eta txapelketek, inbertsio pribatuari esker, bultzada ekonomiko handia jaso dute.
Nazioarteko sarea osatze bidean
Global Padel Report txostenaren arabera, 2022an, 8.200 padel pista eraiki dira mundu osoan eta 1.914 elkarte berri sortu dira. Arlo honetan, merkatuan liderra Espainiak izaten jarraitzen du, munduko 40.000 pistetatik 15.300 bertan baitaude, bigarren herrialdea Italia da, 6.470 pista dituzte eta hirugarrena Suedia (4.200 pista).
Hala, 2026rako 85.000 padel pista izango direla aurreikusten du txostenak, hau da, egungo kopurua bikoiztuko dela. Gainera, jada padela barneratu den hainbat lurralderen hazkundea ere ikertzen du, hala nola, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Ekialde Ertaina eta Asia, eta merkatu hauetan hurrengo urteetan inbertsio handiak egingo direla ondorioztatzen du txostenak.
2022an, 8.200 padel pista eraiki dira mundu osoan eta 1.914 elkarte berri sortu dira
Padel jokalarien profesionalizazio ere areagotzen ari da nabarmen. Iaz, esaterako, komunikabide eta telebista eskubideen balioa 35 milioi eurokoa izan zela kalkulatu da eta sarrerengatik eskuratuko diru sarrerak 15 milioi eurokoak izan ziren. Are gehiago, padelen erraketen merkatua (370 milioi euro), pilota eta beste osagarriena (80 milioi euro) eta arroparena (100 milioi euro) ere hazten ari da paraleloki.
Kirol olinpiko bihurtzea xede
Lehen padel txapelketa profesionala, Pro Padel Tour deiturikoa 2005an egin zen, eta 2013an, World Padel Tourrek (WPT) hartu zuen lehenengoaren lekukoa. Pandemia osteko boomaren ondorioz, 2022an nazioarteko padel zirkuitu berri bat sortu zen Premier Padel izenekoa, Nazioarteko Padel Federazioarekin lankidetzan sortu zen txapelketa hau, eta iaz zazpi herrialdeetan antolatu zituzten partiduak.
Bi zirkuitu nagusi hauek elkartzeko negoziaketetan ari dira egun, erreferentziazko zirkuitu bakarra egon dadin. Iaz, WPTen 827 jokalarik hartu zuten parte eta sarietan denera 3,27 milioi dolar banatu ziren. Premier Padelen berriz, 121.000 dolar banatu zituzten sarietan. Halaber, profesional kopurua areagotzen ari den erritmo berean ari da igotzen txapelketen kalitatea eta aurrekontua. Orain gutxi arte, jokalarien ia gehiengoa Espainia eta Argentinatik zentozen, orain, aldiz, apurka-apurka beste herrialde batzuetako jokalariak azaltzen hasi dira.
Iaz, WPTen 827 jokalarik hartu zuten parte eta sarietan denera 3,27 milioi dolar banatu ziren
Hazkundearekin segituz, padelaren hurrengo helburu nagusia kirol olinpikoa bihurtzea da. 2028ko Los Angeleseko joko olinpikoetan ez da posible izango, Nazioarteko Padel Federazioak ez baitu proposamenik aurkeztu. Hortaz, 2032an Brisbanen egingo diren jokoetara itxaron beharko dute.
Qatarrek ere festaren parte izan nahi du
Kirolaren hazkundearen adierazle nagusienetako bat eta profesionalizazio maila areagotu denaren seinale, nazioarteko inbertsio pribatuen esku hartzea izan ohi da. Kirol hegemonikoetan gertatu da azken urteotan eta padelean ere fenomeno bera agitzen ari da. WPTen sona handitzen joan den heinean, babesle kopurua ere areagotu da, hala, Adidas, Siux, Cupra eta nazioarteko beste hainbat marka izan ditu txapelketak laguntzaile moduan. Beste sustatzaile nagusienetako bat Damm garagardo marka izan da azken urteotan, WPTen jabea, hain zuzen. Aurten, ordea, Qatar sartu da negozioaren erraietan, Qatar Sports Investments (QSI) funtsa, hain justu ere.
Jada ezaguna da Qatarrek kirola erabili duela politika egin eta herrialdearen irudia zuritu nahiz hobetze aldera, sportwashing deritzona, hain zuzen. Paris Saint Germain futbol taldearen jabea da QSI eta beste kirol inbertsio ugari baditu munduan zehar. Hori gutxi balitz, ezin da ahaztu Qatarrek futboleko azken mundiala ere antolatu zuela iazko azaroan.
Dammekin akordioa lortuta, WPT zirkuituaren %50a baina gehiago du kontrolpean QSIk
Bada, Dammekin akordioa lortuta, WPT zirkuituaren %50a baina gehiago du kontrolpean QSIk. Partaidetza erosketa honek, padelaren merkatu balioa nabarmen handitzeaz gain, kirolaren nazioarteko hedatzea azeleratuko du eta askoren ustez, Espainiak orain arte izandako nagusitasuna galduko du behin betiko.
Euskal Herria aitzindari
Acapulcotik Marbellara, enpresari dirudunen kirola, estatu espainiarrean zehar hedatu zen 80ko hamarkadan. Bizkaira ere iritsi zen orduan, izan ere, bilbotar ugarik igarotzen zuten udara Marbella aldean. Julio Alegria da, askoren ustez, kirola Euskal Herrira ekarri zuen pertsona. Harrera ona izan zuen kirolak hemen, are gehiago, munduko lehen padel federazioa Bizkaikoa izan zen.
Jorge Peñin, egun Euskal Padel Federazioko presidenteak euskaldunok padelean aitzindariak izan ginela kontatu du, “Julio Alegriak inportatu zuen padela Marbellatik Euskal Herrira eta Nazioarteko Padel Federazioaren lehen presidentea izan zen. Espainiako Padel Federazioaren sorkuntzan ere lagundu zuen”.
Egun, munduko beste padel federazioarekin elkarlanean dabil Euskal Padel Federazioa. 2017tik da bertako presidente Peñin eta lau urteetan (2017tik 2021ra) 3.100 federatu izatetik 6.300 izatera pasa ziren, orain, aldiz, 5.300 federazio lizentzia dituzte, “bikoiztu egin dugu padela praktikatzen duten pertsonen kopurua”, dio.
Jorge Peñin: “Arrakasta handia du kirolak, oso soziala baita, lau pertsonek jokatzen dute elkarrekin. Edozein maila eta adinarekin jokatu daiteke eta kirol segurua da"
Era berean, kluben kopurua ere nabarmen hazi dela esan du, baita instalakuntzak eta txapelketa kopurua ere. “Oso proaktiboak izan gara, profesionalez harago, padela emakumeengana edota adin txikikoengana gerturatzen”, azaldu du. Ligak eta txapelketak antolatu, nazioarteko lehiaketetan parte hartu, klubei lagundu, instalakuntza berriak egin edota araudiei inguruko informazio emateaz arduratzen da federazioa.
Formakuntzari ere garrantzi handia eman diote federazioan, entrenatzaile ikastaroak egiten dituzte, esaterako, “nazioartean prestigio handia dugu formakuntzari dagokionez”, azaldu du Peñinek. Halaber, presidenteak etorkizun oparoa aurreikusten dio padelari. “Arrakasta handia du kirolak, oso soziala baita, lau pertsonek jokatzen dute elkarrekin. Edozein maila eta adinarekin jokatu daiteke eta kirol segurua da. Gainera, ez da maila fisiko oso altua behar”. Pandemia garaian askorentzat psikologo lana egiten zuela padelak adierazi du Peñinek. Gaur-gaurkoz, psikologo eta beste mila gauza ere badela esan daiteke.