Bilboko Amatxi patata-tortilla banatzaileko tortilla | Argazkia: Amatxi

LAN ETA BIZI

Patata-tortillaren negozioa sutan

Tipularekin edo gabe, etxe guztietan zein tabernako barra orotan aurki dezakegu patata tortilla pintxo eta bokatak. Produktuaren arrakasta probestuz, geroz eta negozio gehiago dira Euskal Herrian produktu honetan soilik espezializatuak

Mundu osoan espainiar gastronomiarekin lotzen den produktu ezaguna bada ere, patata-tortillaren jatorria ez dago batere argi. Zurrumurru batzuek diotenez, Tomas Zumalakarregi jeneralak Lehen Gerra Karlistan Bilboko setioan soldaduak elikatzeko asmatu zuen jakia. Beste batzuek, berriz, Flandrian Lancelot de Casteau sukaldariak 1604an jada jakia prestatzen zuela diote. Ziurra dena patataren sorlekua da: Peruko Ande mendietatik dator tuberkulua, bertako indigenak izan ziren etxekotzen lehenak. Gerora, XV. mendean espainiar konkistatzaileak Amerikara iristean patata aurkitu eta Europara ekarri zuten.

Sortu zenean sortu zela, elikagaiak ospea hasieratik izan du, baina gaur inoiz baino patata-tortilla gehiago kontsumitzen da. Tabernetako barran pintxoa, patata-tortilla bokata edota etxera eramateko ohitura oso errotuta dugu Euskal Herrian. Hori gutxi balitz, Plater Kozinatuen Fabrikatzaileen Espainiako Elkartearen arabera (ASEFAPRE), iaz 42.260 tona patata-tortilla kontsumitu ziren espainiar estatuko etxeetan, 2021ean baino %20 gehiago. Halaber, plater kozinatuak jateko ohitura gero eta handiagoa da (ia 700.000 tona kontsumitu dira 2022an), eta elikagai hoztuen artean, arroza eta arrainarekin elaboratutako platerekin batera, igoera handiena izan du patata-tortillak.

Mercadonakoa Nafarroatik

Sektorearen olatua kasik lehertu aurretik hartu zuen Benis Food Elaborados Naturales enpresa nafarrak. Egunean 220.000 patata-tortilla ekoizten ditu Funes herriko lantegian eta hamar urte baino gehiago dira Mercadona supermerkatuari saltzen dizkiola. Sergio Beni gerenteak esan digunez, 2010ean Corellako planta batean hasi ziren patata-tortillak ekoizten. ”Hiru ekoizpen-lerrorekin abiatu ginen. Gero laugarren bat gehitu eta 70.000 unitate egiten genituen urtean. Harrezkeroztik, hazkundea geldiezina izan da 2017an Funesen espresuki tortilla patatak egiteko instalakuntza eraiki behar izan genuen”, azaldu du.

2022an 120 milioi euro fakturatu ditu enpresak eta Beniren arabera, aurten 152 milioi fakturatzea espero dute: “Hazkundearen ideia bat izan dezazuen, 2020 eta 2021ean 60 eta 80 milioi fakturatu genituen hurrenez hurren. Urtero bi zifrako igoera izaten ari gara”, esan du. Gainera, gorako tendentziak ez du moteltze zantzurik, eta Corellako lantegian eraberritze lanetan ari dira eguneko ekoizpen gaitasuna 280.000 unitateetara handitzeko asmoz. “Betiere zuhurtziaz, baina eskaera kopurua ikusita epe motzera ekoizpen lerroak areagotu behar ditugula ikusten dugu”, gehitu du.

Sergio Beni: “Hazkundearen ideia bat izan dezazuen, 2020 eta 2021ean 60 eta 80 milioi fakturatu genituen hurrenez hurren. Urtero bi zifrako igoera izaten ari gara”

“%53ko merkatu kuota dugu, hau da, Espainiako supermerkatuetan saltzen diren patata tortillen erdia baina gehiago hemendik ateratzen dira”, nabarmendu nahi izan du Benik. Ekoitzitako bolumenaren %80 Mercadonara bideratzen dute, eta gainerakoa Horeca arlora (ostalaritzara) eta esportazioetara. Munduko 16 herrialdeetako supermerkatuetan saltzen dute egun, tartean Frantzian E.Leclerc eta Casino supermerkatuetan, eta Ingalaterran Waitrose eta Marks and Spenceren.

Benis Food Elaborados Naturalesen patata tortilla lantegia | Argazkia: utzita

Produktuan espezializatuak

Supermerkatuan aurki ditzakegun plater kozinatu edo izoztuen gorakadaz gain, sektorearen hedapenaren beste erakusle batzuk ere badira, taberna edo jatetxerik ireki gabe zuzenean produktua saltzen hasi diren negozioak adibidez. Amatxi Tortillasen kasua da hori esaterako, Bilboko lehen patata-tortilla delivery zerbitzua. Marka digital gisa sortua, iazko abenduan hasi ziren Bilbon zehar tortillak banatzen eta Jon Magro arduradunak esan duenez, dark kitchen modura abiatu baziren ere, jada Bilboko Maximo Agirre kalean lokal publikoa ireki dute.

“Beste hiri batzuetan delivery zerbitzuak funtzionatzen zuela ikusita, Bilbon irekitzea erabaki genuen hemen ez baitzegoen erreferentziazko proiekturik”, azaldu du Magrok. Otsailean tona bat patata kontsumitu dituzte patata-tortillak egiten, eta jada merkatuko eskari altua nabaritzen ari direla aitortu du. Beraien web orritik eskaria egin eta 30 minutuan patata-tortilla etxean jaso dezake bezeroak. “Bost minutuero tortilla bat egiteko ekoizpen gaitasuna dugu. Produktu bakarrean espezializatua egoteak abantaila konpetitibo bat ematen digu”, gehitu du.

Jon Magro: “Bost minutuero tortilla bat egiteko ekoizpen gaitasuna dugu. Produktu bakarrean espezializatua egoteak abantaila konpetitibo bat ematen digu”

Produktua bera soilik ez. Banaketa sektorearen goren unea aprobetxatu nahi izan dute nolabait, eta pandemiaz geroztik banaketa plataformek izan duten gorakada beti fast foodekin lotu izan bada ere, Mediterraneoko janariak ere hazkunde handia izan duela ikusi dute. Egun Bilbotik hiruzpalau kilometroko eskualdea barne hartzen dute, baina helburua 15 kilometrora zabaltzea da Getxo, Sestao, Barakaldo eta Galdakaora ailegatuz.