Somos Bakery, gosaltzeko "esperientzia bat" eskaini nahi duen kafetegia
Instagrameko kontua izatetik, Donostian gosariak, brunchak eta gozogintza eskaintzen dituen lokala izatera bihurtu da Somos Bakery, kalitatezko eta hurbileko produktuekin lan eginez
Somos Bakery espezialitateko kafetegi bat da, non kalitatezko eta hurbileko produktuekin egiten duten lan; izan ere, tokiko hornitzaileekin, ekoizle txikiekin eta ekintzaileekin aritzen dira. Haien produktu guztiak maitasun handiz egiten dituzte, eta kontsumitzailearen eskarira egokitzen saiatzen dira, haien ukitu pertsonala emanez.
Basque Culinary Centerren graduatu ondoren, Paula Arratek Stephano Veintimilla bere egungo bazkidearekin kafetegi bat irekitzea pentsatu zuen. Instagrameko kontu baten bidez hasi ziren postreak saltzen, eta etxean prestatzen zuten janari guztia. Gero eta eskaera gehiago zituztela eta hainbesteko eskaerara iristen ez zirela ikusi ondoren, lokal bat bilatzea pentsatu zuten. Denbora asko behar izan zuten, baina azkenik Antiguako auzoan lokal bat aurkitu zuten, eta jada bi urte egingo dituzte han.
Somos Bakeryn gosariak, bruncha eta gozogintza eskaintzen dituzte. Karta aldatzen doa sasoiko fruta eta barazkien arabera, ekoizle txikiekin lan egiten dute eta haiek bezalako gazte ekintzaileak bultatzen dituzte. “Gure helburua jendeak bere esperientziaz gozatzea da. Fruta eta barazkien denboraldiekin jolastu, beti kalitate onena eskaintzeko. Eta jendeak produktu eta zerbitzu ona baloratzen ikas dezala”, dio Arratek.
Lokalaren bilaketa luzea
Berrikuntzan, negozioan eta ekintzailetzan espezializatua, Paula Arratek graduan zehar hainbat diziplinetan praktikak egin zituen. Hala, Tradevotik (Sevillatik) igaro zen sukaldaritzaren arloan lan eginaz, Paco Roncero jatetxetik (bi izar Michelin dituena, Madrilen kokatua) bezeroentzako arreta, protokoloa eta areto zuzendaritzaren arloan, eta Hispania Brusselsetik administrazio kudeaketan eta ekitaldietan aritzeko.
2022an Bartzelonan SCAko (Specialty Coffee Association) kafe ikastaroekin trebatu eta hainbat herrialdetara inspirazio bila bidaiatu ondoren, Somos Bakery proiektuarekin hasi zen. Stephano Veintimillarekin batera, espezialitateko kafetegi bat ireki zuen Donostian. "Sektoreko ekoizle eta hornitzaile onenekin lan egiten dugu, gure bezeroei merkatuko kalitate handieneko produktuekin egindako elaborazio onenak zerbitzatu ahal izateko", gaineratu du.
Paula Arrate: “Hiria garestiegia da. Aurkitzen genituen lokalek alokairu neurrigabea zuten, edo bestela erabateko eraldaketa edo hutsetik obra egitea eskatzen zuten”
Aitzitik, lokal bat bilatzea ez zen erraza izan; Donostian garestiak dira lokalak zein etxebizitzak. “Hiria garestiegia da. Aurkitzen genituen lokalek alokairu neurrigabea zuten, edo bestela erabateko eraldaketa edo hutsetik obra egitea eskatzen zuten”, gehitu du. Hasieratik argi zuten lokal maneiagarri bat nahi zutela. Gehienek kearentzat irteerarik ez zutenez, luze jo zuen bilaketak, baina argi zuten ke irteerako lokal bat behar zutela buruan zutena egin ahal izateko. Donostiako zentroan edo Grosen irekitzeko ideia ere bazuten, baina ezer aurkitzen ez zutenez, aurreikusi gabe lokal bat ikusi zuten Antiguan, gaur egun kokatuta dauden auzoan.
Ekitea: esperientzia "aberasgarria"
Negozio orok hasierako inbertsio garrantzitsua dakar. Kasu honetan, lokala eraberritu behar izan zuten iritsi zirenean suntsituta zegoelako; oinarrizko gauzak eginda zeuden, hala nola kearentzat irteera, baina gainerakoa berria egin behar izan zuten bi hilabeteetan.
Paula Arrate: “Irekitzen dugunetik itxi arte ez dago gelditzeko astirik”
Ekitea oso esperientzia aberasgarria dela dio Arratek. Egunero esperientzian eta egiten dituzten akatsetan oinarrituta ikasten dute. Ez da bide erraza, milioika arazo baitaude egunerokoan, eta horiek kudeatzen ikasi behar da. Somosen sortzailearen ustez, maila pertsonalean, hori da zailena. “Nire kasuan, kanpoko laguntzarekin kudeatzen ikasten ari naizen zerbait da. Jakin behar da bereizten Somos zer den eta zer garen gu pertsona indibidual gisa”, dio. Batzuetan konplexua da lana eta bizitza pribatua bereiztea, batez ere autonomoa izanda. Horrekin batera, gauzak besteen esku uzten ikastea ere zaila da. “Gure kafetegia eragin hori izaten ari dela ikusteak eta jendearen zorionak jasotzea pozgarria da”, dio.
Gazi zein gozo
Somos Bakeryn edari karta zabala eskaintzen dute, espezialitate kafea eta kalitatezko produktuak erabiliz. Haiek egindako postreen karta bat, eta gosaltzeko eta bruncheko karta edo menu bat ere badituzte.
Goizeko seietatik aurrera, zerbitzurako produktuak kozinatzen hasten dira eta postre guztiak ere prestatzen dituzte. Goizeko 8:30ean irekitzen dute, 18:00ak arte. "Oso gogorrak" izaten da, dagoen lan karga dela eta: “Irekitzen dugunetik itxi arte ez dago gelditzeko astirik”.
Bruncha eskaintzen duen kafetegi bat izanik, kafea eta gozogintzaz harago, beste gauza gehiago ere baditu. Somos Bakeryn plater gatzdunak, zukuak, jogurtak etab. gehitzen dira. Janari "arinak eta osasungarriak" dira, baina baita "oso nutritiboak" ere.
Kontsumo arduratsua
Ekonomikoki, ekoizle txikiekin lan eginez, lehengaiaren edo produktuaren kostua handiagoa da. Marka industrial handiak alde batera uzten dituzte: alde batetik, tokiko ekonomia bultzatu nahi dutelako, ekoizle txikiari lagundu, eta gazteak anima daitezenekitera eta jauzia ematera; bestetik, osasunaz eta osagai edo materialez arduratzen direlako. Marka komertzialek oso prozesu industrializatuak dituzte, norbanakoen osasunari eragiten diotenak, dela azukre finduen dosi handiekin, olio hidrogenatuekin, etab. “Gustatzen zaigu jendea jabetu dadin zer kontsumitzen duen eta kontsumo arduratsua egitea”, dio.
Somos eguneroko salmentekin finantzatzen da. Oraingoz ez dute marketinean edo publizitatean inbertitzeko beharrik izan
Somos eguneroko salmentekin finantzatzen da. Oraingoz ez dute marketinean edo publizitatean inbertitzeko beharrik izan. “Zorionez, hainbat egunkarik eta irrati katek elkarrizketak egin nahi izan dizkigute. Influencer batzuk ere etorri dira beraiekin hitz egin gabe, eta haien argitalpenek ere jende gehiagorengana iristen laguntzen dute”, esan du. Hala ere, brandingean asko inbertitzen dute. Horretarako, estudio batekin lan egiten dute; logoa eta merchandisinga diseinatzen dituzte, eta hainbat proiektu egiten dituzte. Gainera, lortu dituzten sariek ere ikusgarritasun handia eman diete.
Lan-taldea sortzeko gogoz
Donostian azken bi urteotan kafetegi asko ireki dituzte. “Uste dut gastronomian dugun prestakuntzak desberdin egiten gaituela; biok graduatu gara BCCn eta kafean espezializatutako hainbat ikastaro egin ditugu", adierazi du. Bai Arrate, bai Veintimilla gastronomiazale amorratuak dira, etengabeko prestakuntzan jarraitzen dute eta esperientzia handia dute sektorean. Gozogintza guztia bertan egiten duten bakarretakoak dira, eta, gainera, hirian beste inork ez dituen markekin lan egiten dute kafeari, kombuchari edo chaiari dagokionez. “Beti gaude elaborazio eta produktu berrien bila, etengabe irakurtzen edo bidaiatzen”, kontatu du.
Paula Arrate: “Uste dut gastronomian dugun prestakuntzak desberdin egiten gaituela; biok graduatu gara BCCn eta kafean espezializatutako hainbat ikastaro egin ditugu"
Aspalditik lan-talde bat sortzeko gogoekin daude. Gaur egun, fundatzaileek goizeko 6:00etatik arratsaldeko 19:30ak arte egiten dute lan. Beraz, txandaka lan egin ahal izatea da haien asmoa, etorkizuneko proiektuetan pentsatu ahal izateko.