Behobiako aurtengo poltsako edukia | Argazkia: utzita

LAN ETA BIZI

Unboxing Behobia

Behobia-Donostia lasterketa ospetsurako ordu gutxiren faltan, antolakuntzak eta babesleek korrikalariei eskainitako deskontuak eta materiala aztertu nahi izan ditugu, parte-hartzaileoi lagungarri egingo zaizuelakoan

Bihar jokatuko dute Behobia-Donostia lasterketaren 57. ekitaldia. Aurtengoa ere lasterketa jendetsua izango da, ia 30.000 pertsonak eman baitute izena, zehatzago esanda, 29.732k. Iaz baino lau mila lagun gehiagok hartuko dute parte, baina kontuan izan behar da iazkoa Koronabirusaren pandemian jokatutako lehen lasterketa izan zela. Bestelakoan, lasterketaren ibilbidea azken urteetako berbera izango da, hogei kilometrokoa, Behobian hasi eta Donostiako Bulebarrean amaituko da.

Ibilbidea bera izanagatik ere, 57 ekitaldi hauetan aldaketak ere izan dira, esaterako, parte-hartzaileei egiten zaizkien oparietan. Batzuek agian jakingo ez duzuen arren, korrikalariei zenbait opari egiten zaizkie lasterketan parte hartzeagatik. Influencerren pare jarrita, Behobia-Donostiako korrikalariei eskainitako produktuen unboxinga egin nahi izan dugu enpresaBIDEAn.

Poltsan

Lasterketaren aurreko egunetan, poltsa bat banatu zitzaien parte-hartzaileei. Izen-eman dutenetako batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta poltsan jaso dutena zer izan den erakutsi digute. Lehenik eta behin, norbere dortsala aurki daiteke bertan, izen-abizen eta zenbakiarekin batera; lasterketan ateratzeko kamiseta urdin argia ere bai, ‘Gozatu’ aurtengo lelo eta guzti; Rural Kutxaren lanyard zinta berde bat ere badago; eta, azkenik, baita Forum Sport kirol dendetan erosketak egiteko 10 euroko bale bat ere. Esan daiteke, beraz, Behobia-Donostia ekitaldira behar bezala jantzita joateko kit osatu samarra eskaintzen duela poltsa horrek.

Email bidez

Hala ere, eskura bakarrik ez, email bidez ere iritsi zaie korrikalariei opariren bat. Quiron ospitaleetan, esaterako, sei hilabete dohainik izango dituzte osasun-plan indibidual batean. Mezuak dioenaren arabera, telemedikuntza-zerbitzu ugari izango dituzte eskura, hala nola 24 orduko berehalako telefono kontsultak, bideo bidezkoak eta espezialistekin egindako txatak ere bai, nutrizio eta dietetikari lotutakoak, kasu. Gainera, osasuna monitorizatzeko aukera ere izango dute, eta deskontu eta prezio bereziak ere izango dituzte beste zenbait aukeratan.

Helmugan

Hogei kilometroko lasterketa amaitu eta helmugan bertan ere izango da zer aurkitua. Lasterketako koordinazio-taldeak jakitera eman digunez, indarrak hartzeko janari eta edariak izango dira: Kanarietako platanoa eta zereal-barra jateko, eta ura, Amstel Radler eta Powerade edateko. Horretaz gain, euritarako pontxoa, krema hidratatzailea eta ‘zorionak’ jartzen duen domina oroigarria ere eskuratuko dituzte lasterkariek.

Ondoren, Okendoko karpan ere edari gehiago izango dituztela azaldu digute, atun eta urdaiazpiko egosiaren ogitartekoekin eta Eceiza zigarro eta teilekin batera. Kaiku produktuak ere eskuragarri izango dituzte.

Aipatzekoa, halaber, lasterketa ibilbidearen hogei kilometroetan platanoa eta zereal-barrak jaso eta jateko aukera ere izango dela zenbait edariekin batera.

Ia 30 mila parte-hartzaile izango dira, beraz, baina kontuan hartu behar da biharko egunez lasterketa ikustera ere bisitari ugari hurbilduko dela Donostiara. Gauzak horrela, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi duenez, lasterketak hiriaren ekonomiari lagunduko dio beste urte batez: “Behobiak bizitzaz eta jardueraz beteko ditu gure kaleak eta, zalantzarik gabe, eragin handia izango du tokiko ekonomian. Behobia bezalako jardueretan parte hartzera edo besterik gabe ikustera animatzen den jende kopuruan goranzko joera nabarmena izan da azken urteetan”.

Azken orduko informazio baliagarria jasota, eta eguraldia ere lagun izango dugula jakinda, ea zer nolako lasterketa izaten den biharkoa. Logoari so eginez, gozatu!