Lan eta bizi
Urdaibai, turismoaren olatuan: aukerak eta erronkak
Sektore turistikoa hedatzen ari da Bizkaia osoan zehar, eta honek zerbitzu enpresen aukerak handitzen ditu. Urdaibain esaterako, gero eta turismo zerbitzu eskaintza handiagoa dago, tartean, "Taho boat rentals & charters" eta "Urdaibairentals" enpresenak
Turista profilak aztertzea, helmuga turistikoak finkatzea zein tokiko biztanleriaren ongizatea babestea dira egun sektore turistikoaren erronka nagusiak, eta profesionalek horiek betetzen saiatzen dira. Berebiziko hedapena lortzen ari da turismoa Euskal Herriko txoko askotan, euskal ekonomiaren tertziarizazioa argitara eramaten duena. Urdaibai eskualdearen kasua nabarmena izaten ari da azkenaldian.
Bizkaiko Turismo Behatokiak, 2022. urteko datuekin kaleratutako txostenean, Urdaibai Bizkaiko bigarren eremu bisitatuena dela argitu du. Bilbo da bisitatuena turisten %88,2 erakarrita; ostera, Urdaibai dago zerrendan, turisten %68,1a erakarrita. 2019tik 2022ra eskualdera etorri diren turista kopurua %11,98 gutxiago izanda ere, pandemiaren eragina dela medio, aurreikuspen onak aurkezten dira txostenean. Bizkaia osoko turismo enpresen %65,5ak uste du sektoreak gora egingo duela hurrengo hiru urteetan. Hori horrela, badira hainbat enpresa zonaldean aukera ikusi eta haien zerbitzuak indartzeko hautua egin dutenak.
Xabier Goienetxea: “Urdaibain ez daude inbertsio talde handiak etxebizitzen alokairuan sartuta, banakakoen etxebizitzak dira nagusi”
Taho boat rentals & charters enpresak titulazio gabeko ontzien alokairua eskaintzen du Mundakako zein Bermeoko portuetan. Haren bazkideetako bat den Hodei Madariagak enpresaren izaeraz hausnartu du: “Konturatu ginen Bizkaian guk eskaintzen dugun zerbitzua ez zela ematen”. Hori dela eta “aukera” on bat zegoela aztertu zuten, ostera zerbitzua ematen hasteko. “Kanpora irteten ginenean ikusten genuen zerbitzu hau asko eskaintzen zela, baina Urdaibain ez genuen ikusten holakorik”, nabarmendu du Madariagak. Ibilbide gidatuak eta arrantza kirol txangoak ere gauzatzen dituzte, bertoko biztanleriari ere zerbitzua eskaintzen dietelako: “Horretan espezializatzen gabiltza batez ere, nahiz eta paseo turistikoak ere ematen ditugun”.
Ibilaldi turistiko horietaz gain, pisu turistikoak ere gora egiten ari dira zonaldean. ‘Urdaibairentals’ enpresak alokairu turistikoen kudeaketa gauzatzen du bertan, zonaldeko biztanleen etxebizitzak horretara bideratuta. Xabier Goienetxea enpresaren sozioetako bat da, eta eskualdeko egoeraz aritu da: “Urdaibain ez daude inbertsio talde handiak etxebizitzen alokairuan sartuta, banakakoen etxebizitzak dira nagusi”. Horrela, etxebizitza horiek kudeatzeko zerbitzua eskaintzen dute ondasuna alokairu turistikoa bilakatzeko.
Giro familiarreko turistak
Turisten profilak aztertuta bat datoz enpresariak, familia giroan datozen turistak nabarmendu dituztelako. “Bikoteak eta gurasoak seme-alabekin izaten dira gehien bat gurekin”, azpimarratu du Madariagak. Goienetxea ados agertu da, nahiz eta urtaroen garrantzia gehitu nahi izan duen: “Uda aldean, oporrak programatuak egoten dira, hori dela eta ikusten dira familia gehiago”. Urtean zehar bikoteak dira nagusi pisu turistikoetan Goienetxearen arabera. “Turisten %70 bat, gutxi gorabehera, bikoteak izaten dira”.
Bizkaiko Behatokiaren txostenaren arabera, 2022.urtean hamar turistatik zazpi Bizkaian aurretiaz egon dira. Erakarpen indar horretaz baliatuta turisten kopuru handiena “nazionalak” direla azaldu dute adituek, baina kanpotarren presentzia ahaztu gabe. “Batez ere Belgika, Herbehereak, Alemania, Frantzia edota Erresuma Batua bezalako herrialdeetatik datoz gehien bat kanpotarrak”, gehitu du Madariagak.
Erronka anitz
Sektorearen erronken inguruan arituta urtaroen menpekotasuna ahotan izan dute adituek, baita lehiakortasuna aztergai izan ere. “Udako hilabeteak indartsuak izaten ditugu, baina eguraldia kontuan hartuta beti”, mahaigaineratu du Madariagak. Era berean, eskualdean lehiakortasuna “handia” dela dio. Espezializazioa izan du jomugan batez ere konpetentziatik aldentzeko: “Gero eta enpresa gehiago daude zonaldea ontziz bisitatzeko aukera ematen dutenak, hori dela eta, espezializatzen gabiltza ontzien alokairuan zein arrantza txangoetan”.
Xabier Goienetxea: Hilabete indartsuetan gero eta eskari handiagoa baldin badago, jabeek ez dute hain errentagarri izango haien etxebizitza alokairu turistikoan jartzea”
Goienetxeak, bestalde, etxebizitzen jabeen errentagarritasunean izan du abiapuntua. “Hilabete indartsuetan gero eta eskari handiagoa baldin badago, jabeek ez dute hain errentagarri izango haien etxebizitza alokairu turistikoan jartzea”, kontatu du. Turismoaren gorakada ikusita, eskari handia asetzeko, eskaintzak gora egiteko joera izango du, eta beraz alokairu bakoitzeko errentagarritasuna gutxitu egingo da. “Honako testuinguruan etxebizitzen jabeek, pisu turistikoaz gain, beste formatu batzuk azter ditzakete haien ondasunentzako, ”.
Etorkizunean, zikloak
Etorkizunera begira, Goienetxeak uste du zonalde turistikoen “modak” urte gutxi batzuk baino askoz gehiago irauten dutela. Sektore turistikoan, merkatuen “zikloak” luzeagoak izaten direla dio, eta hamarkadak irauten dituztela uste du. “Erritmoa gorakorra izango ote den ez dakit aurreikusten, baina eskualdeko turismoa indartzen duten faktore batzuk ematen ari dira”, dio Goienetxeak. Horiek dira Frantziako Tourraren hedapena zein Guggenheim berriaren eraikuntza prozesua. Era batean edo bestean, faktore horiek Urdaibai marka handitzen dute, eta aukera berriei so ageri dira enpresariak.
Ildo berean, Madariagak uste du zonaldeak asko saltzen duela: “Asko eskaintzen da gure zonaldea, eta jendeari benetan gustatzen zaio”. Tenperatura, kosta, mendiak, hondartzak... “ezaugarri” horiek erakargarri egiten dute zonaldea bere aburuz. Faktore horiek aztertuta, etorkizunean zonaldea “turistikoki” gora egingo duela iritzi dio.