Argazkia: Néboa

LAN ETA BIZI

Zeramika negozio forman moldatuz

Zeramika beroz eta buztinez ontzi zein beste zenbait objektu sortzearen artea izateaz gain, jarduera ekonomiko oso garrantzitsua da. Kontzeptuaren bi alderdietan oinarrituta, gero eta negozio gehiago irekitzen ari dira Euskal Herrian

Zeramika ardatz hartuta, dekorazio dendak, lantegi eta ikastaroak, kafetegiak, baita sare sozialetako kontuak ere irekitzen dira egun han eta hemen. Munduko industria zaharrenetakoa izanda ere, —neolitokoak dira lehen ontziak— egun oso bizirik dagoen artetzat jo daiteke, zaletasun handia sortzen duena. Arteaz harago, eraikuntza eta arkitektura sektorean azuleju zein zoladuren ekoizpen eta salmentak, esaterako, goranzko joera izaten ari dira, eta hala adierazten dute Zeramika Azuleju eta Zoladura Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak (ASCER) zabaldutako datuek. 2022an 5.538 milioi euroko fakturazioa izan zuen sektoreak, eta 2021ean 5.000 milioiko langa ez bazuten pasa ere, 2020an baino %26,4 gehiago fakturatu zuten. Salmenta guztietatik %75 baino gehiago esportatu egiten da, eta Espainiako merkataritza-balantzan hirugarren superabit handiena duen industria da.

Dena den, ekonomiaz gain artea den heinean, eta sektoreak eskainitako zifra erraldoi hauetatik urrunduz, zeramikaren munduak negozio gisa duen arrakastaren lagin txikiago batzuk ere badaude nonahi, aipatutako denda zein lantegiak edota zeramikarekin lan egiten duten artista eta eskultoreen obrak, adibidez. Finean, jendearengan piztu da interesa, eta artisautzarekiko zaletasuna nabarmen areagotu da azken urteetan, pandemiaz geroztik, batik bat

Portugaleko baxerak Euskal Herrian

Zeramikaren artearekin oso lotuta dagoen herrialde bat Portugal da. Halaxe dio Maria Magdaleno galiziarrak, Neboa Home Astigarragako zeramika eta dekorazio dendaren jabeak. Fadoaren herrialdearen mugetatik gertu bizitakoa da Magdaleno, eta berak esan duenez betidanik ikusi izan ditu galiziarrak muga pasatzen baxerak eta ontziteriak erosteko. Hori buru artean zuela, otu zitzaion halako negozio bat martxan jartzeko ideia, eta Astigarragako baserri batean azpian, garaje bat zen lekuan ireki zuen zeramika dekorazio denda 2021ean.

“Galizian kontzeptu bereko denda jartzeko aukera gehiago zeuden, baina Portugalekin oso konektatuta dago eta ez nuen konpetentziarik egin nahi. Nik produktua beste leku batzuetara ekarri nahi nuen”, adierazi du. Hainbat zonalde aztertuta, Euskal Herria leku egokia iruditu zitzaion, beste gauza askoren artean, Frantziako mugatik gertu egotea bilatzen baitzuen, Portugalen baxera eta ontziteri asko erosten zituzten frantziarrak erakartzeko.

Maria Magdaleno: “Hasiera bateko aurreikuspena hilabete eta erdian 5.000 pieza saltzean zen eta eta motz geratu naiz

Portugaletik ekartzen ditu katilu, plater, erretilu, pitxer eta beste produktu guztiak. “12 plater txokon, zapal eta txikiko baxera bat 100 eurotan saltzen dugu”, dio Magdalenok. Ostalaritza eta partikularrei saltzen die, eta hasieran ezarritako espektatibak erraz gainditzen ari da negozioa: “Hasiera bateko aurreikuspena hilabete eta erdian 5.000 pieza saltzean zen, eta eta motz geratu naiz. 1000 piezako 5 palet ekartzen nituen hilabete eta erdiro, baina orain gehiago behar ditut”, gehitu du.

Pandemiaz geroztik sektoreak gorakada izan duela ikusten ari da, eta etxeko dekorazioaren kultura handitzen ari dela uste du. "Herrialde nordikoak bezala izaten hasi gara apur bat”. Sare sozialen presentziak ere eragin nabarmen izan du negozioan, eta bezero gehienak Instagram bidez iristen zaizkiola aitortu du. “Mutriku, Ondarroa, Ordizia edota Azpeititik etorri zaizkit bezeroak Instagrametik ezagutu gaituztela esanez”.

Zeramikafea, Bilbon

Bere negozioa zeramiketan lokaztea erabaki duen beste bat La Martina Pottery Euskal Herriko lehen zeramika-kafetegia da. Bertara doanak zeramika eta pintura lanez gozatzeko parada du kafe bat dastatzen duen bitartean. Sabrina Escobarrek munduko hainbat txokotan (Parisen, Kalifornian…) topatu zituen estilo horretako kafetegiak, eta Bilboko Deustu auzoan kontzeptu bereko kafetegi bat ezartzearen aldeko hautua egin zuen, ingurukoentzat aisialdirako kontzeptu berri bat eskainiz.

Iazko udan ireki bazuen ere, sekulako harrera izan du negozioak. “Ikastaro batzuen bidez hasi nintzen proiektua ezagutarazten, baina segituan bezero asko bildu genituenez, jada gaur erreserba egitea gomendatzen dugu, asteburuetan eta ostiral arratsaldeetan batez ere”, argitu du. Hala, bezeroak bertaratzean zeramika pieza hautatu (10 eta 28 euro artekoak dira), eta pieza landu eta pintatzeko aukera du bi orduz. Gainera, prezioan sartzen dira pintatzeko koloreak, piezak esmaltatzea, kafea edo bezeroaren gustuko beste edariren bat eta opil bat.

Sabrina Escobar: “Kafearen kalitatea zaintzen dugu, baina zeramikaren artea sustatzea da gure helburu nagusia"

Kafetegia izanik ere, Escobarrek aitortu du zeramika dela negozioaren alde garrantzitsuena. “Kafearen kalitatea zaintzen dugu, baina zeramikaren artea sustatzea da gure helburu nagusia. Bezeroak ez du aditua izan behar, ikastera etorri behar du”, azaldu du. Landutako zeramika piezak katiluak, platerak edo ahozapitakoak izan daitezke eta pintatu ondoren erabiltzeko dira.