Ikastaroaren saioetako bat | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

Gipuzkoa

Abian da Gipuzkoako trantsizio ekologikoari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikastaroa

Parte-hartzaileak gaitu nahi ditu trantsizio ekologikoak eta ekonomia zirkularrak beren erakundeei eskaintzen dizkien aukerak detektatzeko

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko Ekonomia Zirkularrari eta Industria Iraunkortasunari buruzko ikerketa taldeak (ECSI) trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularrari buruzko ikastaroa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Berrikuntza Departamentuaren finantzazio laguntzarekin. Gipuzkoako ehun sozioekonomikoari zuzendutako ikastaroa da, trantsizio ekologikoak eta ekonomia zirkularrak beren erakundeei eskaintzen dizkien aukerak detektatzen lagundu asmoz sortua.

Gipuzkoako era guztietako pertsona, erakunde eta administraziori zuzenduta dago, eta horietako 24ri aholkularitza eskainiko zaie ikaskuntza sendotzeko. Halako formazioen bidez, erronka da Gipuzkoa ekonomia zirkularrean erreferente bihurtzea Europa mailan.

Ikastaroen egitura

Saio batzuk online izango dira eta besteak aurrez aurre, Galarretako eta Arrasateko Campusetan. Erakundeek beren prestakuntza mapa modu pertsonalizatuan diseina dezaten egituratuta dago ikastaroa. Lehen online saioek, enpresek trantsizio ekologikoaren eta ekonomia zirkularraren aukerak detektatzeko balioko dute. Lehen zati honetan, trantsizio ekologikoak eta ekonomia zirkularrak eskaintzen dituzten aukeren inguruan Gipuzkoako erakundeak sentsibilizatzen saiatuko dira. Hurrengo moduluak espezifikoagoak dira. Modulu batean ebaluatuko da parte hartzen duten erakundeetako ekonomia zirkularraren ezarpen-maila, eta, non dauden jakin ondoren, bakoitzak erabakiko du ikastaroan zein ibilbide jarraitu. Beste formazio-talde bat negozio zirkularreko ereduekin lotuta dago, eta beste bat ekonomia zirkularrerako produktuekin berritzearekin.

Nahitaezko eta hautazko saioak egongo dira, parte-hartzaile edo erakunde bakoitzaren interesen arabera hautatu ahal izateko.

Ikastaroan lehen mailako irakasle eta hizlariak izango dira, gehienak trantsizio ekologikoan eta ekonomia zirkularrean espezializatutako Mondragon Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta doktoreak. Gainera, Aclimako (Basque Environment Cluster) eta MLC ITS Euskadiko (Mugikortasun eta Logistika Klusterra) irakasleak izango ditu. Guztira, 12 irakasle arituko dira.

Antolatzaileen iritziz, ekonomia zirkularrak onura ugari eskaintzen dizkie erakundeei, baina, batez ere, enpresen irabaziak nabarmentzen dituzte, baliabideak optimizatzeko aukera ematen dutelako, lehiakorragoak izateko. Gainera, klima-aldaketaren ondorioak arintzen ere laguntzen duela diote. Gauzak horrela, ikastaroak onura horiek lortzen lagunduko diela iritzi diote. Otsailaren 15ean hasi ziren ikastaroaren lehen saioak eta 2023ko irailera arte egongo da ikastaroan parte hartzeko aukera.