Adinberriren Pasaiako eraikin berria | Argazkia: Spri

LURRALDEAK

Apirilean ekingo diote Adinberriren Pasaiako eraikin berriaren eraikitze lanei

5,9 euroko aurrekontuarekin, Pasaialdeko enpresa jarduera suspertu eta sendotzea du helburu

Sprilur apirilean hasiko da Pasaiako (Gipuzkoa) La Herrerako eraikin berria eraikitzen, Adinberri Fundazioaren proiektutik sortutako ekimenei begira. 5,9 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 18 hilabeteko egikaritze-epea.

Oarsoalderako onartu dituzten Eskualdeko Proiektu Estrategikoen barruan sartzen da. Proiektu horiek Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek onartu dituzte, "Pasaialdeko enpresa jarduera suspertu eta sendotzeko".

Sprilur Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikita dago, eta, ohar bidez jakinarazi duenez, "eraikin hori eraikitzeko ideien lehiaketa abiatu eta urtebetera onartu da obrak esleitzea, eta apirilean zehar jarriko da abian".

Proiektu honek 4.941 metro karratuko eraikin berri bat eraikitzea aurreikusten du, sotoa, beheko solairua eta altuerako beste bi gehiago izango dituena. Solairu bakoitzak 1.647 metro karratuko azalera izango du, eta 22 lokal prestatuko dira, 42 eta 120 metro karratu bitarteko azalera erabilgarriarekin. Sotoko 51 aparkalekuek ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak izango dituzte.

Gainera, argi naturalaren aprobetxamendua kontrolatzeko eta erregulatzeko sistema bat instalatuko da, eta "zigilu ekologikoa eta jasangarritasun maila gorena" duten materialak eta elementuak erabiliko dira. Halaber, plaka fotovoltaikoak jarriko dira estalkian, eraikinaren eremu amankomunen gutxieneko kontsumoa estaliko duen energia sortzeko.

Sprilurrek nabarmendu duenez, etorkizuneko eraikina "espazio estrategikoa da Adinberri proiektutik sortutako ekimen eta zerbitzu-enpresak eta Pasaialdearentzat interesgarriak diren Ekonomia Urdineko Enpresen Guneari lotutako beste enpresa proiektu batzuk ere hartzeko". Zentzu horretan, Sprilurrek 7,5 milioi euro bideratu ditu, batetik, Herrerako eraikin berria finantzatzeko eta, bestetik, Oarsoaldeako zazpi industrialde modernizatzeko.