Iker Díaz de Cerio | Argazkia: Aprora

Ereduak

Arabako Errioxako olioa, lurpeko euskal altxorra berreskuratze bidean

Duela hainbat mendeetatik bizirik dagoen Arabako Errioxako olibondoa ezagutzera emateaz gain, APRORAK eskualdean olioa ekoizten dituen nekazari, dolare eta marken lana bultzatzen du

XX. mende hasieran, Arabako Errioxako 1.000 hektarea pasatxo olibondoz betetako lurrak ziren. Erromatarrek Euskal Herrira landarea ekarri zutenetik euskaldunak olibondoaren laborantzan aritu ziren, baina gerra zibila amaitzearekin batera, hainbat faktorek (zura ekoizteko beharra, ardoaren sektorearen hazkundea, klima, partzelen kontzentrazioa, etab.) olibondoen gutxitzea ekarri zuten, kasik 100 hektareako esparrura txikituz eta ordura arteko oliogintza jardunaren garrantzia nabarmen murriztuz.

Olibondoak, beraz, aurreko mende hasieran garai hobeak bizi zituela argi dago, eta halaxe aitortu du ere Iker Diaz de Cerio APRORA Arabar Errioxako olio eta olibondoaren sustapenerako elkarteko presidenteak. Egoera hartara itzultzea posible ez bada ere, olibondoen eta olioaren ekoizpena berreskuratu eta sustatu, eta nekazarien laborantzan laguntzea du helburu 2018an sortutako elkarteak, Diaz de Cerioren hitzetan “jakinarazteko Euskal Herriari Araban goi mailako olioa ekoizten dela. Gure sektore txikia sustatu eta gure olioak hobetu nahi genituen, prozesuak eta kalitatea hobetuz eta nekazarien olibondoen eta dolareak zainduz”.

Olibondoen eta olioaren ekoizpena berreskuratu eta sustatu eta nekazarien laborantzan laguntzea du helburu 2018an sortutako elkarteak

APRORAK egun 70 bat bazkide ditu, denak nekazariak, olio markak edota dolare jabeak, tartean, esaterako, Lantziegoko Erroiz olio-dolarea, Arrolan olioak, Trujal Almazara de R.A. Oionen, baita Moreda, Laguardia, Samaniego eta inguruko herrietako hainbat nekazari talde ere. “Zonaldean 500 bat pertsona inguru daude oliogintzari lotuta lanean, baina ez da gehiengoaren ogibidea”, azaldu du presidenteak. Normalean, etxean kontsumitzeko erabiltzen dute ekoitzitako olioa, edo dolareetako jabeei ematen diete hauek saldu dezaten.

Lurrarekiko maitasuna ekonomia ahaztu gabe

Elkarteak bazkideen bitartez, oliogintzari lotutako eragileen gehiengoari eskaintzen dio laguntza, kooperatiba baitira bazkide asko eta kooperatibek ere euren bazkide propioak dituzte. Eskualdeko laborari zein langile gehienentzat olibondoak zaindu eta olioa ekoiztea errentagarritasun ekonomikoa ateratzeko jarduera baino, tradizioa mantentzeko eta lurrarekiko duten maitasunarengatik egindakoa izan da. APRORAren erronka da, sentimendu horri eustsita, produktuari ekonomikoki bultzada bat ematea: “Lehen ia oparitu egiten zen olioa, edo oso gaizki saltzen zen. Orain merkaturatzen dena zainduta dago, botilatxoetan ateratzen dugu produktuari beste balio bat emanez”.

Hala, bazkideek marka sustatzeko laguntzak jasotzen dituzte elkartearen bidez. Aholkularitza ematen dute elkarteko gerente, teknikari eta olioetan aditua den Jorge Martinezen eskutik. Ildo askoko zerbitzuak dituztela dio Diaz de Ceriok: “nekazariei aholkuak ematen dizkiegu uztaren inguruan, olibondoak bisitatzen ditugu izurriteak ekiditeko, zer tratamendu eman esaten diegu eta dolareetan olio zer modutara ekoitzi behar den azaltzen dugu. Markekin azoketara joaten gara, eta dastaketak antolatzen ditugu. Horrez gain, inausketa ikastaroak, sukaldariekin jardunaldiak eta beste egitasmo asko antolatzen ditugu”.

Iker Diaz de Cerio: “Euskal Herriko nekazaritzan gure sektorea arlo ekonomikotik garrantzitsuena ez dela badakiten arren, kulturalki, hemen dugun altxor txiki bat dela ulertzen dute”

Zerbitzu mota horien guztien truke bazkideak 60 euroko kuota ordaintzen du urtean, bai nekazari, marka edota dolarea dutenak. Nekazariaz gain, marka ere baldin badu bazkide batek, bi baldintzengatik ordainduko luke kuota, hau da, 120 euro. Proiektua sostengatzeko, ordea, ez da nahiko bazkideen kuotekin, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren finantza babesa jasotzen du elkarteak. “Euskal Herriko nekazaritzan gure sektorea arlo ekonomikotik garrantzitsuena ez dela badakiten arren, kulturalki hemen dugun altxor txiki bat dela ulertzen dute”, uste du Diaz de Ceriok.

Uzta gorabeheretsua

Lauzpabost urteko ibilbideari esker, gero eta olibondo gehiago dituzte zonaldean, egun 300-400 hektarea gutxi gorabehera, eta utzitako olibondo zaharrak berreskuratzen ari dira. Hala, sektorea animatuago ikusten du presidenteak, eta bazkideak elkarteak egindako lana eskertzen ari direla sumatzen du. Gainera, mugimendua egonik, jendea erakarri dute sektorera.

Joera baikorra izanda ere, iazko uzta oso eskasa izan da: “Erabateko hondamendia egia esan, %70eko jaitsiera baitugu. 72.000 litro olio atera ditugu, eta hori oso gutxi da”. Normalean, urtean gutxi gora behera, kasik milioi bat oliba kilo bilduaz, 190.000 litro olio erdietsi ohi dituzte, urterik oparoenean 200.000 litroko langa gaindituz. Uzta handitzea zaila izanik, olibondoaren fruitu emate gorabeheretsuan jarri nahi izan du azpimarra Diaz de Ceriok: “urte batzuetan asko ematen dute, beste batzuetan gutxi. Landarearen zikloan badakigu horrela dela, eta irregulartasun hori murrizteko edo egokitzeko teknikak lantzen ari gara”.

Iker Diaz de Cerio: “Urte batzuetan asko ematen dute olibondoek, beste batzuetan gutxi, landarearen zikloan badakigu horrela dela, eta irregulartasun hori murrizteko edo egokitzeko teknikak lantzen ari gara”

Dena den, eguraldi beroari leporatzen dio presidenteak iazko uzta eskasa: “hiru bero-bolada izan genituen segidan: maiatza, ekaina eta uztailean. Maiatzekoa kriminala izan zen guretzat, orduan botatzen baitu lorea olibondoak eta sortu behar da fruitua. Beroaren poderioz, lore gehienak erre eta erori egin ziren”, esan du.

Egunerokotasuneko oztopo horiek gailentzeaz gain, Arabako Errioxako olibondo guztiak ekologikoak izatea da elkartearen beste erronka nagusia. Helburu zaila ez dela dio Diaz de Ceriok, olioaren eraldaketa ekologikoa gauzatzeko lana erraza omen da, eta bere hitzetan, olibondo guztiak ekologikoak izango zituen munduko lehen eskualdea izango litzake Arabako Errioxa.