Arabako Errioxako mahastiak | Argazkia: iStock

Araba

Arabako Mahastiak sor markari Errioxako ardoa saltzeko emandako baimena eten du Auzitegi Nagusiak

Epaiaren arabera, "izen berria duten ardoak merkaturatzea baimentzean, kontsumitzaileari nahasmen handia sortuko litzaioke, bi ardo eskainiko bailitzaizkioke, bi sor marka babestu desberdinen pean"

Arabako Mahastiak zigiluak polemikaren erdian jarraitzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteari Arabako Mahastiak izenpean ardoa saltzeko eman zion aldi baterako baimena, harik eta Europar Batasunak eskaera horri buruzko azken ebazpena eman arte.

Hala, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Errioxa sor markaren Kontseilu Arautzaileari, eta baliogabetu egin du urrian eman zuen agindua. Adierazi duenez, kautelazko etete horrek ez dio kalte larririk eragiten sor marka berriari, “besterik gabe, bere babes nazional iragankorra azken erabakira arte atzeratuko litzatekeelako".

Gainera, epaiak berretsi egiten du "kontsumitzaileari nahasteko arrisku handia sortuko litzaiokeela, izendapen berriarekin bi ardo eskainiko litzaizkiokeelako, bi sor marka desberdinekin, baina eremu geografikoarekin bat datozenak".