Mankomunitateaz harago, elkarlanerako prozesu ugari egin ohi izan dira eskualdean, besteak beste, Beterri Saretuz. Bertan administrazioa parte-hartzaile gisa doa | Argazkia: TaPuntu

LURRALDEAK

Beterri Buruntza indartzeko bidean

Iazko urtarrilean egikaritu zen Beterri Buruntza Mankomunitatea eratzea, eskualdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko, eta autonomo izan dadin lanean ari dira bailaratik. Hala ere, eragile publiko zein pribatuek luze daramate lankidetzazko proiektuak gauzatzen

Beterri Buruntzako bailarak (Gipuzkoa) sei udalerri hartzen ditu haren baitan: Andoain, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Usurbil. Lehen sektoreak berebiziko garrantzia du eskualdean, EAEko enplegu-kontzentrazio handiagoa baitute baliabide naturaletako sektore intentsiboek, eta orohar EAEko langabezia-tasaren azpitik kokatzen da —%7,9n, EAEkoa %8,66koa den bitartean— bertako langabezia. Aldiz, batez besteko errenta pertsonala Gipuzkoan baino txikiagoa da —18.030 eurokoa, Gipuzkoan 19.706 eurokoa den bitartean—. Are gehiago, enpresen errentagarritasunean ere bi hamarren azpitik, eta I+Gan gastua baxuagoa da —0,8 pisua du BPGan, eta Gipuzkoan 1,9koa—.

2022ra arte, baina, ez zen udalerri guztiak batzen zituen entitate administratiborik sustapen ekonomikoa, enplegua eta ongizatea bultzatzeko. “Eskualde-hitzarmenak alde anitzeko akordioen bidez gauzatu behar izan dira, eta horrek arazo administratibo eta eraginkor ugari sortu ditu eskualdeko garapen sozioekonomikorako”, kontatu du Mari Jose Izagirre Iturzaeta Beterri Buruntza Mankomunitateko lehendakariak. Zailtasunok sortu dira, batez ere “zerbitzuen kontratazioan edo laguntzen eskaeran”.

Hain zuzen, 2020an hasi zen udalerriak batuko zituen entitatea sortzeko hausnarketa prozesua, eta urtarrilean urtebete bete da Beterri Buruntza Mankomunitatea eratzea egikaritu zenetik. “Estatutuen onarpenaren ondoren, Mankomunitatea martxan jartzeko beharrezkoak diren pausoak ematen ari gara”, plazaratu du Izagirrek. Izan ere, haren ustetan eskualde-agertokiak ahalbidetu dezake “modu harmonizatuagoan eta eraginkorragoan jardun ahal izatea toki-erakundeen eskumeneko eremu material horietan, administrazio-bikoiztasunak saihestuz”.

Sustapen sozioekonomikorako gako

Beterri Buruntza Gipuzkoako eskualde bakarra izan da orain arte sustapen sozioekonomikorako entitate bateratua izan ez duena. “Eskualdeko erakunde bat sortzeak dakarren onura nagusietako bat da tresna hori erabili ahal izatea goi-mailako erakundeetatik datozen laguntzak, programak eta politikak bideratzeko, foru aldundietatik hasita, Europar Batasuneraino”, adierazi du Izagirrek.

Mari Jose Izagirre: “Eskualdeko erakunde bat sortzeak dakarren onura nagusietako bat da tresna hori erabili ahal izatea goi-mailako erakundeetatik datozen laguntzak, programak eta politikak bideratzeko"

Une honetan, entitatea ez da autonomo, eta udalerriekin ari dira lanean. Ildo horri lotuta dago euren epe laburreko helburua, “mankomunitateak berak zerbitzu propioak eman ditzan”. Horretarako, Izagirrek kontatu duenez giza baliabideen kontratazio prozesuak dituzte abian, tartean zuzendaria eta teknikariak. Horrekin batera, “euskararen irizpideak” finkatzen ari dira udalerrietako teknikariekin.

Saretzea, eskualdearen mesedetan

Gauzak horrela, sei udalerrietako entitate publiko-pribatuek urteak daramatzate beste bide batzuen bitartez eskualdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzen, “ezinbestekotzat” jotzen baitute saretzea. “Horrela baliabide gehiago mobilizatzen dira, erabilera eraginkorragoa da, eta emandako zerbitzuen kalitatea hobea da”, esan du Nerea Yurrebaso Olabarrieta Andoaingo Udaleko enpleguko eta tokiko garapeneko eragileak. Yurrebaso mankomunitateko koordinatzaile gisa ari da egun kudeaketa-gomendio baten bidez.

Sei udalerrietako entitate publiko-pribatuek urteak daramatzate beste bide batzuen bitartez eskualdearen garapen sozioekonomikoa bultzatzen, “ezinbestekotzat” jotzen baitute saretzea

 “Lankidetza publiko-pribatuko" egitasmoak izanik, administrazio publikoak askotariko rolak izan ditu proiektuaren arabera. “Batzuetan, administrazio publikoak bultzatzen ditu edo parte aktibo da, batez ere horien finantzaketan. Beste batzuetan, parte-hartzaile bat gehiago da, edo kolaboratzaile bat”, argitu du Yurrebasok. Proiektuok lehen sektoreari, ekonomia sozial eta irakukorrari, merkataritza eta ostalaritzari, edo pertsonen zerbitzuen kudeaketari lotuta izan dira. Horren adibideetako batzuk dira Beterri KM0 zigilua, Iturola —biak administraziotik bultzatuta—, Beterri Saretuz edo Martin Ugalde parkea —azken horiek ekimen pribatukoak, non udal elkarteek parte hartzen duten—.

Etorkizunean fokua

Bide horretan, hainbat programa dituzte martxan prestakuntza eta enplegu inklusiboa, eskualdeko ekintzailetza, edo enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala sustatzeko. Programa horiek sei udalerriek batera eskaintzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritza eta haren sozietate publikoekin —Lanbide edo Spri—, edo beste entitate batzuekin ere —Innobasque—.

Etorkizunera begira, eskualdearen erronkak bat datoz bete-betean gizarte gisa dauden erronkekin. “2023ko ekitaldian honako galdera eta helburu hauei erantzun behar zaie: nola kudeatu hazkunde ekonomiko txikiko eta inflazio handiko agertokia, edo nola ziurtatu enpresen jasangarritasuna eta egungo trantsizioetara egokitzeko gaitasuna. Horrekin batera, lankidetza publiko-pribatuan oinarritzea, aribideko trantsizioei heltzeko”, adierazi du Yurrebasok.