Berdintasuna
Emakumeek salbuespen izateari utzi nahi diote
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan emakumeak ozta-ozta iristen dira zuzendaritza eta ardura-postuen % 28,9 izatera. Emakumeen lidergoa sustatzeko estrategiak aztertu dituzte Gipuzkoan, Erantzunkide Sarearen urteko Topaketan
1995ean, Beijingen egin zen Emakumearen Nazioarteko Laugarren Konferentzia. Askok horri esker ezagutu zituzten ahalduntzea eta zeharkakotasuna kontzeptuak, pentsalari feministek askoz lehenagotik aldarrikatzen bazituzten ere. Kristalezko sapaiak apurtzeko estrategiez hitz eta pitz aritu gara geroztik, baina erresistentziak oso handiak dira. Datuek ez dute gezurrik esaten: emakumeak salbuespen dira oraindik boterearen adierazleak aztertzen ditugunean. Gauzak aldatzen hasi ziren orduan, baina astiro goaz. Astiroegi.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, Erantzunkide Sarearen topaketa egin zen joan den astean Donostian, Emakumeen lidergoa eta sustapena Gipuzkoako enpresetan izenburuarekin. 60 bat enpresa elkartu ziren, Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Zuzendaritzak eta Ekonomiaren Sustapeneko sailak deituta. 2018. urtean jarri zen martxan enpresen foro hau, arlo sozioekonomikoan berdintasuna sustatzeko eragile eta bultzagile izateko helburuarekin, lehendik abian ziren beste zenbait ekimen indartzeko eta elkar hartzeko guneak sortzeko. Geroztik, kontziliazio-estrategiak, arrazoizko ordutegiak eta berdintasun-planak garatzeko laguntzak jorratu dituzte, beste zenbait gairen artean. Aurten sareak egin duen Topaketan emakumeen lidergoa izan da ardatza. Miren Elgarresta Berdintasunerako foru zuzendariak azpimarratu zuenez, “sustapen-prozesuak funtsezkoak dira garapen profesionalean, eta, horregatik, garrantzitsua da berdintasunaren ikuspegia txertatuta izatea, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-egoerak zuzentzeko ekintza positiboak ezartzeko beharra identifikatu ahal izateko”.
Enpresak beren testuinguru sozial, kultural eta sinbolikoaren erakusgarri dira eta beraz, gizartearen desberdintasunak islatu egiten dira enpresetan, gainerako arloetan bezalaxe.
Berdintasuna eraldaketarako tresna da, aniztasuna, aukera-berdintasuna eta berrikuntzarako giltzarri dela azpimarratu zuen jardunaldiren hasieran Iker Estensoro Ekonomia Sustapenerako Gipuzkoako foru zuzendariak. Desberdintasunak identifikatuta, are diagnostikatuta, daude eta, hala ere, errealitatea egoskorra da: emakumerik gabeko lidergoak nagusi izaten jarraitzen du enpresetan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, unibertsitateko ikasleen % 54 emakumeak dira, baina kualifikazio baxuko enpleguetan baino ez dira gizonen aurretik ageri lan-egituraren mapa aztertzen dugunean. Zuzendaritzako edo kudeaketa-lanpostuei erreparatzen badiegu, erretena oso zabala da. 2020. urteko datuak aztertuta ikusten da, adibidez, emakumeak ez direla hamarretik hiru izatera iristen, % 28,9 hain justu, nahiz eta enplegu guztiaren % 45,7 izan. Lanaldi partzialeko kontratuetan ordea, hor bai, gehiago dira emakumeak, hamarretik ia zortzi, zaintzaren ardurak nagusiki emakumeen bizkar gainean jarraitzen duelako.
Leire Gartzia ikerlariak eskaini zuen apirilaren 27an egin zen Topaketaren sarrera-hitzaldia eta bere esanetan, erroetara jo beharra dago, sistemaren beraren ezaugarrietan datzalako koxka. “Soldata-arrakala, bereizketa horizontala edo bertikala edo emakumeen gain-kualifikazioa ez dira kasualitatearen emaitza, desberdintasuna berezko ezaugarri duen sistemaren ondorio argiak baizik”, esan zuen. Eskarmentu handiko ikertzailea da Gartzia berdintasunaren esparruan, hemen eta nazioarteko foro akademiko garrantzitsuetan, eta aholkulari ere jardun du emakumeen lidergoa bultzatzeko ekimenak abiatu dituzten enpresa eta erakundeetan. Bere iritziz, emakumeen lidergoa eraldaketa-prozesu sakonago baten pizgarri gisa ikusi behar da: “Zergatik ez gaude emakumeak ardura-postuetan? Sistema gizonen neurrira eraiki delako eta bertara sartu eta bertan iraun ahal izateko, lidergo-eredu zehatz batera ezkondu behar dugulako. Zer da aldatu behar dena; emakumea edo sistema? Nik argi daukat”.
Elkarrekin ikasi eraldaketa bizkortzeko
Erantzunkide Sarean parte hartzen duten enpresek beren esperientziak partekatzen dituzte elkarrekin, elkarrengandik ikasteko edo desikasteko ere. Joan den asteko Topaketan, lidergoa sustatzeko estrategia desberdinen adibide edo erakusgarri diren lau kasu aztertu ziren. Gipuzkoako enpresa-ehunaren lagin adierazgarri dira, batetik, jarduera-esparru, egitura eta dimentsio desberdinak ordezkatzen dituztelako eta bestetik, diagnostikoaren oinarria, neurri handian, partekatzen dutelako. Behin eta berriro azpimarratu zuten abian dituzten lidergo-programei esker, enpresa bera eraldatuz, hobetzeko aukera handiak identifikatzen ari direla, berdintasuna eta lidergoa jorratzearekin batera aurrera urratsak egiten ari direlako, besteak beste, berrikuntza, kultura-aniztasuna, lan-prozeduren hobekuntza eta jasangarritasuna kudeaketa-irizpide gisa txertatzeko.
Euskadiko Kutxa
1997an Emakunderen Erakunde Laguntzailearen ziurtagiria lortu zuen lehen enpresa izan zen. 2018an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoako enpresetan emakumeen eta gizonen berdintasunean izandako esperientzien 1. saria irabazi zuten. 2011. urtean hasitako prozesua, lidergo-eredua aztertu dute genero-ikuspegitik, eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko programa dute abian. Programa honen helburua da emakumeek lidergoaz gogoeta egitea eta emakumeen trebetasunak garatzea.
Kaiku Kooperatiba
Esnea bildu, eraldatu, biltegiratu eta garraiatzen duen abeltzaintzako kooperatiba da, 800 ekoizle baino gehiagorekin, 260 milioi litro esne ekoizten ditu. Lehen sektorean erreferente nabarmena da, eta Erantzunkide sarean dago 2020tik. Kontseilu Errektorean emakumeen presentzia urria emendatzeko programan ari dira lanean, diagnostikoa, sentsibilizazioa eta prestakuntzaren bidean.
Grupo Sarralle
60 urte baino gehiagoko esperientzia duen industria ingeniaritza da, siderometalurgia, ingurumen eta energia sektoreetan diharduena. 500 langile baino gehiago ditu. Beste zenbait ekimenekin batera, Sarralle Grow bekak eskaintzen dituzte, zuzendaritza-postuetan emakumeen presentzia eskasa orekatzeko eta STEAM bokazioak sustatzeko.
Arazi
Hezkuntza, ingurumena eta kultura-ondarearen interpretazioan dihardute, turismoarekin eta komunikazioarekin lotutako proiektuak diseinatu eta garatu egiten dituztelarik. Gaur egun, erreferentziazko enpresa dira Gipuzkoan museoen eta interpretazio-zentroen kudeaketaren esparruan. Hiru bazkide sortzaileetatik bi emakumeak dira eta gaur egun proiektu-buru guztiak emakumeak dira. Kudeaketa aurreratuarekin lotutako lidergo-ekimenak garatzen dituzte.