Inhar Urruzuno | Argazkia: Bastarretxe Baserria

Jaiak

Herri kirolak eta herri jaiak, tradiziotik haratago

Askotariko diziplinen hainbat erakustaldi gauzatzen dira uda aldean. Hain zuzen horregatik, modalitate bakoitzak prestakuntza berezi bat behar du. Horien ikusgarritasuna lortzeko aurrerapausoak eman nahi dira

Ingude jasotzea, idi probak edota aizkora txapelketa. Uda aldean ospatzen diren herri kirol ekitaldiek diziplina horiek izan ohi dituzte, eta prestaketa sakon bat behar dute aurretik. Materialaren erosketa edo alokairua, espazio fisikoaren alokairua zein kirolarien kudeaketa prozesua gauzatu egin behar da, eta honakoa lortzeko herriz herri dauden herri kirol elkarteek laguntza handia eskaintzen dute.

Bizkaiko Herri Kirol Federazioko zuzendaria den Joseba Etxebarriak erakundearen jardunaz hausnartu du: “Guk, federazio modura, udalekin kontaktu handia izan behar dugu txapelketa egutegia aurrera eramateko”. Hori horrela, hainbat herrirekin “tratu ona” dutela nabarmendu du, nahiz eta aurten urte “konplexua” izan. “Hauteskundeak direla eta ekitaldi ugari ez ditugu zarratu udalekin; airean daude”. Urtarrilean eta otsailean hasten dira urteko egutegia egiten, eta horretarako hainbat herrietako kirol teknikariekin, zinegotziekin edota alkateekin hitz egiten dute.

Kontratazio prozesu horretan, herri kirol elkarteen presentzia goraipatu du: “Elkarte bezala jardunaldiak prestatzen dituzte, txapelketa ofizialak direnak”. Horiek prestatzeko egutegia adosten edota materiala jartzen laguntzen dute adituaren arabera, ostera federazioarekin batera kirolariak definitzeko eta bestelako materiala osatzeko. “Bertako jendea beti dago prest materiala hurbiltzeko eta guri laguntzeko”, eskertu du.

Aurrekontuaren menpe

Inhar Urruzuno Gernikako Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko kidea eta harri jasotzaile profesionala da. “Herrietako edota auzoetako erakusketak antolatu ditzakegu federazioarekin elkarlanean”, adierazi du. Aurrekontuaren arabera eta kirolarien nahien arabera gauzatzen da honakoa kirolariaren ustez. “Ez da berdina lehen mailako kirolari bat ekartzea edota hasi berriak eramatea”. Ildo berean, une oro aurrekontura moldatzeko premia dutela azaldu du.

Jardunaldiaren prozesua osatzeko materialaren kudeaketa zein kirolarien kontratazioa ere kontuan hartu behar dira

Aurrekontuen gorabehera horretan, jardunaldiaren prozesua osatzeko materialaren kudeaketa zein kirolarien kontratazioa ere kontuan hartu behar dira Etxebarriaren ustez. “Federaziotik arduratzen gara horietaz, ostera faktura bidez ordainketa-lanak egiteko”, argitu du. Era berean, espazio fisikoaren alokairuari ere garrantzia eman nahi izan dio: “Eguraldiak jardunaldi oso bat suntsitu dezake, are gehiago txapelketa ofizial bat egiteko bazegoen”. Hori dela eta prestaketa horrek guztiak aurreikuspenak eta kostuak dituela dio, data moldatzea konplexua suertatzen delako ostean. “Kirolariek beste konpromiso batzuk dituzte”.

18 modalitate

Kostuak aldakorrak izaten dira diziplina bakoitzeko. Herri kirolak 18 modalitatek osatzen dute, eta bakoitzak lanketa propioa du, baita material espezifikoa ere. “Ekitaldi konbinatuak egiten saiatzen gara, diziplina bat baino gehiagokoak”. Hori dela eta kostuen gorabeherak aurreikusi egin behar direla dio. “Ez da berdina harri jasotzaile bat eramatea ekitaldi batera edo aizkolari bat”. Aizkolariari zura ordaindu behar zaio, baita berau txapelketarako prestatu ere.

Esaterako, harri zulatzaileak baldin badaude, kamioi batean ekarri behar izaten dira harriak, eta horrek guztiak “logistika kostuak” dituela nabarmendu du zuzendariak. “Kirolarien soldataz gain, materialen kostuak ere badaude, askotan garestiak izaten direnak”. Urruzunok bat egiten du honekin: “Material espezifikoa kirolariak eraman behar izaten du federazioaren laguntzarekin”.

Txapelketa ofiziala bada, lehenengo mailako kirolariek prezio finkoak izaten dituzte estipulatuta. Behin prezioak zarratuta, hainbat diziplina tartekatzen dira erakustaldietan

Materialaren nondik norakoak erabat adosteko, ekitaldia baino lehen federaziotik prezio jakin bat zarratzen dute kirolariarekin. Txapelketa ofiziala bada, lehenengo mailako kirolariek prezio finkoak izaten dituzte estipulatuta. Behin prezioak zarratuta, hainbat diziplina tartekatzen dira erakustaldietan. Modalitate batzuek denbora gutxi behar dute froga egiteko. Hain zuzen horregatik osatzen dituzte erakustaldiak bestelako diziplina batzuekin: “Aizkolarien frogak, esaterako, 20 minutu inguru izaten dira, baina ingudean minutu eta erdi inguruko lana egiten da soilik”.

Ikusgarritasuna helburu

Etorkizunera begira, Etxebarriak herri kirolen inguruko ikusgarritasuna du erronka nagusi: “Ikusarazi nahi dugu herri kirolak ez direla folklore hutsa”. Herri kirolak hortik kanpo “lotu” behar direla nabarmendu du adituak, lehiari eta konpetizioari bidea uzteko. Horrela, herri kirolak “normalizatzea” du helburu zuzendariak, baita, era berean, “profesionalizazioa” sustatu ere. “Nahiz eta kirolariak profesionalak ez izan, profesional prestakuntza dute”.

Dietak, prestatzaile fisikoak, fisioterapeutak... Kirolariek lan karga handia dutela kontatu du zuzendariak, dakarren kostuekin. “Guk badakigu herri kirolak oso loturik daudela herriko jaietara, baina hortik haratago joan nahi dugu”, defendatu du Etxebarriak. Zentzu honetan ikusgarritasun jakin hori hedatzeko helburua dute federaziotik, eta kluben sustatzea dute jomugan horretarako. Klubak fakturak egiteko edota ekitaldiak antolatzeko erabiltzen direla dio adituak, baina ez dutela kirol talde baten izaera. Hori dela eta indartu nahi dute kluben formatu hori: “Gure lana jendea erakartzea eta erraztasunak ematea da, ostera klub gehiago eratzen jarraitzeko”.

Euskal Herria “marka” bezala saltzeko herri kirolak oso indar berezia dutela azpimarratu du Urruzunok, baina ez dela bultzatzen

Bere aldetik, Urruzunok kluben izaera hori indartzen ari dela dio, baina lantzen jarraitu behar dela. “Oso polita geratzen dira kanpora begira gure erakustaldiak, baina egindako sakrifizioa ez da kontuan hartzen”, azpimarratu du. Haren aburuz, kirolari profesionalen moduan prestatzen dira, baina laguntza eta hedapen gutxi jaso. Gainera, Euskal Herria “marka” bezala saltzeko herri kirolak oso indar berezia dutela azpimarratu du, baina ez dela bultzatzen. Hau da, “material” ona dagoela dio, baina atzean dagoen lana ez dela baloratzen. Urruzunok argi du: “Guk ez badugu sustatzen, akabo; kanpotik ez da inor etorriko laguntzera”.