Gipuzkoa
Italent Food proiektua jaio da, elikagaien sektorearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko
Basque Food Clusterrak sortu eta Gipuzkoako Aldundiak sustatu eta finantzaturiko proiektuak, elikagaien sektorea lurraldeko ekonomiaren sektore nagusi eta erreferente gisa finkatu nahi du
Basque Food Clusterrak Italent Food jarri du abian, Gipuzkoako elikagaien enpresa-sarera talentua erakartzeko ikerketa-proiektua, kalitatezko enplegua sortzea oinarri duena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatuko du, eta elikadurako enpresen lehiakortasuna bultzatuko du, trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta soziosanitarioaren ondoriozko erronkei aurre egiten lagunduz. Halaber, arreta berezia jarriko du sektorean belaunaldien arteko beharrezko erreleboa ziurtatzean.
Italent Fooden garapenean, Basque Food Clusterreko kide diren Euskal Autonomia Erkidegoko 50 elikagai-enpresa inguruk hartuko dute parte, bai eta Euskadiko prestakuntza-zentroen sarerik garrantzitsuenek ere.
Gaur egun, lan-merkatuan elikagaien sektorean eragina duten enplegagarritasun-arazoak konpontzea da Italent Fooden helburu nagusietakoa. Horretarako, aipatutako erronkei aurre egiteko behar diren gaitasunak eta profilak identifikatuko dira, eta sektoreak eskaintzen eta talentuak eskatzen duenaren artean dagoen aldea identifikatuko da. Era berean, enpresen barruan pertsonen gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ibilbideak zehaztuko dira. Gipuzkoako Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera, proiektua 2023ko ekainean amaituko litzateke.