Mugikortasuna
Jon Altuna: “Bidesariak jartzea izugarrizko zigorra da garraiolarientzat”
Hiru Euskal Garraiolarien Sindikatuko komunikazio arduradunak nabarmendu du Aldundiek “zentzugabekeriaz eta arduragabekeriaz” jokatu dutela kamioilarientzat bidesari berriak ezarrita
Garraiolariei zuzenean eragingo dien bi neurri aste honetan bertan jarri dira indarrean: astelehenean berraktibatu zituzten Gipuzkoako N-1 eta A-15 errepideetako bidesarien arkuak; eta asteazkenean, Bizkaiko N-240 eta BI-625 errepideetakoak. Etorkizunera begira, ordainpeko errepide gehiago aurreikusten dituzte Hego Euskal Herrian, soilik kamioilariek ordaindu beharko dituztenak. Garraiolariek etsipenez hartu dute berria, neurri “diskriminatzailea” dela uste baitute. Jon Altuna Hiru Euskal Garraiolarien Elkarteko komunikazio arduraduna da, eta kinka larrian dagoen sektoreari izugarrizko kaltea eragingo diola uste du. Bidesari berrien nondik norakoez gain, garraiolariek egoeraren aurrean duten ikuspuntuaren berri eman digu.
Garraiolariena lanbide zaila dela entzun izan da askotan, kilometro ugari egin behar izaten dituztelako egunero errepidean eta askotan etxetik urrun. Erregaien prezioen igoerak ere eragina izan du eta orain bidesari berriak jarri dituzte. Sektoreko baldintzak egokiak direla esango zenuke?
Garraiolarien egoera nahiko estua da, azken urteetan garraio merkea bultzatu delako, ekonomia merkea. Egoera larria zen unean erregaien prezioak igo zituzten eta bidesariak jarri izanak are gehiago zaildu du dena. Garraiolariek ez dute onartzen bidesaria, noski, bidegabea iruditzen zaie. Aintzane Oyarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituren diputatuak bidesariak jarri izana arrazoitzerako garaian dio “bertatik pasatzen denak ordaindu beharra duela”, eta kamioilariei zuzentzen die behatza, ingurumena kutsatzen dutenak garraiolariak soilik balira bezala. Kontua da egiaz errepideak erabiltzen dituztenak ez direla kamioilariak, kamioilari horiek kontratatzen dituztenak daudela atzean. Garraiolaria agindutako produktuak garraiatzen ari da. Ondorioz, ez dugu ulertzen zergatik jarri zaien kamioilariei bidesaria eta gainerako ibilgailuei ez. Bidesariak jartzea izugarrizko zigorra da garraiolarientzat.
Garraiolariak dira, beraz, bidesariekin kaltetutako bakarrak.
Itxuraz hala dirudi, baina ez dira kaltetu bakarrak izango. Administrazioak diru premia dauka, inbertsio handiak egiten ditu errepide berriak egin eta daudenak mantentzeko, eta bankuekin zorrak dituzte. Orduan garraiolariari bidesaria ezartzen diote, kontuan izan gabe azkenean kontsumitzaileak ere ordainduko duela bidesari hori. Garraiolariak oso estu dabiltza, ezin iritsita. Bezeroei fakturan bidesari hori kobratzea beste erremediorik ez zaie geratuko, eta kate hautsiezin batean murgilduko gara. Azkenean administrazioak bitarteko bezala erabiliko du garraiolaria, baina egiaz bidesaria ordaindu beharko duena kontsumitzailea izango da.
“Bezeroei fakturan bidesari hori kobratzea beste erremediorik ez zaie geratuko. […] Administrazioak bitarteko bezala erabiliko du garraiolaria, baina egiaz bidesaria ordaindu beharko duena kontsumitzailea izango da”
Gipuzkoan eta Bizkaian bidesari berriak ezarri berri dituzte aste honetan bertan. Baina bidesarien arku gehiago jartzea ere espero da, bi lurralde horietan ez ezik, Araban eta Nafarroan ere bai.
Gipuzkoan, N-1 eta A-15 errepideak dira kamioientzako bidesaria dutenak (orotara 76 kilometro), eta kontuan hartu behar da egunero 10.000 kamioi inguru igarotzen direla bi errepide horietan barrena.
Bizkaiak ere asteazken honetan piztu ditu arkuak N-240 eta BI-625 errepideetan eta prezio oso garestia ezarri dute, gainera. Hala ere, udaberritik aurrera, ordainpekoak izango dira Bizkaiko beste hiru bide ere: Txorierriko korridorea (Erletxe-Barakaldo), Kanpazarko bidea (Gipuzkoako mugatik Abadiñoraino) eta A-8aren zati bat (Abantotik Kantabriako mugaraino).
Araban, Batzar Nagusietan bidesariei buruzko ponentzia bat egin zuten eta martxan dauka bidesariak ezartzeko egitasmoa. Beraz, horiek ere laster jartzea aurreikusten dugu.
“Laster, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan izango ditugu garraiolariek soilik ordaindu beharreko errepideak”
Nafarroaren kasuan ere, Gobernuak pixkanaka bidesariak ezarri nahi ditu kamioien trafiko handia duten errepideetan. A-1 (N-1) autobiako bere zatiarekin hasi nahi du, Gipuzkoako mugatik Arabakora doan errepideak zati bat Nafarroan baitu, Etzegaratetik Ziordiara. 2023 amaitu aurretik ezarri nahi dute. Aurrerago, 2024an, urte hasieran A-68 autobidea (Castejon eta Cortes artean) ordainpekoa jarri nahi dute, eta urte amaieran, A-15a (Irurtzun eta Leitza artean) eta A-10a (Irurtzun eta Altsasu artean). 2026 amaieran edo 2027 hasieran, N-121 errepidea ere ordainpekoa izatea da asmoa. Laster, Hego Euskal Herriko lurralde guztietan izango ditugu garraiolariek soilik ordaindu beharreko errepideak.
Bizkaikoak berriak dira baina Gipuzkoan lehen ere izan ziren kamioilarientzat bidesariak 2018ko urtarriletik 2021eko urrira bitartean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eten egin zituen (eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi), Gipuzkoatik kanpoko garraiolarientzat diskriminatzaileak zirela adierazita. Zer dela eta orain aldaketa?
Zentzugabekeria eta arduragabekeria handia izan dela uste dugu. Bidesaria jartzea erabakiz gero hasieratik ongi egin behar da, baina abiapuntua ja txarra izan zen, jarri orduko atzera bota baitzituzten auzitegiek. Oraingo aldaketa da N-1 eta A-15 errepide osoan jarri dutela bidesaria, 76 kilometrotan, eta lehen 19 kilometro ordaintzen ziren hiru zatitan. Horretarako, Aldundiak zazpi arku jarri ditu, eta sarrera-irteera guztietan banderola bana, 108 guztira. Badirudi aldaketa horrekin funtzionatzeko moduan direla. Hala ere, eta Auzitegi Nagusiak bidesariak kentzera behartu bazuen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du hiru urte haietan kamioilariek ordaindutako bidesarien zenbatekoa itzuli.
“Oraingo aldaketa da N-1 eta A-15 errepide osoan jarri dutela bidesaria, 76 kilometrotan, eta lehen 19 kilometro ordaintzen ziren hiru zatitan. Horretarako, Aldundiak zazpi arku jarri ditu, eta sarrera-irteera guztietan banderola bana, 108 guztira”
Garraiolariek egin dute diru hori itzultzeko eskatuz inolako eskaerarik?
2018an Gipuzkoan kamioilarientzat bidesariak ezarri zirenetik, Aldundiak 40 milioi euro bildu zituen. Epaileek bidegabetzat eman bazituzten ere, Gipuzkoako Diputazioak ez du bidesarietan bildutako ezer itzuli. Hiru garraiolarik bakarrik, 2022 amaieran Donostiako epaitegi batek hiru garraiolari horien alde egin baitzuen eta Aldundia 13.000 euroko kalte ordainak ematera behartu zuen, 2018 eta 2021 artean bidesariak “bidegabeki” ordainarazi zizkietela ebatzita. Baina sententzia hori bakarrik dago. Hiru sindikatuko garraiolariek ere egin zuten administrazio eskaera baina atzera bota zuten, eta epaitegira joango dira orain. Badirudi dirua berreskuratzeko aukera bakarra epaitegietara jotzea dela, Aldundiak bestela ez duelako zentimorik itzultzen. Ez dugu ulertzen. Gaizki egin bazituzten gauzak eta arau forala epaitegiek atzera bota bazuten, normalena dirua itzultzea litzateke.
“Ez dugu ulertzen. Gaizki egin bazituzten gauzak eta arau forala epaitegiek atzera bota bazuten, normalena dirua itzultzea litzateke”
Nola funtzionatzen dute bidesarien arku berriek?
Ibilgailuak kameraz betetako arkuen azpitik igarotzen dira, geratu gabe, eta horiek aterako dituzten argazkiekin jakiten dute Aldundiek kamioi bakoitzak errepidearen zer zati erabili duen. Ordainketa, Via-T antzeko ordainketa sistema elektronikoen bitartez egin behar izaten dute ibilgailuen jabeek. Halakorik ez badute, ordainketa agindua ibilgailuaren jabearen helbidera iristen da. Ordaintzen ez duenari, berriz, isuna jarriko zaio.
Egia esan, teknologia berria izango da baina bakarrik kobratzeko balio duela dirudi, ez dirua itzultzeko. Aurretik aipatu ditudan kasuetan, Gipuzkoako Aldundiak informazio osoa izango du eta dirua informatikoki itzul zezakeen, baina oztopoak besterik ez ditu jarri. Garraiolariek banan-banan zenbatu eta apuntatu behar izan dituzte egin dituzten pasabide guztiak, zerrendatu eta erreklamazioa bidali dute. Kuriosoa da, kobratzeko balio dute teknologia horiek, baina ez dirua itzultzeko. Oso larria iruditzen zaigu eta, hala ere, tematuta jarraitzen dute bidesariak derrigor ezartzearekin.
Kamioiak herrigunetik aldentzeko eta errepide sareko konponketak eta mantentze lanak egiteko kamioilariei bidesariak ezartzea beharrezkoa dela diote Aldundiek zein Nafarroako Gobernuak.
Badakigu horretarako dirua behar dutela baina kamioilarienganako diskriminazio hutsa dela uste dugu. Gainera, Bizkaiko kasua aipatu nahiko nuke, kamioiak bigarren mailako errepideetatik autopistara bideratu nahi dituztelako. Autopista beste errepideak baino motzagoa eta egokiagoa da, baina oso garestia, 20 euroko prezioa baitu. Horregatik zirkulatzen dute kamioiek beste errepideetan barrena, aldapa eta bihurgune askokoak badira ere. Errepide horietatik kamioiak aldendu nahi badituzte, autopistetan bidesaria kentzea irtenbide hobea iruditzen zaigu, eta ez N-240 eta BI-625 errepideetan bidesari are garestiagoa jartzea. Uneoro garraiolarien kontra doaz.
“Guk dakigula ez dago Europa osoan garraiolarientzat bakarrik dagoen bidesaririk, ibilgailu guztientzat bai, baina ez kamioilarientzat bakarrik”
Deskontuak ere ezarri dituzte garraiolariei bidesariak ordaintzen laguntzeko.
Ezer gutxi egiten dute deskontuek, esku batekin 100 kendu eta beste eskuarekin 10 edo 20 itzultzen dituzte. Gehienez ere %13ko deskontuak dira, arkuetatik askotan igarotzen direnentzat eta deskonturik handienak kamioi berrienak dituztenentzat izango dira.
Administrazioen laguntzek handienei laguntzen dietela uste dugu, flota handienak dituztenei: adibidez, 1.200 euroko laguntza ematen badute kamioi bakoitzeko, gustura jasoko du dirua kamioi bakarra duen garraiolariak, baina flota handia duenarentzat dirutza izango da. Renove planak ere egiten dituzte kamioi flotak berritzeko, noski, garraiolari autonomoak 20 urtean behin berrituko du kamioia, asko pentsatuta. Aldiz, 100-200 kamioi dauzkanak urtero 10 aldatuko ditu eta kamioi berri bakoitzeko 30.000 euro ematen badituzte, urtean 300.000 euro jasoko ditu, diru asko. Deskontuen gehiengoa ere kamioi berria duenarentzat izango da, eta garraiolari autonomo askok ez dute kamioi berririk. Beti da horrela, handienei laguntzen zaie gehien.
Esango zenuke Euskal Herriko errepideetan barrena garraiatzea garestia dela?
Dudarik gabe. Guk dakigula ez dago Europa osoan garraiolarientzat bakarrik dagoen bidesaririk, ibilgailu guztientzat bai, baina ez kamioilarientzat bakarrik. Astean birritan igarotzen denarentzat gaitzerdi, baina egun bakar batean hiruzpalau aldiz bidesariaren arkutik igarotzen denak dirutza ordaindu beharko du. Egunero 50-60 euro ordainduz gero eta hilean 20 egun lan eginda, 1.200 euro dira hilean bidesarietan ordaindu beharrekoak. Horien kasuan, bezeroak ordaintzen ez badie jai dute, kamioia aparkatu beharko dute betirako. Estu dago sektorea eta zailtasun handiak ditu. Bezeroari eskatzen ibili beharra ere gogorra da, kuotak igo beharra gasolinaren prezioa igo delako eta orain bidesariak ere ordaindu egin behar dituztelako. Arazoa da bezeroarentzat, baina batez ere garraiolariarentzat.
“Estu dago sektorea eta zailtasun handiak ditu. Bezeroari eskatzen ibili beharra ere gogorra da, kuotak igo beharra gasolinaren prezioa igo delako eta orain bidesariak ere ordaindu egin behar dituztelako”
Egoera horrek ere ez du askorik lagunduko gazteak sektorera erakartzerako garaian…
Baldintzak kaskartzen joan dira urtez urte eta kezka handia eragiten digu egoerak. Garraio merkea bultzatu da eta administrazioak ez du ezer egin hori konpontzeko. Gure sindikatuan gehiengoa 55 urtetik gorakoa da eta beste asko 50 ingurukoak, gazterik ez dago. Garraiolari autonomoak galtzear daude eta desagertzen badira galdu egingo da gertuko garraio eraginkor hori. Hemen ez dago erreleborik, nahiz eta aita kamioilaria izan, seme-alabek ez dute jarraitzen sektorean. Lanbide gogorra da. Baldintzek ez dute laguntzen, huskeria irabazteko eta dirua galtzeko inork ez du lanbidea hartu nahi. Horrez gain, gogorra da kilometro asko egin behar direlako, inbertsio handia ere eskatzen du, eta ez da erreza sektorean hastea, are gutxiago gaur egungo baldintzetan. Lehen kanpoan ibiltzen ziren askok utzi egin diote bidaia luzeak egiteari eta bertan ibiltzen dira, inguruan. Huskeria bat irabazteko zergatik igaro hiru egun etxetik kanpo? Gutxi irabazteko, behintzat, etxean bazkaldu eta lo egiten dute.
Lanbide heziketa egon beharko litzatekeela uste dugu, sektorea indartu eta gazteak erakartzeko, baina baldintzak aldatu ezean, ez diogu etorkizun handirik ikusten garraiolari izateari.