Lanean mugaz gaindi: aukeren eta oztopoen artean beharrean
Bai Euskarari elkarteak 'Mugaz gaindiko lan-harremanak' foroa antolatu berri du, Ipar eta Hego Euskal Herri arteko berezitasun eta aukeretan fokua jarrita
Bi estaturen pean bizi da Euskal Herria. Hori da bere berezitasunetako bat, eta horrek eragiten du, besteak beste, Iparralde eta Hegoalderen artean lan egiteaz ari garenean mugaz gaindiko lan-harremanez aritzea. Legeak desberdinak dira, lan egiteko moduak sarritan ere. Baina aukerak ere zabaltzen ditu horrek.
Ideia hori abiapuntu hartuta, Bai Euskarari Elkarteak Mugaz gaindiko lan-harremanak jardunaldia egin du Ficoban (Irunen, Gipuzkoan), Enpresarean proiektuaren baitan. Enpresarean elkarteak sortu eta garaturiko egitasmoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, SPRIren, Laboral Kutxaren eta Orona Fundazioaren babesletzarekin. "Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatzeko" jaio zen, Ane Insua Bai Euskarai Elkarteko aholkulariak azaldu duenez. Horren baitan, enpresen eta askotariko erakundeen esperientziak partekatu ohi dituzte, eta hori izan zen, hain zuzen, hausnarketako foroaren helburua.
Topaketak administrazioaren zein enpresen ikuspegia bildu nahi izan du bi hitzaldi eta solasaldi batekin. Lehenengoa, administraziotik mugaz gaindi aritzeko dauden tresnak ezagutzeko, Marie Heguy-Urain Euroeskualdeko proiektu arduradunaren eskutik; bigarrena, lan mugikortasuna sustatzeko asmoz sorturiko Translanekin proiektuaz hitz egiteko, Beñat Irasuegi Ibarrak plazaratutakoa; eta azkena, mugaren bi aldeetan aritzen diren enpresen esperientziez hausnartzeko, Latzondo Tresnak-Berlatzeko Onintza Agirrerekin eta Antola Coopeko Pierre Bastresekin.
Administrazioaren tresnak
Egun, Euroeskualdeak zenbait laguntza eta proiektu kudeatzen ditu. Hain zuzen ere horietan jarri zuen arreta Marie Heguy-Urain Akitania Berri, Euskadi eta Nafarroak osatutako Euroeskualdeko proiektu arduradunak.
Azaldutakoaren arabera, guztira, 1,2 milioi euro inguru banatzen dituzte eragileen artean barne funtsekin. Esaterako, 500.000 euro bideratzen dituzte Euroeskualdeko hiritartasunari loturiko proiektuentzat, alegia, kirolari, kulturari, hezkuntzari... loturiko egitasmoentzat. Bakoitzak gehienez 30.000 euro bitarteko edo proiektuaren kostuaren %50eko finantzazioa jaso ahalko du. Berrikuntzari loturiko proiektuentzat, berriz, 400.000 euroko beste laguntza lerro bat dago, eta egitasmo bakoitzarentzat 75.000 euro bitarte izan ahalko da.
Euroeskualdeak zenbait laguntza eta proiektu kudeatzen ditu. [...] Azaldutakoaren arabera, guztira, 1,2 milioi euro inguru banatzen dituzte eragileen artean barne funtsekin
Horiekin batera, Empleo eta Forma naen izeneko proiektuak ere badituzte. Lehena mugaz gaindiko enplegua egituratzeko helburuarekin jaio zen, horri loturiko eragileekin. Enplegatzaile zein langileei zuzendurik dago, haien askotariko zalantzak argitzeko eta tresna baliagarria izateko. Bigarrenaren emaitza izan zen enpleguari loturiko enpresentzako informazioa biltzen duen gida.
Translanekin proiektuak, hain zuzen, Empleo du oinarri, Beñat Irasuegi Ibarra Olatu Koop ekonomia sozial eta eraldatzaileko sareko kideak adierazi zuenez, eta Poctefa bitartez garatu da. "Elkarlan proiektua da, hiru lurraldeetako eragileek aurrera eraman duguna". Ipar eta Hego Euskal Herriko langileen arteko lan mugikortasuna bultzatzeko asmoz sortu zen. Proiektuaren ardatzetako bat lana da: "lana bera enplegua baino gehiago da: lana boluntarioa, ordaintzen ez den hori guztia, ekonomia feministak aldarrikatzen duena, eta mugaz gaindi aritzeko egin behar den jarduna". Bestea, muga "ezabatzea edo lausotzea". Eta hirugarrena "elkarlan sareak zabaltzen joatea".
Beñat Irasuegi: "Askotan tresna digitalek izaten dute helburu finalista: hau egin dugu eta hau erakutsi nahi dugu. Translanekinen koeraikuntza ikuspegia dago txertatuta"
Proiektuaren abiapuntua analisi bat izan zen, mugaz gaindi lana bilatu eta lana eskaintzeko erraztasunak eskainiko zituen tresna bilakatutakoa. Euskal Herrian topatu daitezkeen baliabideak biltzen ditu, Euroeskualdeko laneratze publikoan lan egiten duten lan proposamenen agregatzailearekin, eta Moodle plataforman online formazioaren eskaintzarekin batera. Software libre bitartez garatu zuten, eta hiru hizkuntzetan topa daiteke "Proiektua pandemiak asko baldintzatu zuen: jasoketa eta tresna sortu ondoren, hura gizarteratzeko prozesuarekin batera iritsi zen pandemia. Muga bera oztopo izan zen". Orain tresna eguneratzen eta indartzen ari dira. "Askotan tresna digitalek izaten dute helburu finalista: hau egin dugu, eta hau erakutsi nahi dugu. Translanekinen koeraikuntza ikuspegia dago txertatuta".
Nahia eta premia
Translanekin proiektua aurrera ateratzeko, gako izan da bertan izandako eragileen helburua zela "mugaz gaindiko lan harremanak sustatu nahia, eta mugaz gaindi egunerokoan egiten dugun esfortzua errazten joatea". Hain zuzen, harreman horiek "trinkotzeko" tresna izan da Olatu Koopentzat.
Antola Coopen kasuan (egun Mamiaren parte dena), mugaz gaindiko lana euren bezero-zorroa zabaltzeko aukera gisa sortu zen. Informatika esparruko enpresa dira industria eta eraikuntza sektoreetara bideratuta, baina aholkugintzan ere aritzen dira. "Guk ez genuen hautatu mugaren bi aldeetan aritzea. Euskara dakitenak eta gaitasun teknikoak dituztenak guti daude. Erraz atzematen gaituzte. Bai Lapurdin, bai Gipuzkoan zenbait bezero zituen bezero batek deitu gintuen horretarako. Hots, horrela hasi gara. Guretako euskara biziki garrantzitsua izan da", nabarmendu du Pierre Bastres enpresako arduradunak.
Translanekin proiektua aurrera ateratzeko, gako izan da bertan izandako eragileen helburua zela "mugaz gaindiko lan harremanak sustatu nahia, eta mugaz gaindi egunerokoan egiten dugun esfortzua errazten joatea"
Aukera baino, kasualitatea izan zen Onintza Agirreren kasuan mugaz gaindi lanean hastea. "Gu biltegi baten bila genbiltzan. Hendaian proiektu berri bat zegoen, eta biltegia erosi genuen. Horren ondorioz, administratiboki derrigortuta geunden beste enpresa bat sortzera. Administratiboki gauzak oso bestelakoak izaten dira Iparraldean", kontatu du. Geroztik, Hondarribiako Latzondo Tresnak enpresaz gain, Hendaiako Berlatzen jabea ere bada. Bietan hotelekin, arraindegiekin, gazta enpresekin edo plater prestatuak egiten dituztenekin aritzen dira lanean, eta laneko arropa —pertsonalizatua—, guraizeak, labanak, polietirenozko taulak, ontziak eta era guztietako poltsak egiten dituzte. "Niretzat mugaz gaindi lan egitea zerbait gehigarria da, eta asko ikasten da. Gainera, agian mugaren alde baten udan ez da hainbeste lan izaten, baina bestean bai aprobetxatzen dugu".
Muga administratiboak
Mugaz gaindi lanean aritzerakoan, arazo nagusietako bat administrazioa bera izaten da. "Asko irakurri behar da, eta askotan jendeak ez dizu laguntzen, eta atez ate joan behar zara galdetzen", kexatu da Agirre. Eurak, esaterako, kontablea kontratatu zuten hasieran. "Baina mugatuak daude, esaterako, hiru hilabete baino gehiagoko kontratuetan". Bere kasuan mugaren beste aldean bizitzea beste traba bat da. "Mugaz beste bizi bazara eta Iparraldean lan egiten baduzu, administratiboki ez zara ez batekoa, ez bestekoa. Bietan ordaindu behar dituzu zergak, eta nola hala batek itzultzen dizu", gaineratu du.
Bastresen kasuan, ez du Hegoaldeko administrazioarekin gatazkarik izan. "Guk ez dugu berebiziko oztoporik izan administrazioari dagokionez, guk egiten ditugun lanekin ez baitugu harremanik —eta hainbat hobe—. Eragozpenak ez dira mota horretakoan".
Onintza Agirre: "Mugaz beste bizi bazara eta Iparraldean lan egiten baduzu, administratiboki ez zara ez batekoa, ez bestekoa. Bietan ordaindu behar dituzu zergak, eta nola hala batek itzultzen dizu"
Hizkuntza izan ohi da beste alderdi garrantzitsu bat. "Iparraldean lan egiteko ezinbestekoa da frantsesa, administratiboki zaila baita ulertzea zein kudeaketa eman behar den bestela". Gauza antzekoa gertatzen da gaztelaniarekin Hegoaldean. "Harremanak nahi baditugu zabaldu, gakoa da. Bestaldean aritzeko gosea piztu zaigu, eta gaztelania ondo menperatzea ere garrantzitsua da. Behar dugu landu eta ikasi", dio Bastresek.
Euskara ate
Irasuegik dioenez, Translanekin bezalako proiektuetan lingua franca gaztelania bilakatu ohi da, Ipar Euskal Herrian gehienek gaztelania menperatzen dutelako, Hegoaldekoek frantsesa baino gehiago, eta euskara askok ez dutelako ulertzen. "Baina ikusi dudanagatik, euskarak balio izan digu horrelako proiektuetan harreman trinkoak egiteko. Gaztelania edo frantsesaz harago, euskarak ere rol garrantzitsua joka dezake mugaz gaindiko lan harremanetan", azpimarratu du. "Lanari, kulturari edo proiektuari dagokienez ikuspegi desberdina izan arren, ohartu naiz euskaraz lan egiteko gaitasuna dugun erakundeek hurbiltasun handiagoa lortzen dugula, eta proiektuak benetan mugaz gaindikoak bihurtzen ditugula. Horregatik uste dut euskararen erabilera halako proiektuetan indartu egin beharko litzatekeela", gehitu du.
Arestian aipatu bezala, Bastresen kasuan euskarak ateak zabaldu zizkion. "Guk euskarari esker itxi dugu gure lehen kontratua. Dena itxi dugu euskaraz. Ene kideak gaztelania ez dakite. Eta Tolosakoek frantsesa gutxi. Sartu zaitezke aski barna eta sakonki teknikoan, euskaraz ñabardura txikienak ere erabilita", plazaratu du.
Pierre Bastres: "Guk euskarari esker itxi dugu gure lehen kontratua"
Hala ere, beti ez da hala izaten. Agirrek, esaterako, zailtasunak topatu ditu euskaraz aritzeko. "Mugaz bestalde nire bost bat bezero izango dira euskaldunak. Eta hasi nintzenean apenas nekien frantsesez", nabarmendu du. Askotan eskoletatik lan merkaturako saltoan euskara galdu egiten dela nabari du Latzondo Tresnakeko arduradunak, eta hori indartu beharko litzakeela iritzi du.
Bastres bat dator. Are gehiago, gazte euskaldun asko joaten ari dela, eta euskara ez dakien jende asko etortzen ari dela nabarmendu du. Entzuleetako batek, Toulousen urtetan bizitakoak, nabarmendu zuen Euskal Herrira itzulitakoan euskaraz gehiago aritzeko aukerak ikusi dituela barnealdean batez ere —ez hainbeste kostaldea—. "Guk erantzukizuna dugu, eta behar dugu mezua erein hori", esan du Bastresek. Espazio informalek horretan izan dezaketen garrantzia aipatu zen.
Plazaratutako beste ideia bat izan zen euren eremutik oso urrun ez dauden herrien ezagutza falta sumatzen dela, eta are ezagutza gutxiagoa dutela mugaz gaindikoaz. Entzuleen artean ere ikuspegi hori eskaini zuten.
Eta praktikak?
Mugaz gaindiko beste erronka bat unibertsitateetako ikasleen praktikak dira. Hain zuzen, entzuleetako batek mahai-gaineratu zuen gaia. Izan ere, Frantziar estatuan ingeniaritza ikasketak egiten dituztenek praktikak egin behar dituzte derrigorrez atzerrian, eta herrialdean bi hilabetetik gorako praktikak derrigorrez diruz ordaindu behar dira. Legeak trabak ditu.
Irasuegik adierazitakoaren arabera, "ezagutza Euskal Herrian gelditzea" erronka garrantzitsua da. Mugak, baina, zailtasunak jartzen dizkio horri, nahiz eta aukera bat izan zitekeen praktikak atzerrian egin behar izanez gero mugaren bestaldean egitea. "Une honetan badaude programak bai, noski, baina egungo enpresen ikuspegitik oso zaila egiten zaigu, eta oso aldebiko harremanetan gertatzen da. Arazoetako bat halako akordioa egiteko denbora falta da", dio. Horrekin batera, halako zerbait egiteko aukera dagoela jakitea da.
Marie Heguy-Urain: "Nik esango nuke pandemiak gauza on bat ekarri badu, ikasleen mugikortasun horiek gerturatu izana da. Pandemian nahi zen mugikortasuna etxetik hurbil, eta geroztik halako eskaerek gora egin dute. Hori seinale ona da"
Heguy-Urainek, bere aldetik, esan zuen indar "ttipiak" egiten ari direla, baina halako adibideak dituzte urtero. "Unibertsitateen arteko lankidetza estrategia ere badugu, izan ditzaten lista batzuk non enpresek ikasleak hartu ditzaketen. Dirulaguntzak unibertsitateei zabaltzea geroz eta gehiago eskatzen digute", azaldu du. Pandemiak estrategia horretan bultzada eman duela dio: "Nik esango nuke pandemiak gauza on bat ekarri badu, ikasleen mugikortasun horiek gerturatu izana da. Pandemian nahi zen mugikortasuna etxetik hurbil, eta geroztik halako eskaerek gora egin dute. Hori seinale ona da", gehitu du.
'Mugaz gaindiko lan-harremanak' foroa artikulu honen egileak aurkeztu eta moderatu zuen, EnpresaBIDEAren izenean. Erreportajea bertan jasotako ideia nagusien egokitzapena da.